Matematikak eta literatura

Bixente Vrignon

Argitaratua: 2009-03-04 11:34:35

Beste ainitz bezala, hezitu naute eskolan xifreen errespetuan, erlijionean, hitz batez matematiken fedean. «Xifrekin ez da gezurretan ibiltzen ahal » zioten erakasleek eta egia errateko 2 + 2 beti 4 eman dute eta hortik ez da ateratzen ahal.

Nolaz fede gabe bihurtu naizen urteak pasatu ondoren matematiken apostasiko bat bihurtu naiz ere, eta maite dut, denbora pixka bat pasatu ondoren, hauteskundeen xifrak desitxuratu. Atxemaiten dira hor egi ikaragarri batzuk, bainan nolaz denek jadanik hurrengo hauteskundeetara so diren, berantegi da horien aipatzeko.

Hiru egun pasatu dira bakarrik, Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako Parlamenturako bozak gertatu direnetik eta hasi naiz xifra horien bila, nire artxiboa bazkatzeko. Ohidura hartu nuen asteleheneko egunkarien erostera helburu horren betetzeko, aldi honetan pentsatu dut, ja, XXI. mendea ontsa hasia zela eta aro modernoan sartu behar zela : ez du balio gehiago hori dena kopiatzea ordenagailura, aski da kopiatu eta kolatzea, bi minututan egina da.

Bainan oren erdi bat Interneten pasatu ondoren, gelditzen naiz buru eta zangorik gabeko zifrekin. Tartak dena kolorez, porzentaiak goiti behera, barrak, salto eta gorritzen diren zifrak ehundaka dantzan ari izan dira nire pantailan. Bainan oinarrizko daturik ez.

Zenbat jende bada, hiru herrialde horietan, bozkatzeko ahala dutenak ? Ez Eusko Jaurlaritzaren Barne ministeritzako orrian, ez prentsan (bistan dena, jadanik asteleheneko edizio guziak ezabatu dituzte webetik), nihun ez dut atxeman.

Azkenean, sareko izkin ilun batean, 2009ko urtarrilaren 12ko « instituto nacional de estadistica » horren nota bat atxeman dut informazio honekin : 1.776.006 ziren papertxo bat bozkauntzian emateko deretxoa zutenak. Eta hauetarik, zenbat xuri edo nulo bozkatu duten ? Hortan utzi ditut nire ikerketak, atxeman gabe nago oraino.

Horrekin jadanik errex da ohartzea, ez direla %31, « ari, ari, ari, Patxi lendakari » oihukatu ala xuxurlatu dutenak. Ahala hori zutenen artean %18 dira bakarrik. Bainan jende ainitz bizi da Araban, edo Bizkaian, ala Gipuzkoan, bozkatzeko deretxo hori ukan gabe. Horiek, beren egunerokotasunean, hautu politikoen pizua pairatzen edo bailatzen dute. 2.155.546 dira azken zifren arabera, ontsa arakatu baldin badut sarea. Haietarik % 15ak dute bakarrik hautu hori egin.

Ez uste izan hiru lurralde horien kasua apartekoa dela. Bistan dena, normatik kanpo gertatu da kontsulta hori, milaka hiritar ahotsik gabe utzi baitituzte eta bi nazionalismo buruz buru jotzen dutelako gero eta argiegi agertzen da.

« Herriaren sustengua lortu dut » erraten ahal dutenek gutti dira biziki munduan. Alegiaz ari dira. Beharrik, kasu ainitzetan, idei eta iritzi ez dira urtean behin bakarrik defenditzen. Borroka horiek egunerokotasun batean sartuak dira.

Salbu mintzatzeko ahala kentzen dizutelarik. Bainan hori ez da gehiago demokrazia, ez da ?


Komentarioak

Komentarioa idatzi