Eskubide guztiak eskuratzeko bidean

Inaki Altuna

Argitaratua: 2011-06-21 12:21:13

Hauteskunde ondoko zurrunbiloaren erdian gaude oraindik, udaletxeak osatu eta gero, orain ahaldun nagusien eta Nafarroako presidentearen izendapenaren zain. Alkatetzak banatu ziren joan den astebukaeran, eta orduan gertatutakoa ikusita, hurrengo hitzordurako bada aurreikuspen bat: Nafarroako Gobernuko presidentetza, UPNrentzat; Araba eta Bizkaikoa, EAJrentzat, eta Gipuzkoakoa, Bildurentzat.

Halere, Egibarrek esan bezala, azken unera arte itxaron beharko da, batez ere Gipuzkoakoari dagokionez. PSEkoak oso haserre daude EAJrekin, baina gorabehera galantak ikusiak ditugu lehenago ere.

Bilduk Gipuzkoako Aldundia bereganatzea gertaera garrantzitsua litzateke, bistan da. Nolanahi ere, lortutako alkatetza mordoarekin aurreikuspen hoberenak ere gainditu ditu dagoeneko. Babes herritarrari esker lortu du, babes horrek koalizioari indarra eman diolako eta bere kontrako operazioak -adibidez, ezker abertzaleari ahal bezainbeste alkatetza kentzeko Ajuria Eneko Itunaren garaian egindakoen modukoak- galarazi dituelako. PP eta PSE nahi eta ezin aritu dira. Ez dute herri onarpenik, maiatzaren 22an itxikeriaren aurka hitz egin baitzuten herritarrek bozaren bidez.

Erakundeetako botere banaketa baino harago, hauteskundeok martxan den prozesu politikoaren arabera aztertu behar dira. Prozesu horretan aurrera egiteko gogoa erakutsi dute herritarrek. Aldi berean, bidea egiteko oso garrantzitsutzat jo den legalizazioaren aldagaian urratsa egin da Bilduren parte-hartzearekin. Legalizazioa eta presoak ditugu, askoren ustetan, erronka nagusia indartzeko mugitu beharreko bi kontu zehatz.

Legalizazioan urratsa egin da, ukaezina da, baina trabak eta arazoak ez dira amaitu, ezta gutxiagorik ere. Alderdien Legea indarrean dago, eta Sorturen auzia ebatzi behar dute. Indar politikoez gainera, hainbat antolakundek eta herri mugimenduk jazarrita segitzen dute. Atxilotuak, kartzelatuak eta auzipetuak izateko mehatxupean dago lagun asko. Ehunka ordezkari politiko auzipetu dituzte urteotan, baita kartzela zigor gogorrak jaso ere. Epaiketaren zain kalean daudenak debekatua dute jardun politikoa.

Eskubide zibil eta politikoak errespetaraztea lehen mailako betebeharra da, konponbidea, normalizazio politikoa eta bakea lortu nahi badira. Eskubideok gutxieneko egoera demokratikoaren osagaiak dira, eztabaida eta akordio politikoak eraiki ahal izateko, etorkizuna eraikitzeko erabakiak euskal herritarren esku uzteko bidean.

Egunotan eskubide zibil eta politikoen defentsa nabarmentzeko bi gertaera izango dira. Gaur bertan, Aurore Martinen alde egituratutako mugimendu zabalaren erakusle, ekitaldi politiko garrantzitsua egingo dute Biarritzen. Bestalde, hil amaieran, Bateragune auzia epaituko dute Madrilen. Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Miren Zabaleta, Sonia Jacinto, Arkaitz Rodriguez, Txelui Moreno, Amaia Esnal eta Jose Manuel Serra eseriko dira aulkian.

Epaiketa horrek esanahi berezia duela bista-bistakoa da. Ezker abertzalearen oinarri sozial eta militantean gaur egungo egoera ekarri duen estrategiaren inguruko eztabaida hastear zenean egin zuten sarekada hura. Urteotako gertaerek argi bezain garbi erakutsi dutenez, aro berri bat irekitzen saiatzeagatik atxilotu zituzten. Hori baitzen beren militantzia politikoaren funtsa. Gatazka gaiztotzeko Estatuaren apustuaren seinale izan zen, eztabaida politikotik ihes eginez eta enfrentamendu hutsean murgildurik indartsu sentitzen zelako. Auzi honetan ikusi ahalko dugu berriro ere zein den bere jarrera, baina baita aldaketa politikoa bultzatu nahi duten sektore politiko eta sozialena ere. Prozesu demokratikoaren alde indar eta arrazoi gehiago pilatzeko aukera ere bada.

( Gaur8 astekarian argitaraturiko artikulua )



Komentarioak

Komentarioa idatzi