Iparraldea, bihotzez

Bixente Vrignon

Argitaratua: 2010-05-31 14:46:17

Enbata, astekarietan arakatuz, erran hori atxeman nuen : « Une simple existence sentimentale ». 1978an ginen orduan, eta idazleak, erran nahi zuen, abertzaleen arteko kalapitak jakiteko Euskal Herriak zer nolako autonomi edo independentzia ukan behar zuen, bigarren mailakoak zirela, ikusiz lurralde horrek ez zuela ez eta izaera juridiko edo administratiborik.

Norbait, edo zerbaiten existentzia ukatea bortzikeri izigarria da gero, hilketa mota bat. Hegoaldean, hein batean aintzinatu da, EAE sortu baita alde batetik, Nafarroa bestalde. Iparraldean, 30 urte berantago, sentimenduzko izaera hori, besterik ez da.

Euskaldun izaitea, on da komertziorako, gasna, etxe, mozkinak, arropa eta beste saltzeko. Bainan hortan geldi. Ez da Iparraldean zenbat langabetu diren jakiteko modurik. Ez eta zenbat jendek pagatzen duen fortunako zerga. Ez da urari dagokion politikarik plantan emateko aukerarik. Ez eta euskara garatzeko politikarik.

“Nola ez ?” erranen didate batzuk, eta zer du egiten Garapen Kontseiluak? Gauza handirik ez. Ez dut probokazionerik egiten hori erranez. Garapen Kontseiluak aholkuak ematen baldin baditu, Estadoak, Akitaniak, Pirinio Atlantikoetako departamenduak, herri elkargoak, eta herri bakoitxak banan banan dituzte obratzen aholku horiek. « Euskal Herria Hitzarmen Berezia », ez da Euskal Herrian aplikatzen, ez eta Ipar Euskal Herrian ere, baizik eta Pirinio-Atlantikoetako zati batean. Hitzek zentzu bat badute, eta errealitate bat islatzen dute.

Lapurtar, baxe nafartar, zuberotarrek, ez dute euskaldun izateko paradarik ez eta partzialki ere. Haien probetxuko politikarik obratzeko ez dute paradarik ere. Sortuz gero, eskizofrenia batean bizi dira: euskalduna zirela, erraten diete famili, auzo eta herrian. Ez zira euskaldun, ez baita hemen Euskal Herririk, erraten diete frantses administrazioaren partez, handitu ta, sekulan menturatzen badira edozoin antolaketa Iparralde mailan galdegitea: futbol federazione bat, laborantxa ganbara bat, antolaketa sindikal bat, adibideak milaka biderkatzen ahalko lirateke, eta denek bizi izan ditugu behin bederen gure bizian.

Erran nahi duia edozoin antolaketa mota on dela, egoera hori aldatzeko ? Baterak luzaz du departamendu bat aldarrikatu. Erran nahi baita kuadro juridiko eta administratibo bat. Lurralde bat, marko bat, bere hautetsiekin nun gehiengo bat osatzen ahal den, eta politika bat martxan ematen. Diren muga guziekin, bainan obratzen ahal da.

90 hamarkadan, ontsa ulertu zuen galdera Dominique Voynet ministroak, lege bat eginez bakar bakarrik Iparralderako, « pays » egitura sortuz. Minimoaren minimoa. Iparraldeko sasi ezagupen bat. Hain minimoa eta, ez du sekulan estali lurralde baten aldarrikapena.

Departamenduak hil zorian direnen gero, beste etapa batera pasatu da. Batera elkarteak, lurralde kolektibitate bat du galdegiten orain. Garapen eta Hautetsien Kontseiluak « métropole » bat zuen galdatu. Daniel Poulou ministroak herrien arteko sindikata bat proposatzen die.

Goiti behera. Azken proposamen hori jendetaz trufatzea da. Sindikat baten sortzeko parada bazen azken mende erdi honetan. Ez da egina izan, ez baita posible. Ikusia izan da, euskal kulturaren alde sindikat bat sorrarazi zelarik. Orduan, ez dute sekulan Iparraldeko herri guziek parte hartu. Hauteskundeka, herri berri batzuk parte hartzen zuten, besteek joaten. Xede bakar bat bazen orduan, eta egia errateko, ez garrantzi handikoa, kultura. Pentsatzen ahal da zer litakeen beste gai batzuk entseatzen badira denen artean tratatzea, boluntario gisa.

Bigarren proposamena biziki interesgarria izan da. Interesgarria ikusteko zein mespretxuarekin (edo bederen interes gutti) tratatua den Ipar Euskal Herria. Haatik, ez da deus bide bazterrean ahantzi izan, legea zehazki aztertua, ministro eta kontaktu politikoak aktibatu, hori dena, porrot egiteko lehen itzulian, ez eta eztabaidatua izaiteko ere.

Lehenak, bere bidea eginen du. Eta gauzatuko da. Bakarrik, falta da jakitea noiz.


Komentarioak

Komentarioa idatzi