Ni naiz
Bixente Vrignon
Eskertu behar ditut hemen gure diputatu eta senadoreek, onartu dutenak mintzatzen dutan hizkuntza frantsesen ondare bat dela. Ez dirudi horrela, bainan horra arte, ez zen horrela. Legalki, frantsesa baizik, ez nuen beste hizkuntzarik mintzatzen ahal. Beno, bai, bistan dena ingelesez edo xinatarrez mintzatzen ahal nintzen bainan orduan kanpotiarra nintzen. Eta hori, ez da posible, nire Errepublika cartesiana honetan : nire nortasun agiriak ematen du frantsesa naizela, frantsesez aritzen naiz beraz.
Berrikitan, dena aldatu da niretako, « tokiko » hizkuntz bat mintzatzea onartua da. Onartua, erran nahi dut aukera emana dela, ofizialki orain, konstituzionalki onartua baita badirela beste hizkuntzarik frantsesa aparte. Katolikoek egin duten bezala, nire Errepublika laikoak, bere mirakuluak asmatu ditu, eta horra hor, beste bat XXI mende honetako, egun batetik biharramunera, « tokiko hizkuntzak » sortu dira.
Eta gutti balitz bezala, horiek dira frantsesen ondarea. Beno, « ondare » erratea ez du zuzen ematen errepublikazaleen Biblia bezala duten testuak erraten duena. Konstituzioak dio patrimoine erran nahi baita arbasoek utzi dituzten aberastasunak. Horra hor beste mirakulu bat : nire hizkuntza, nire famili eta herrikoena, frantses guziena da. Ber denboran, bretoindar, okzitandar ala kortsikar, nireak dira ! Kasu emazu, ez da horrelako konzeptu filosofiko bat, unibertsalismoa aipatzeko, gizon guziak anaiak girela errateko gisa. Ez, ez, ez. Ondare, horiek, frantsesenak dira, bakarrik, ez hunki !
Horra nun, mirakulu honen bidez, euskara, nire hizkuntza, Orléans-go auzo baten ondarea den, frantsesa baita, suertedun horrek. Bainan ez kanpotiar zikin batena, gaixo horiek, ez baitute horrelako zorte onik. Beha, iruindar, edo donostiar, espainiol horiek, ez dute horrelako ondarerik. Ez daitezen pentsa, jeloskeriaz, euskara haiena dutela ere, edo bestenaz, nire Errepubklikak erakutsiko die norena den ondare hori.
Jadanik burua makurtu izan behar zuen, frantsesarekin, ez da horrelakorik bi aldiz gertatuko. Konstituzioan frantsesa sartu zelarik, nire diputatu-senadore maiteek erran zuten orduan frantsesa, Errepublikarena zela. Gu denena. Bainan suitzar, quebecar edota belgikar nazkagarri horiek, jin zitzaizkigun protestaka, nolaz hizkuntz hori haiena bezala zuten haiek ere. Beste errateko molde bat atxeman izan behar zen orduan, gure ondarea partikatzeko haiekin, gerla batetik hurbil pasatu ginen orduan.
Frantsesa izateaz gain, euskaradun naizela, aizu dut, milesker diputatu jaunak, andere senodareak.
Orain, Frantzia ontsa arduratzen ahalko da patrimoine honetaz, agure zaharrek uzten dizkiguten zaharkeri horiekin egiten den bezala.
















