Aurrera begirako erronkak

Inaki Altuna

Argitaratua: 2012-01-22 20:44:50

Euskal Herriak gertakari oso garrantzitsuak bizi izan ditu azkenaldian. "Historiko" hitza merezi izan dute horietako batzuek. Egoera berri bat sortu dute, horrek bere horretan arazo eta oztopo guztiak desagertzea ekarri ez badu ere. Ezta gutxiagorik ere. Azken aste honetan, atxiloketak eta Madrileko Auzitegi Nazionaleko epaiketak zein kartzela zigorrak protagonista izan ditugu berriro, aspalditik errotutako eta errotik aldatu behar den errealitatearen alde lazgarriaren adierazle. Indarkeria ez baita amaitu gure herrian.

Horrela, bada, prozesu demokratikoa deritzan horrek erronka handiak ditu datozen hilabeteotan, hasitako bideari segida emateko, irekitako aukerei hauspoa emateko, jokalekua gero eta gehiago zabaltzeko, traba eta eragozpenak gainditzeko...

Premiazko gaiak badira jada eztabaida politikoaren erdi-erdian. Urtarrilaren 7ko manifestazio jendetsuaren oihartzuna oraindik entzun daiteke. Preso eta iheslari guztiak etxeratzeko eta preso eta iheslariak egon izana eragin duten arrazoiak behin betiko desagertzeko egin beharreko bidea burutzeko urratsak egin behar dira. Pauso batzuek ez dute askorik behar. Ez, behintzat, Espainiako Konstituzioan amnistiarik ematea debekatzen duen pasartea aldatzea. Gaixo diren presoak edo zigorra bete dutenak kaleratzeko ez da halakorik behar.

Immobilismoa justifikatzeko aitzakia bila ari dira bakarren batzuk, euskal gizartearen iritziaren kontra, bertako arduradun politiko gehienen adierazpenen kontra -Patxi Lopezek berriro esan du kartzela politika aldatu behar dela-, sen onaren kontra, azken batean. Zer nahi ote dute: berriro ere guda luzetan erabiltzen diren moduko lubaki mugiezinak aitzurtzea, alde batetik bai eta bestetik ez aritzeko?

Horregatik, errepresaliatuen eremuan aurrerabideak lortu nahi dutenek ezin dute halako amarrutan erori, ez eta bai, bai eta ez. Bidea egiteko urratsak, txikiak izan arren, lehenbailehen ematea nahi dituzten eragileek iniziatiba hartu beharko dute behin eta berriro. Alferrikako ika-mikak elikatu gabe, herri gogoari adierazpidea ematea dute erronka.

Zentzu horretan ulertu beharko litzateke, adibidez, aurreko asteburuan iheslarien kolektiboak eginiko iragarpena: "Euskal herritarrek argi bezain garbi adierazi dute -azkenekoz, joan den urtarrilaren 7an Bilbon izandako manifestazio erraldoian- euskal presoen eta iheslarien etxeratzea atzera ezin daitekeen erronka dela. Iheslarien Kolektiboak ere horrela ulertu du eta, horrenbestez, bere jarduera helburu horri lotuko dio, ETAk eta gobernuek osatu beharreko mahaian adostu behar diren aterabideei babesa emanez edota aldebakartasunetik urratsak eginez, betiere konponbide prozesu integrala elikatzeko eta ahal bezain beste aurreratzeko asmoarekin".

Oro har, konponbide prozesuak betebehar garrantzitsuak ditu, eta horiei heldu beharko zaie datozen hilabeteotan, Gernikako Akordioak edota Aieteko Adierazpenak halaxe zehaztu bezala. Iheslariek aipatutako moduan, gobernuen eta ETAren arteko elkarrizketa zuzena da horietako bat. Bada ere elkarrizketa politikoan arreta jartzen hasteko garaia. Azken berriak, gertaerak eta adierazpenak ondorioen eremutik etorri badira ere, gatazkaren arrazoiei ere heldu beharko zaie garai berri honetan, indar eta eragileen arteko adostasun politikoa saiatuz. Ez da erronka erraza izango; besteak beste, hauteskunde autonomikoak uste baino lehenago izan daitezkeelako.

Alderdiak haiei begira egonda zaila izango da inolako elkarrizketarik behar bezala egituratzea, nahiz eta, paradoxikoki, hauteskunde horiek are eta nabarmenago azal dezaketen ez dagoela beste irtenbiderik guztien arteko adostasunera iristea baino.


Komentarioak

Komentarioa idatzi