2011n egindakoari esker, urtats dugu biharkoa

Inaki Altuna

Argitaratua: 2011-12-31 08:21:12

Pasatako urteari so egiteko egun aproposa da gaurkoa. Beharbada, aproposena. Gaur dugu 2011ko azkena. Urtats izango dugu biharkoa. Azterketa egiteko, orain dela urtebete garai honetan espero genuena gogora ekartzea ariketa interesgarria izan daiteke.

Orduan, zehazki, ETAk beste urrats esanguratsu bat egin zezakeela bolo-bolo zebilen. Berehala etorri zen, urtarrilaren 10ean plazaratutako agirian: "Nazioarteko komunitateak egiaztatu ahalko duen su-eten iraunkor eta orokorra adieraztea erabaki du ETAk. Horixe da behin betiko konponbiderako prozesuarekiko eta konfrontazio armatuaren amaierarekiko ETAk duen konpromiso irmoa".

Prozesuari oztopoak jarri eta jarri aritzen direnek berriro ere "nahikotasun ezaren" mezua zabaldu zuten, nahiz eta ETAren erabakia Gernikako Akordiotik eta Bruselako Adierazpenetik eskatutakoa baino harago joan zen. Eskatutako su-eten iraunkorrari ETAk "orokorra" hitza gehitu zion, eta horrek esanahi berezia zuen, gerora enpresarien ordezkariei bidalitako gutunak erakutsi zuenez.

Gainera, ekinbide armatua amaitzeko borondatea ez ezik, "konpromisoa" ere azaldu zuen ETAk. Atzera bueltarik gabeko prozesu batean egon gintezkeela nabarmendu nahi izan zuen horrela.

Egiten ari ziren urratsak ez zirela nahikoa ziotenak ipurtageri geratzen ari ziren euskal jendearen aurrean, ezker abertzaleak gero eta sinesgarritasun handiagoa lortzen zuen bitartean. Gainera, ETAren urratsa, aldebakartasunetik eginda ere, ez zela pauso isolatu bat agerikoa zen. Prozesu baten logika zuen. Ondorengo hilabeteetan gertatutakoek ez dute besterik erakutsi.

Aldaketa politikoa gauzatzeko indar metaketa oso handia egin da, hauteskundeetako emaitzek argi bezain garbi azaldu dutenez. Aldi berean, legalizazioaren aldeko borroka berpiztu da, Bildurekin egindako urratsari eta Sorturekin abiarazitako apustuari esker. Orain, berriz, euskal preso politikoen egoera eta arlo horretan egin beharreko urratsak erdigune politikoan kokatzen ari dira.

Bistan da hilabeteotan urratsak, konpromisoak, aukerak, proposamenak... elkar lotuz joan direla. Nazioarteko parte-hartzeak funtsezkoa dirudi: Nazioarteko Harreman Taldeak, Egiaztatze Batzordeak eta, batez ere, Aieteko Konferentzia. Ibilbide-orri bat osatu dute. Alde ezberdinen artean kontaktuak izan direla ere esan daiteke.

ETAk GARAri eskainitako azken elkarrizketa argigarria izan zen. Nazioarteko eragileekin izandako harremanei buruz galdetuta, hauxe erantzun zuen: "Harremanak izateaz gain, nazioarteko komunitatearen aurrean konpromisoak ere hartu ditugu". GARAk hurrengo galdera ezinbestean egin behar zuen: "Eta Gobernu espainiarrarekin?". Erantzuna honakoa: "ETA eta Espainiako Gobernuaren arteko zuzeneko bilkurarik ez da egin. Hala ere, azken hilabeteotan elkarren berri izan dugula esan daiteke eta, guk dakigula, PP jakinaren gainean dago".

PSOEren Gobernuak, ordea, ez ditu oinarrizko etxeko lanak ere egin. Urtarrileko su-eten iraunkorrari bortizkeriaz eta gezurrekin erantzun zion (horren adibide dira Galdakaon eta Legorretan atxilotuek salatutako torturak eta Gobernuak ETA ekintzak prestatzen ari zela zabaldutako "albisteak"), eta azken boladan, ETAk hartutako erabaki historikoari ere petral erantzun dio.

Edonola ere, nazioartearen inplikazioak eta, batez ere, herri babesak sostengatzen dute prozesua. Euskal Herrian, indar politikoek konponbide politikoa bideratzeko elkarrizketa eta akordio dinamikaren beharra ate joka izango dute. Estatuei dagokienez, iritsi berri den Mariano Rajoyk konfrontazio armatuaren zikloa behin betiko ixteko sortu den aukera paregabea du jada ate joka.

Esan bezala, urtats izango dugu biharko eguna.


Komentarioak

Komentarioa idatzi