Aurrekontuak gora eta aurrekontuak behera

Inaki Altuna

Argitaratua: 2011-12-07 14:06:56

Erakundeen aurrekontuak eztabaidatzeko eta onartzeko garaia da. Ohi denez. Urtero bezala. Baina, aurtengoan prozedura horrek esanahi bereziagoa du, azken bi hauteskundeetan izandako emaitzek ilegalizazioak sortutako mapa politiko faltsua hankaz gora jarri, eta errealitatea bere osotasunean agerrarazi dutelako. Horrela, maiatzeko bozketek udal eta foru gobernu berriak ekarri eta gero, erakunde horien guztien lehen aurrekontuak dira honakoak. Horrela, azaroaren 20ko hitzorduan PSEk jasotako beherakada eta PPri Euskal Herrian antzemandako ezintasuna ikusita, Patxi Lopezen Gobernuaren azkenak izan daitezke.

Irakurketa askorako parada eskaintzen du aurten aurrekontuen eztabaidak. Izan ere, honakoa ez da aurrekontuei soilik begira egiten ari den negoziazio saioa. Ez du aurreko urteetan egindakoarekin zerikusirik.

Alor ekonomikoak garrantzi handia du, izugarria, krisi gori-gorian baita, baina beste kontu batzuk ere badira tartean, Euskal Herrian ireki den aro berriari eta egoera horrek eraginda eragile guztiek beren burua birkokatzeko duten beharrari lotutakoak.

Herrialdeetako kontuei dagokienez, Bizkaia izan da afera argitzen lehenengoa. Nafarroan, jakina, aldez aurretik dago gaia itxita, UPNk eta PSNk osaturiko Gobernuak gehiengo osoa baitu Parlamentuan. Bizkaian, EAJk eta PPk hitzartutako akordioari buruz egindako irakurketak erakutsi digu joko politikoa diru publikoaren banaketa baino harago doala. Antonio Basagoitik helburua "herri honetan Bilduk edo Amaiurrek ez agintzea" dela aitortu zuen. EAJk Bizkaikoa unean uneko eta tokian tokiko akordioa izan dela esan zuen, baina ezin izan du galarazi hitzarmenak segidan beste irakurketa batzuk eragitea, orain arte, normalean, halako akordioak PSErekin egin baititu. PPk gehiengo osoa du Madrilen eta ez litzateke harritzekoa EAJk harreman gaitasuna erakutsi nahi izatea.

Bide batez, PPren eta EAJren arteko erlazio berrituak Gasteizko Gobernuaren egonkortasunari eragingo ote dion ikusteko dago. Hain zuzen, aurrekontuak bideratzeko orduan agertu dira Patxi Lopez sostengatzen duten bi bazkideen arteko tirabirak, nahiz eta ika-mika ez den azkenean liskar bilakatu, ezta gutxiagorik ere. PPkoek lehendakaria babestea gero eta neketsuago egiten zaiela esan dute, eta PSEkoek Basagoitiren alderdiak aurrekontuei aurkeztutako zuzenketak adostuak izan direla erantzun dute. Hortxe bukatu da antzezlanaren itxura osoa izan duen borrokatxoa.

Gainera, legealdiak aurrera egin ahala, normala ere bada gobernuan izan gabe gobernua babeste duen edozein alderdik tarte handiagoa hartu nahi izatea gero eta hurbilago diren hauteskundeei begira. "Profil propioa bilatzea" esaten zaio horri. PPri eta Gasteizko Gobernuari dagokienez, ordea, beste gertaera asko dago tartean: Madrilen Mariano Rajoyk lortutako gehiengo osoa, EAJrekin ireki daitekeen harreman berria, PSE-PP ezkontza ematen ari den uzta eskasa, ezker abertzalearen indartzea...

Foru erakundeetara bueltatuz, zalantza gutxi dago Araban ez dela aparteko arazorik egongo aurrekontuak onartzeko. Erantzukizunaz jokatu behar dela esango dute guztiek. Arreta Gipuzkoak bereganatuko du, eta ez soilik kontu publikoen gorabeherengatik. Bildu dago gobernuan, eta burujabetzaren aldeko indar metaketa galarazteko gogo eta premia duenik bada.

Krisi sakonena iritsi arte erakundeak gobernatzen aritu diren alderdiek Bilduren "kudeatzeko gaitasun eza"-n egin nahi dute indarra aipatu indar metaketa oztopatzeko. Bilduk erronka du, horrenbestez, herritarren aurrean halakoak gezurtatzeko eta aurrera eraman nahi duen aldaketa egingarria dela erakusteko.


Komentarioak

Komentarioa idatzi