Geometria, errealitatea azaltzeko lagungarri
Inaki Altuna
Euskal Herriko gatazkaren konponbideaz hitz egiteko orduan, irudi geometrikoak erabili izan dira behin baino gehiagotan. Errealitate politiko zein soziala eta eragileen jokabidea hiruki, lauki edo biribil batean sartzea sinplekeria galanta dela esango dute askok. Halako aniztasuna, horrenbesteko ñabardurak, hainbesteko kontraesanak nola kabituko dira, bada, bizpahiru marraren artean? Saiatzean, aldagai guztiak ezin direla irudi horien barruan kokatu konturatuko gara. Halere, geometria lagungarri izan daiteke, ez errealitatea ordezkatzeko, berau azaltzeko baizik.
Geometriarekin aritu ginen azken negoziazio saioan. Bake prozesua egiteko aukera zabaltzen hasi bezain laster, akordio baterako triangelu jakin baten hiru erpinen arteko adostasuna lortu beharko zela esan zen, ahalik eta indar eta eragile gehienen konpromisoa lortu behar baldin bazen ere. PSOE (Estatu espainoleko Gobernuko alderdia eta PSE eta PSN biltzen dituena), EAJ (abertzaletasun instituzionalaren ordezkari nagusia) eta ezker abertzalea (egungo eremu juridiko-politikoari aurre egin dion eragilea) ziren, teoria horren arabera, hiru erpinok.
Aldaketaren bidea egiteko Hego Euskal Herriko lau herrialdeetan gehiengoa bermatuko lukete. Loiolako elkarrizketak lirateke horren guztiaren isla. Hirurekin ezinezkoa izanez gero, biren arteko hitzarmena balekoa izan zitekeen, bai edo ez, eztabaidagai izan zen ondoren. Hirukia marra zuzena bihur zitekeen negoziazio lehen fasean, ezker abertzalearen eta PSOEren artean, gero akordio hori zabaltzeko. Hortxe kokatu zen azken saioa, oraintxe lau urte Europako hiriburu batean egindakoa.
ETAren eta Gobernuaren ordezkariek, alde batetik, eta PSOErenak eta Batasunarenak, beste batetik, bilerak egin zituzten leku eta egun beretan. Azken ahaleginak ez zuen arrakastarik izan, eta enfrentamendu hutsaren zikloa ireki zen berriro.
Lau urte pasa dira, eta beste aukera politiko bat sortu da. Euskal Herriko errealitateari eta etorkizunari begiratzeko orduan, geometriari hel diezaiokegu ostera ere. Lau familia politiko nagusi dakusagu. Lau horiek osatuko lukete errealitatearen laukia, eta lauki horren erpinen konpromisoak modu erabakigarrian erraztuko luke gatazkaren konponbidea.
Aitzitik, erpin horietako batzuen egoskorkeriak izugarri zailtzen du aurrera egitea. Estatuetako ezkerrari lotutako erpina, estatuetako eskuinari lotutakoa, abertzaletasun tradizionalak ordezkatzen duena eta ezker abertzalearena ditugu laurak. Hego Euskal Herriari dagokionez, lau familia horiek ordezkari nagusi bana dute (PSE-PSE, PP, EAJ eta betiko ezker abertzalea), nahiz eta -orain ere ezin sartu errealitatea irudi geometriko batean- berezitasunak badiren; adibidez, UPNk PPrekin hautsi eta gero azaldu dena.
Azken urteotan nagusitu den ilegalizazio politikak -oraindik indarrean dena, Bilduk azken minutuan bere burua presente izatea lortu duen arren- eta alderdietan gertatutako krisiek zein zatiketek lauki hori hauteskundeetan eta, ondorioz, erakundeetako ordezkaritzan behar bezala azaltzea galarazi dute.
Maiatzaren 22an, ordea, lau familia nagusiek beren indarra zenbaterainokoa den eta zenbaterainokoa izan daitekeen azaldu ahalko dute. Egoera berrian, gorantz ala beherantz doazen ikusiko da. Oso xelebrea izan da, adibidez, Batasuna ilegalizatu zuten berberek, gero, hauteskunde emaitzak aztertzeko garaian, ezker abertzaleak gero eta babes txikiagoa duela esatea. Edo Patxi Lopezen Gobernua herri borondatearen ondoriotzat aurkeztea, ehun mila lagunen boza baliogabetu eta gero.
Hauteskunde hauetan indar harremana islatuko da, eta horrek, erakundeetako ordezkaritza banaketa baino harago, irekitako prozesu politikoan izango du eragina.
















