Egoera berriak eta erantzun zaharrak
Inaki Altuna
Maiatzaren 22ko hauteskundeetan Bilduk emaitza ona lor zezakeela jakina zen. Horrenbeste bagenekien denok. Halere, arrakastaren tamainak gainditu egin zituen aurreikuspenak, eta neurri horretan, ezustea ere izan zen askorentzat. Aitorpena egiteagatik: nik ez nuen inondik inora espero 300.000 bozetara iritsiko zenik koalizio berria. Lagunarteko hitz-aspertuan, hauxe nuen argudioan: «Ez zegok-eta horretarako erroldarik».
Arazoa handiagoa izan da hainbat hedabide eta arduradun politikorentzat. Ezustea eztarri zulotik behera ezin pasa baitabiltza. Erreakzio oso kaskarra izan du zenbaitek, heldutasunik gabekoa, eta hori eragina izaten ari da erakundeak osatzeko batzuk eta besteak akordio bila dabiltzan honetan ere. Mugimendu itsusiak ez ezik, kasketaldiak ere ikusten ari gara. Esate baterako, PSEk zerrendako hamargarrena -hau- tatua izan ez zena- Donostiako alkategai jarri du.
Eskuin espainola da, alabaina, adibide argigarriena. Ez da ohartu 315.000 pertsonaren iritziari eta gogoari egiten diola mespretxu. Demokraziaren kontrako anti-sistema bihurtu dira, «terrorismoaren kontrako borro- karen» aitzakiapean edozer esateko eta egiteko zigorgabetasuna lortu dutela uste baitute. Hala, adibidez, Bilduk enpresariak izutzen dituela salatu dute, konturatu gabe PPren jokabideak beldurtzen dituela euskaldun gehienak. Esanguratsua izan da enpresarien ordezkariek baieztapenok ukatu izana, ordezkari horiek, gainerako herritarrak bezalaxe, ederki ohartu baitira egoera berriak beste erantzun batzuk behar dituela.
Ez da, halere, PP erantzun zaharrekin dabilen bakarra. Bilduri «egiturazko defizitak» egotzi dizkiote, bakearen alde nahikoa ez duela erakutsi leporatu diote... Pentsatu beharko lukete, ordea, halakoak botatzean, Bilduren ordezkariei baino, Bilduri boza eman diotenei eragin diezaieketela ezinegona eta, beharbada, haserrea. Boz asko izan dira, ilusioz beterikoak. Itxaropena eta beste egoera bat etor litekeelako jaso du koalizioak halako herri babesa. Gainerako alderdiei ez zaie komeni horri guztiari purrustada egitea. Norberaren muga eta gabeziak ezkutatzearren, hainbeste jende gutxiestea oso estrategia okerra izan daiteke. Izan ere, ilusiozko boz hori hautatu dutenek, Bilduko sustatzaileei hasitako bideari jarraitzeko eskatuko dioten bezalaxe, gainerako ordezkari politikoei errespetua exijitzen diete.
Ez dute oso gustuko izango Bilduren egitasmoa aurreko mendekoa dela entzutea. Proiektu estrategikoak zalantzan jarriko omen ditu Bilduk, batik bat Gipuzkoan. Modernitatea eta demokrazia elkarren kontra jartzeak ez dirudi, bada, oso aurrerakoia. Hondakinen kudeaketak, azpiegitura handiek edota aberastasunaren banaketak eztabaida publikoa behar dute, herritarren mesedetan jartzeko eta herritarren nahia betetzeko.
Bestalde, ezkerreko independentistei kudeaketa lanerako eskarmentu falta egoztea sarkasmoa ere izan daiteke, azken urteotan zabaldu den krisi izugarriari aurre egin ezinik aritu direnen ahotan. Arlo publikoa beste modu batez kudeatzeko gogoa ere antzeman daiteke jendartean.
Nonbait, arduradun politiko askok ez dute ulertu zer gertatu den egunotan; ez dutelako ulertu, azken batean, zer pasatu den azken urteotan, aldaketarako bidea blokeoa hausten hasi denean. Horregatik, esan bezala, ohiko erantzunekin segitzen dute. Betikoan.
Bilduk, ordea, hauteskunde ondoko jardunean ere posizio berrindartu du. Araban egindako ekimena lehen adierazlea izan genuen. Maiatzaren 22an hasitakoak jarraipen oparoa izan dezake, bide berberari eta herri gogoari begiratzen jarraitzen badute.
Komentarioak
Ainhoa Senperekoa
2011-06-09
Bildu gara, orain zabaldu eta irabazi egin beharra daukagu. Geroa gurea da. Aintzina Bildu!
















- 