Elkarren kontrako bi jokabide
Inaki Altuna
Abenduaren 6an bilera egin ostean, Nazioarteko Harreman Taldeak kaleratu berri duen agiriak argi eta garbi azaldu du ez Gobernu espainolak ez frantsesak ez dutela Aieteko Konferentziaren Adierazpenak eskatutakoa bete. Publikoki azaldu nahi izan dute, eta horrek, jakina, balio berezia du. Ekinbide armatua behin betiko uzteko urratsa ETAk bete zuela, baina bi gobernuek ez diotela egoera horri behar bezala erantzun egiaztatu dute. Seguru asko, PSOEko Gobernutik gutxien-gutxieneko adierazpen bat espero zuten nazioarteko eragileek. Adostutako zerbait ere izan zitekeen, Jesus Egigurenek egin berri dituen adierazpenetatik ondoriozta daitekeenez.
Ez da, ordea, horrelakorik gertatu, eta orain Rajoyren Gobernu berriak zer egingo duen dago ikusteko. Horregatik ere bada garrantzitsua Nazioarteko Harreman Taldeak eta Aieten elkartutako pertsona ospetsuek ibilbide orria betetzeko zain dagoela gogoraraztea, Rajoyk ere hitzordu bat -hitzordu bera- duela nabarmentzeko. Egin beharreko prozesuak ez du zerotik hasi behar, bidea egiten hasia baita, eta indarra ere hartu baitzuen Aieteko Adierazpenari esker.
Edonola ere, nazioarteko eragileok ateratako argazkia (alde batekoek bete dute hitza, bestekoak ez dira mugitu) gaur egungo abagune politikoa aztertzeko ardatza dugu. Aste honetako gertakariak ere azaltzeko balio du.
Joan den asteburuan, Euskal Preso Politikoen Kolektiboak ekimen berria iragarri zuen sakabanaketa eta isolamendu politika mugiarazteko, eta haiei babesa emateko irten ziren plazara ehunka preso ohi. Urtarrileko manifestazioa gero eta hurbilago dagoen honetan, Azpeitian egindako agerraldiak presoen eta iheslarien gaiak une honetan duen garrantzia azaltzen digu.
Larunbatean, Baionan jendetza elkartu zen aterabide demokratikoa aldarrikatzeko eta Gobernu frantsesaren erantzukizuna azpimarratzeko. Jende asko eta askotarikoa izan zen bertan. PSk hain ordezkaritza zabala izatea deigarria izan zen. Beharbada inoiz ez bezala, konponbidea egituratzeko beharra indartsu piztu da Ipar Euskal Herrian, aurreko prozesuetan baino indartsuago. Aieteko Konferentziak sekulako garrantzia izan du horretan, Donostiako ekitaldiak asko eragin baitie Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoko ordezkari politikoei, eta ez soilik abertzaleei.
Aipatuta bezala: alde batetik, gauzak onera aldatu nahi dutenen, eta, beste batetik, egoera bere horretan utzi nahi dutenen edo kontrako bidean ari direnen arteko lehiak ezaugarritzen du gaur egungo egoera.
Horrela, Baionako manifestazio arrakastatsuaren biharamunean erantzun bortitza eman dute frantses agintariek. Josu Esparza atxilotu eta Espainiaratu ostean, Intza Oxandabaratz eta Julen Mujikaren bila joan dira. Ez da ezustean sortutako operazioa. Berariaz egin dute ekintza errepresiboa, konponbideak behar duen giroaren kontrako ekintza, hain zuzen ere.
Aurrera egitea helburu duen jokabidea eta immobilismoa aurrez aurre dira. Espainiako Kongresuari so egitea besterik ez dago.
Unean uneko azterketatik harago, eta azken urteotan gertatutakoa eta oraindik gertatzeko dagoena kontuan hartuta, gatazka gainditzeko eta aldaketa politikoa gauzatzeko baldintzak indartu baizik ez direla egin ondoriozta daiteke, arriskuak izugarriak izanda ere.
















