Euroagindua baldintzatzeraino

Inaki Altuna

Argitaratua: 2011-08-22 10:24:58

Ezker abertzaleak, "Fasearen eta estrategiaren argipena" txostenaren bidez, gerora Euskal Herriko egoeran sekulako eragina izan duen eztabaida bere oinarri osora ireki zuenean, errepresio estrategiari aurre egiteko beharra aipagai nagusietako bat izan zuen. Erantzun dinamika egituratu ahal izateko egindako hausnarketan, irizpide berriak azaldu ziren (adibidez, preso guztiak kartzeletatik ateratzeko helburuari heltzeko ez dela negoziazio prozesu baten amaiera arte itxaron behar).

Gogoeta orokor horretan, errepresio estrategian "borroka psikologikoak" duen garrantzia nabarmendu zuen ezker abertzaleak. Halaxe zioen aipaturiko txostenak, modu oso argigarrian: "Ito nahi gaituzte eta, gainera, itota sentiarazi nahi gaituzte, ezin litekeela ezer egin pentsa dezagun". Gainera, aipaturiko idazkian aitortu moduan, bazekien Estatuko ekinbidea ezin daitekeela bat-batean, egun batetik bestera, geldiarazi.

Hori bai, errealitate gogor hori ez dela mugiezina eta baldintza daitekeela ondorioztatu zuen. Hala zioen eztabaidaren eta egindako berrikuntza estrategikoaren oinarri izan zen txostenak: "Egia da estatuen makineria martxan jartzen denean, une horretan geldiaraztea kasik ezinezkoa dela, baina horrek ez du esan nahi erantzun politikoak eta mobilizazioek ez dutenik ezertarako balio. Aitzitik, lehenago edo geroago, apustu errepresiboaren porrota lortuko dugu horrela, lehenago ere egin dugun moduan. Nekez geldituko dugu martxan dagoen operazio bat, baina erantzun egokia emanda, operazio hori agindu dutenen apustua higatu ahal izango dugu eta, modu berean, aterabide demokratikoa defendatzen dugunon jarrera indartuko dugu".




Gogoetak gero eta esanahi sendoagoa hartu du azkenaldian. Estatuek, polizia bideekin egoskortuta, lanabes berriak asmatu dituzte azken urteotan. Euroagindua da horietako bat. Euskal herritarrak, gehienbat Estatu frantsesetik, Madrilgo auzitegira oztoporik gabe eramateko prozedura asmatu zuten Europar Batasunean onartutako bitarteko horri esker. Epaileek eskaera egite hutsa nahikoa izango zuten euskal militanteak beren aurrera ekartzeko. Jada euskaldun asko Espainiaratu dituzte horrela, eta azkenaldian beste urrats bat lortu nahi izan dute: Ipar Euskal Herriko euskal militanteak ere Espainiako Auzitegi Nazionalera eraman ahal izatea.

Batasuneko Aurore Martinen kontrako eskaera onartu zuten frantses epaitegiek, nahiz eta oraindik ez duten atxilotu. Halere, operazioa baimendu zutenek kostu politiko handia izan dute. Herri dinamika indartsua sortu da, eta sektore askotariko jendeak euroaginduaren kontrako jarrera argia erakutsi du. Euskal Herriak pairatzen duen arazoa eta arazo horrek behar duen konponbide demokratikoa gizarteratu dira, azken batean.

"Nazionalitate frantseseko" herritarrak euroaginduaren mehatxupean jartzea helburua izanik, Daniel Dergiren kontrako eskaerari bide ematea jasangarriagoa izango zela uste izan du norbaitek. Dergik berak nabarmendu zuenez, Aurore Martinekin sortutako zalapartaren ondoren, ETAko militante izandako bat jomugan jarrita euroagindua arnasberritu nahi izan dute. Ez da horrela izan. Dergiren kasuak ere elkartasuna eta mobilizazioa eragin baititu. Eta hori gutxi balitz, epaileak ez du euroagindu eskaera onartu.

Errepresio estrategiari aurre egin dakiokeela agerian geratu da, nahiz eta, berau erabat gainditzeko, irekitako prozesu politikoa aurrera eraman beharko den. Izan ere, hemengoa ez da errepresioaren kontrako borroka hutsa. Hainbeste badaki ezker abertzaleak. Daniel Dergik berak azaldu du, egunotan egindako adierazpenetan aldioro agertu baitie babesa prozesu demokratikoari eta mugimendu independentistak egindako apustuari.


Komentarioak

Komentarioa idatzi