Herritarrek emandako ikasgaiak

Inaki Altuna

Argitaratua: 2011-05-07 11:04:57

Egun oso garrantzitsua izan zen joan den ostegunekoa. Ez zen dozena bat epailek hartu beharreko erabakira mugatzen. Ikusitako irudiek eta entzundako esaldiek egoeraren argazkia eskaini zuten. Ziklo aldaketarako hasitako bidearen nondik norakoa azaldu zuten. Hamaika gauza dago nabarmentzeko. Sare sozialetan egondako uholdea ikustea besterik ez dago. Hona hemen arrapaladan egindako iruzkin gutxi batzuk:


  • Zirrarak, ilusioak, itxaropenak... balio politikoa dute. Herri gogoa indartu da oraingoan. Herri atxikimendua eta aktibazioa izango dira aldaketarako gakoak. Horrelakorik gabe, alferrikakoak dira negoziazio mahaiak, ezkutuko itunak, estratega onenaren burutazioak...

  • Estatu espainolean demokraziak auzitan segitzen du. Gehiago egon zitekeen, itxikeria indartzen duten sektoreek bultzatutako debekua azken bururaino eraman izan bazuten. Demokrazia ona da guztientzat. Espainiako agintariek plater hori gehiago dastatu beharko lukete, osteguneko salbuespena arau orokor bilakatuta.

  • Guardia Zibilak, Fiskaltzak, Estatuko Abokatutzak eta eskuin politiko eta mediatiko osoak azken minutura arte izandako jokabidea ikusita, ezin daiteke esan Bilduri alfonbra gorria jarri diotenik, ezta gutxiagorik ere. Interneteko forotan eta taberna zuloko sasi eztabaidetan, batzuetan fraseologia iraultzailez jantzita, legalizazioaren aldeko dinamika politikoa Aralarrek edo EEk egindako bidearekin konparatu dutenek mesede kaxkarra egin diote materialismo dialektikoari zein historikoari.

  • Legalizazioaren gaian asko dago egiteko. Sorturen auzia hor da eta, ezin ahantzi, Alderdien Legea indarrean dago. Indar politikoez gainera, hainbat antolakundek eta herri mugimenduk jazarriak segitzen dute. Ehunka ordezkari politiko auzipetuak daude, eta debekatua dute jardun politikoa. Milaka lagunek bere eskubideak mugatuak dituzte. 40.000ko fitxategia ba omen dago. Eskubide zibil eta politikoen aldeko borroka lehen mailako betebeharra da.

  • Ezker abertzaleak egindako estrategia berregokitzea emaitza zehatzak lortzen ari da, eta emaitza horiek prozesu oso bat elikatzen dutela begi bistakoa da.

  • Elkarlanak, indar metaketak, tradizio politiko ezberdinekoen artean aritzeak zein elkar errespetatzeak... indarra hartu dute. Bidaideak edukitzea gauza ona da, norberak esaten dituen gauza berberak esango ez dituela jakinda ere. Ez dena izatea ondokoari ezin zaiola exijitu azaltzeko, halaxe zioen Jon Idigorasek: "Bestela, Herri Batasunan genituzke".

  • Ezker abertzalea garaiz iritsi da. Hausnarketa estrategikoa egin eta urrats egokiak egin ditu, hauteskundeen zikloak ziklo aldaketa ez kaltetzeko. ETAk oso rol garrantzitsua jokatu du iraileko eta urtarrileko erabakien bidez.

  • Jakina, hasitako prozesua ez da amaitu, ezta sikiera gutxieneko baldintza demokratikoak lortzeko lehen fasea ere. Herritar askok egunotan Interneteko iruzkinetan erabilitako jakinduriak ederki azaltzen du. Hona hemen adibide bat: "Orain benetako demokraziaren bila joan behar dugu".

  • Legalizazioaren gaiarekin batera, presoen auzia ere mugitu beharko dela esan du batek baino gehiagok. Erronka hortxe dago, eta baita, ostegunekoa ikusita, errezeta ere: herri mobilizazioa, ekimen politikoak egiteko ausardia eta jende askori iristeko moduko mezua.

  • Aro berri baten barrena abiatu direnek kontuz ibili beharko dute probokazioekin.

  • Aldaketa politikoa behar da Euskal Herrian. Ez Estatuak, ez ohiko autonomismoak, ez dute zer eskaini. Independentismoa aldaketaren ardatz nagusietako bat bilaka daiteke. Bistan da boz kopuru handia lortzeak asko lagunduko liokeela orain.


Komentarioak

Komentarioa idatzi