Historia ez da errepikatzen
Inaki Altuna
Lehen aldia da ezkerreko independentistek Gipuzkoako Foru Aldundia bereganatzen dutela. Bere garaian, Herri Batasunak behin irabazi zituen Gipuzkoan foru hauteskundeak. 1991n izan zen. Boz gehien jaso zuen indarra izan arren, besteekiko aldea Bilduk orain lortutakoa baino askoz ere txikiagoa izan zen eta, hori gutxi ez-eta, Ajuria Eneko Itunaren itzala oraindik indarrean zegoen. Gainera, Leitzarango autobidearen gatazka zela-eta, ezker abertzalearen eta aipatu ituneko indarren arteko gatazkak gaina jo zuen herrialdean. Gipuzkoako erakundeek gatazka orokorrean sekulako protagonismoa hartu zuten.
Hala, gainerako alderdiek bat egin zuten HBko hautagaia ahaldun nagusia izan ez zedin. Lehen aldiz, ordura arte, indar bozkatuenak oposiziora joan behar izan zuen. Bigarren aldiz 2007ko hauteskundeetan gertatu zen. PSEk jaso zituen boz gehien, baina EAJk -hirugarren indarra, baliogabetutako bozen atzetik- ituna egitea lortu zuen, Markel Olanori gehiengo osoa emanez.
Bilduko partaide diren indarren artean, beste batek lortu zuen hauteskundeak irabaztea eta bere hautagaia ahaldun nagusi izendatzea. EAJn haustura gertatu eta gero, Eusko Alkartasuna 1987ko hauteskundeetan izan zen lehen indarra Gipuzkoan. Imanol Murua zuen hautagaia. Orduko urte gordinak ikusita, nork esango ote zuen orduan aurrez aurre muturtuta zeudenek gerora aliantzarik egin zezaketenik. Egia da, ordea, garai hartako EAko sektore oldarkorrenen ordezkari nagusiak H1! alderdian ikusi ditugula. HBri -alde handiarekin indar bozkatuena izanda ere- Hernaniko alkatetza kendu zion Joxan Rekondo dugu adibide. Askorentzat, Imanol Muruaren izaera eta ohiko aldartea oso bestelakoak ziren. Gerora ere abertzale eta konponbidearen aldeko agertu zen maiz. Zoritxarrez, «demócratas y violentos» zatiketa hartatik etorritako zurrunbiloaren erdian egotea tokatu zitzaion, bete-betean.
Ezker abertzaleak beste behin ere Aldundia eskuratzeko aukera izan zuen. Lizarra-Garaziko garaian, indar nagusia zen Gipuzkoan, zalantzarik gabe. Alabaina, abertzaleen artean irekitako lankidetzarekin oso bateragarri ez zirudien mugimendua egin zuen EAJk, EA lagun. Koalizioa osatu zuten orduantxe, gerora hamar urte iraun zituena, ezker abertzaleari bidea mozteko helburuarekin. Euskal Herritarrok-ek 105.033 boz jaso zituen, eta EAJ-EA koalizioak 130.031. Oso adierazgarriak izan ziren Roman Sudupe ahaldun nagusi jeltzaleak esandakoak. EH taldeari ez ziola Foru Ogasunaren atea inoiz irekiko bota zuen plazan. Haize aldaketa zetorren berriro.
Atzera begiratuta, historia behin eta berriro errepikatzen dela dioen topikoa horixe baino ez dela -topiko bat, alegia- esan daiteke. Gorabehera asko izan da Gipuzkoan hauteskundeen eta erakundeen osaketari dagokionez, betiere Euskal Herriko egoera politiko orokorraren eta gatazkaren garapenari estuki lotuta.
Oraingo honetan, Bilduk ia 120.000 boz lortu ditu, eta kasik 40.000ko aldea atera dio bigarrenari, EAJri. Talde sendoa du Batzar Nagusietan (22 batzarkide), bere kontrako operazio oro asko zailtzeko modukoa. Baina hori guztia bezain garrantzitsua da gauzatzen ari den ziklo historikoaren aldaketa.
Azken 30 urteotako egitura juridiko-politikoa agortuta, Ajuria Eneko Mahairen tankerako saioak gaindituta... konponbide gogoa eta aldaketa politiko zein sozialerako aukera antzeman daitezke. Giroa dago. Etsipenaren eta frustrazioaren historia buelta ez dadin ordua iritsi da.
Komentarioak
Panpi Olano
2011-06-29
Denon artean egin behar dugu indar, hau izan dadin aro berri baten hastapena. Aro horretan euskaldunok askatsuneranzko bidea xerkatu beharko dugu. Iparraldean ere, antzeko zerbait egin beharko dugu. EHbai izan dadin ezkerreko abertzaleon egiazko bilgunea.
















- 