Espainiako Konstituzioak 33 urte bete ditu

Inaki Altuna

Argitaratua: 2011-12-12 17:05:10

Aste arraroa azkenekoa, euskal politikari erreparatzeko orduan. Ez soilik euskaldun askorentzat atsedena hartzeko zubia izan delako, edo Durangoko Azokaren moduko kultura gertaera batek oso oihartzun berezia hartzen duelako. Askorentzat honakoa Azokaren zubia da, beste edozein gauzaren gainetik. Aste bitxia, edonola ere, jai egunak, Espainiako Konstituzioari gorazarre egiteko jarritakoa bederen, ez baitira herri gogoari lotutako ezer ospatzeko. Azken hauteskundeek argi bezain garbi utzi dute urte hauek denak pasa eta gero Konstituzio horrek sortutako egitura juridiko-politikoak ez duela zilegitasunik lortu gure herrian.

Aste honetan, Iñaki Anasagasti senatari jeltzaleak 1977an izandako hauteskunde nagusiei (Estatu espainolean eta, horrenbestez, Hego Euskal Herrian Franco hil ondoren izandako lehenengoak; Konstituzioa bideratzeko gorteak hautatzeko egin zirenak, hain zuzen ere) egin die tartea bere blogean. Hauteskunde haietan parte-hartze handia izan zen, %80tik gorakoa Araban eta Nafarroan, eta %75tik gorakoa Bizkaian eta Gipuzkoan, nahiz eta KASek abstentziorako deia egin zuen.

Anasagastik bere garaian "Enbata"-k emandako datuak eskaintzen ditu blogean (aldizkariaren portada eta guzti). Jakina, azkenean geratu diren datu ofizialekin alderatuta zenbaki dantzarik bada, esanguratsua ez izan arren. Garai hartan ohiko bihurtuko ziren halako dantzak, hauteskunde gauak luzeak baitziren eta egunkarietako akatsak, ugariak. Eguneratutako datu ofizialek hau diote:

Araba: UCD, %30,86 (2 diputatu); PSOE, 27,57 (1); EAJ, 17,48 (1); AP, 6,38 (0); PCE, 3,14% (0). ESB eta EE ez ziren %3ra ere iritsi.

Bizkaia: EAJ, %30,92 (4 diputatu); PSOE, 25,28 (3); UCD, 16,41 (2); AP, 6,64% (1); EE, 5,43% (0); PCE, 5,39% (0). Hortik behera %3ra ere iritsi ez ziren beste alderdi eta koalizio mordoxka bat zegoen.

Gipuzkoa: EAJ, %30,94 (3 diputatu); PSOE, 28,07 (3); EE, 9,42 (1); Guipúzcoa Unida (AP), 8,16 (0); ESB, 5,48 (0); Democracia Cristiana Vasca, 5,02 (0); Demócratas Independientes Vascos, 4,68% (0); PCE, 3,63% (0). Horien ondoren, alderdi oso txikiak.

Nafarroa: UCD, %29,03 (3); PSOE, 21,17 (2); UNAI (EIA, EMK eta OIC alderdiek sortutako koalizioa), 9,47 (0); Alianza Foral Navarra (Amadeo de Marcoren alderdia, APren parekoa), 8,47 (0); Unión Autonomista de Navarra (EAJ, ESB eta ANV), 6,99 (0); Agrupación Electoral de Trabajadores (legez kanpoko ORT alderdiko hauteskunde plataforma), 5,11% (0). Hortik behera beste zazpi hautagai zerrenda; horietatik hiruk %3 baino gehiago lortu zuten.

Joan den azaroaren 20ko hauteskundeek zera diote:

Araba: PP, 26,38 (1); PSOE, 22,71 (1); Amaiur, 18,41, (1); EAJ, 18,17 (1).

Bizkaia: EAJ, 32,63 (3); PSE, 21,38 (2); Amaiur, 19,21 (2); PP, 17,71 (1).

Gipuzkoa: Amaiur, 34,81 (3); EAJ, 22,4 (2); PSE, 20,97 (1); PP, 13,72 (1).

Nafarroa: UPN/PP, 38,18 (2); PSN, 22 (1); Amaiur 14,87 (1); Geroa Bai, 12,84 (1); I-E, 5,52 (0).

Espainiako Konstituzioa ospatu nahi izan dute hilaren 6an, baina ez dirudi horretarako arrazoirik dagoenik Euskal Herrian. Hogeita hamahiru urte pasa eta gero, ez du herri atxikimendurik lortu, eta gero eta ozenagoa da aldaketa politikoaren gogoa.

Konstituzioa Euskal Herrian inposatu aurretik egindako hauteskundeen eta orain dela hilabete egindakoen emaitzen arteko konparaketatik horixe ondoriozta daiteke. Are gehiago, nazio aitortza eta erabakitzeko eskubidea barnebilduko lituzkeen estatus berri baten aldekoen indarra nabari handitu da, baita irekitako prozesuan barrena bidea egiteko ere.


Komentarioak

icon

iritz

2011-12-15

Artikulu mamitsua da eta puntu anitz aipatzen ahal dira.
Ene ustez ez da zuzena, herri-gogoa eta jendarte-gogoa nahastea. Gainera, jendarte gogoa goiti-beheti besta inposatzaileak ospatzeko inoiz ez da arrazoirik, nahiz eta iparraldean adibidez, jendeen gehiengoa azaroak 11 edo uztailak 14ren aldekoa izan, euskaldunok ez dugu deusik ospatzeko!
Agertzen diren datuek argazki oso partziala ematen dutela uste dut eta "lorpenak saltzeko" ahaleginean kokatzen dut.
Har adibidez erreferendunak eta oso bertzelako argazkia ematen dute: 1986an NATOri ezetz argi eta garbi, 2005ean aldiz, egun Amaiurren diren guziek ezetza eskatu arren, baiezkoa nagusi Europar konstituzioari.
Irakurketa desberdinak egiten ahal dira beraz nahi den datuak isolatuta hartuta.

Komentarioa idatzi