Beste aro bati erantzuteko ardura

Inaki Altuna

Argitaratua: 2011-11-02 11:53:41

Astebete pasatxo da ETAk bere jarduera armatua behin betiko amaitutzat jo zuela. Denok ohartzen gara gertaerak garrantzi handia duela, izaera historikoa duela, baina, beharbada, oraindik ez dugu nahikoa tarterik urrats hori behar bezala baloratzeko. Pauso erabakigarria dela jakinda ere, ondotik etorriko denak emango digu aste honetan jazotakoaren tamaina. Erreakzioek sortu duten zalaparta ikaragarriaren erdian gaude oraindik.

Oro har, guztiak bat datoz gauza batean: aro berri bat ireki da, eta aro berri horri eutsi behar zaio. PP ez da ausartu betikoari eustera, ez behintzat beti bezain sutsu. Argitzeko dute, horratik, «zentro» deritzan horretan bere burua kokatzen duen inor ba ote dagoen etxe horretan.

AVTko bozeramaileak, telebista "ultra" horietako tertuliakideak eta Aznar -Mayor Orejarekin eta Iturgaizekin batera- dira salbuespena. Horien gehiegikeriek hurbilekoak ere gogaituko dituzte martxa horretan.

Beste aro bat badatorrela onartzea gauza bat da, eta oso bestelakoa, egoera berriari behar bezala erantzutea. Bururik gabeko oiloa dirudi zenbaitek. Argazki osoa ez dute gustuko, eta horregatik zatitzen eta eroso zaien zatia soilik agertzen saiatzen dira. Zaila dute, halere, euskal herritarren begien aurrean errealitatea ezkutatzea, itxuraldatzen ahalegintzen ari badira ere.

Nazioarteko Konferentziatik gaur arte gauza bat bederen argi bezain garbi geratu da: gatazka bat dugu, gatazka hori politikoa da, eta beronek izaera politiko horri lotutako sorburu bat eta indarkeriazko ondorio batzuk ditu. Sorburuari eta ondorioei, biei ala biei, heldu behar zaie aferak bidezko konponbide iraunkorra lortuko badu.

Argazki osoa behar bada ere, ez dago dena biribildu arte zain egon beharrik. Urratsak, aurrerapausoak, mugimenduak egitea beharrezkoa da; bai elkarrizketa politikoa bideratzeko, bai eskubide zibil eta politikoen urraketak ezabatzeko, bai zenbait egoera gordin (kartzeletan pairatzen dena da adibide garbiena) leuntzeko.

Zapateroren Gobernuak, ordea, ez duela mugimendu garrantzitsurik egingo esan du. Hemendik aurrerako lana Espainiako hurrengo Kongresu eta Gobernuari dagokiela gehitu du, hauteskundeak gertu-gertu baitira, eta hilabete gutxiren buruan Gobernu berria osatuko baita. Seguru asko, Rajoy presidente duela. Zapaterok erabilitako argudioa, lehen kolpean, logikotzat har daiteke. Halere, adore eta konpromiso eza ere ezkuta dezake.

Alde batetik, nazioarteko eragileak gora eta behera ibili direla jakinda (zalantza gutxi utzi du Nazioarteko Konferentziak), Gobernu espainolak urratsak egiteko aukera -zeharka bada ere- azaldu zuela pentsa daiteke. Eta galdera halabeharrez dator: berriro ere eskas al dabil Madril, konpromiso txikiena ere bete gabe? Ez litzateke harritzekoa. Prozesu hau egituratzeko ahaleginak eta bi egin dituztenek esperoko zuten halakorik.

Beste alde batetik, oraingoan, ezer ez egitea ez da jarrera neutroa. Kalte handia ere egin dezake ezer egiten ez duenak. Sorturen auzia eta "Parot doktrina" Auzitegi Konstituzionalean dira. Epaileek ez zuten hauteskundeak baino lehen ezer erabakitzeko asmorik. Nahikoa froga izan zuten Bilduren inguruko erabakiak sortutako kalapita ikusita. Eta gero? Nork du hori dena bideratzeko ardura? Egungo Gobernuaren erantzukizuna bistakoa da; besteak beste, berak jarri duelako Fiskaltza norabide jakin batean. Berari dagokio, beraz, norabide hori aldatzea.

Agerikoa da hain gatazka luze, gogor eta korapilatsua ez dela egun batetik bestera konponduko, eta lan handia dagoela egiteko. Egia horrek, alabaina, ezin dezake edozer justifikatu, are gutxiago inor norabide kaltegarrietan tematzea.


Komentarioak

Komentarioa idatzi