Aldebakartasuna izan da gakoa
Inaki Altuna
Urte garrantzitsua izan da. Inoiz garrantzirik gabeko urterik izan ote den galde dezake norbaitek, eta ez litzateke oker ibiliko. Azken hamarkadetan oso une eta garai erabakigarriak bizi izan baititugu, baina oraingoan badirudi aro aldaketa baten aurrean egon gaitezkeela. Horixe da 2010eko ibilbideari erreparatzeko orduan nabarmendu behar den lehen ezaugarria, ziklo aldaketa egiteko urrats garrantzitsuak egin baitira azkenaldian, agian inoiz ez bezala.
Ez da zalantza handirik errealitate horren eragile nagusia ezker abertzalea izan dela, egindako barne eztabaidari eta bideratutako kanpo ekimenei esker. 2009an hasitako prozesua amaitu, eta “Zutik Euskal Herria” ebazpena onartu zuen bere oinarri militanteak, estrategia eraginkor eta berrituaren oinarriak jartzeko. Segidan, Iruñean adierazpena zabaldu zuen, Altsasun plazaratutakoa sakontzeko.
Mamiari dagokionez, autodeterminazioaren bidea egitea jarri zuen erronka gisa, «euskal herritar guztien erabakitzeko eskubidea prozesu bat dela eta, aldi berean, prozesu demokratikoaren muina dela» ulertuta. Metodologiari dagokionez, berriz, aurreko negoziazio prozesuetan haustura ekarri duten eskemak gainditzeko beharra azpimarratu zuen.
Ezker abertzaleak marraztutako bide horretan, protagonismo berezia hartu zuen ETAk irailean, eraso ekintzen etenaldiaren berri eman baitzuen. Ekintzen etenaldiarekin egindako urratsa ez zela «nahikoa» esan zuten askok, baina asteek aurrera egin ahala, urrats isolatua ez zela izan egiaztatu da. Eta oso egun gutxitan, ETAk beste urrats esanguratsu bat, Bruselako eta Gernikako adierazpenek jarritako bidetik, egin dezakeela bolo-bolo dabil. Aldi berean, sortutako egoera berrian, ezker abertzaleak bere antolakuntzarako eta jarduerako lanabes bat legeztatzeko asmoa azaldu zuen azaroan.
Aldebakarreko erabakiz emandako urrats hauek guztiak beste eragile batzuetan izan dute eragina. Hiru alorretan sortu dira elkarlanerako eta konpromisorako ekimenak. Eskubide zibil eta politikoen defentsa izan da eremu horietako bat. «Adierazi EH» izan zen lehen agerpen nagusia. Ondoren, mugarri garrantzisuak izan dira (irailaren 11ko manifestazioa debekatu eta gero, urriaren 2an mobilizazio jendetsua izan zen, eta Durangoko Azokan eskubide zibil eta politikoen alde mugimendu bat eratzeko ekitaldia egin zen).
Eskubideen defentsaren eremuan ezker abertzalea legeztatzeko eta presoen eskubideak errespetatzeko eskaerak eta mobilizazioak garrantzia hartu dute 2010eko amaieran. Urrutira joan gabe, presondegietako egoera salatzeko urtarrilaren 8rako manifestazio jendetsua espero da.
Eremu independestistan ere indar metaketa esanguratsuak gauzatzen ari dira; bai arlo sozialean, Independentistak sareak ekimenaren bidez, bai arlo politikoan, ezker abertzaleak eta EAk sinatutako akordioaren bidez. Irekitako aldaketa prozesuaren ardatz gisa du ezker abertzaleak eremu hau.
Halaxe zioen Arnaldo Otegik joan den uztailean argitutarako artikulu batean: «Negoziazio eta akordio demokratikorako prozesu baten alde aktibatu behar da gizartea, eta independentismoak mugimendu politiko erabakigarria izan behar du fase honetan. ‘Trantsizioa’ zeritzan hartan EAJ erdigunean izan zen eredu autonomikoa zehazterakoan; oraingo fase politikoan –oinarri demokratikoko. ‘bigarren trantsizio’ honetan–, berriz, independentismoak ardatz bilakatzeko asmoa du, gaur egungo egitura juridiko-politikoek, gatazkari konponbidea emango dion akordio demokratikoaren bitartez, egin beharreko eraldaketa bideratzeko orduan».
Mugimendu nabarmenak izan dituen hirugarren esparrua gatazkaren konponbidearena da. Gernikako Akordioak hainbat indar biltzea lortu du. Akordio horrek aterabide osoa, integrala, eskaintzen dio gatazkari. Alor honetan oso garrantzitsua da nazioartean lortutako babesa. Bruselako Adierazpenak eskaera zehatzak egin zituen, baina, harago, bertan aritutakoek konpromisoak hartzeko prestutasuna ere agertu dute, elkarrizketa politikoari babes emateko Kontaktu Talde baten egitasmoa ere aurkeztu baitute.
Urteari egindako gainbegira honekin oso irakurketa baikorra egin daiteke. Egiari zor, egoera ez dela batere samurra esan behar da, batez ere estatuek, errepresio estrategiaren bitartez, blokeo egoerari eusten diotelako. Eraso eta gehiegikeria guztiak zerrendatuz gero, Euskal Herrian egoera zinez gogorra bizi dela nabari-nabaria da.
Aldagai positiboak indartzeko eta negatiboei aurre egiteko prozesu demokratikoan aurrera egitea da ezker abertzalearen apustua. Aldebakartasuna gako izan du: hasiera batean, egoera mugiarazteko; ondoren, lehen indar metaketak eta beste eragile batzuen urratsak errazteko; eta aurrerantzean, gero eta konpromiso eta mugimendu aldeanitz gehiago eragiteko. Indar harremana egiazko konponbidearen alde jartzeko eta presioa blokeoari eusten diotenen gainera botatzeko. Azken batean, aldebakarreko ahaleginetik konpromiso aldeanitzetara pasa behar du prozesuak.
Komentarioak
Nahia U.
2011-01-04
Guztiz ados hirekin, baina espainiarrek eta frantsesek ez al dute inolako keinurik egin behar?
















- 