Indar metaketa kaltetzea helburu duen kanpaina
Inaki Altuna
Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiaren kontra egin dute, horretarako bere adierazpenak erabat itxuraldatu behar izan badituzte ere. Joan den asteazkenean, GARAk berriro hitzez hitz kaleratu zuen Garitanok esandakoa. Hitz horietan ez dago egin zaizkion kritika, eraso eta biraoak justifikatzerik.
Zer pentsatu behar da, orduan? Garitanori eraso egin diotenek ez zekitela zehazki zer esan zuen -eta, besterik gabe, emandako bertsioari jarraitu diotela- edo fede txarrez aritu direla? Ez dago zalantzarik. Larunbatean kaleratutako lehen irakurketek izaera positiboa aitortu zioten ahaldun nagusiaren mezuari, "beste urrats bat" zelakoan. Hurrengo egunetan, aldiz, egunkari jakin batzuetan "albistea" behar bezala maneatu ondoren, zaparrada iritsi zen.
Kanpaina antolatuaren itxura osoa izan du. Kanpaina likitsen kiratsa zerion. Garitanoren eta, bide batez, Bilduren kontra nork botako astakeria handiena aritu dira. Odon Elorzak ere ate hori hautatu du politikaren lehen lerrorako buelta prestatzeko.
Helburu politikoa begien bistakoa da, eta ezer gutxi du ikusteko indarkeriak eragin duen oinazeari erantzun egokia emateko gogoarekin. Bilduren kontrako erasoaldirako biktimen afera erabili dute, baina, egia esan, hipokresiaz eta zinismoz beteriko adierazpenak entzun ditugu egunotan. Lakuako Gobernuak Garitanori biktimen artean berezitasunak egitea leporatu dio. Bada sarkasmoa. Euskal Herrian milaka eta milaka pertsonek jasan duten sufrimendua, oraindik jasaten duten sufrimendua, ukatzen duten berberek biktima guztiek begirune bera behar dutela diote.
Esan bezala, sortutako zalapartak beste helburu politiko bat zuen. Euskal Herrian aldaketa politikoa modu erabakigarrian baldintza dezakeen independentziaren eta burujabetasunaren aldeko indarren metaketa kaltetu nahi dute; hain zuzen ere, garai berriaren ardatz bilaka ez dadin. Bilduk hautestontzietan lortutako boz andanaren eta erakundeetan eskuratutako ordezkaritza zabalaren beldur dira. Indar bilketaren hazkundea geldiarazi nahi dute, kosta ahala kosta. Bestela, gero eta ageriagokoa izango baita egungo egitura juridiko-politikoak ez dituela euskal herritarrak asetzen eta etorkizuna parametro berrietan ireki behar dela.
EAJren jokabidea argigarria da: Martin Garitanoren kontrako kanpainan bat egin du PSOErekin eta PPrekin (antza, ahaztu egin dituzte Juan Jose Ibarretxeri eta Xabier Arzalluzi modu berean egindako kanpainak), eta, aldi berean, "erabakitzeko eskubidea" berreskuratu du bere mezuan, Espainiako Konstituzioari egingo zaion aldaketa dela-eta.
Alde batetik, beste indar abertzaleekin distantzia handitu du: dozenaka argudio eskaini ditu hauteskundeetara elkarrekin joateko egin dioten proposamena baztertu izana justifikatzeko, eta, aipatu moduan, Garitanoren kontrako oldarraldira gehitu da. Beste alde batetik, sortzen ari den egoera berriari, hitzez besterik ez bada, erantzun behar dio, euskal gizartean nagusitzen ari diren aldarrikapen politikoetatik erabat urruntzeak ahuldu egingo lukeelako.
Lizarra-Garazitik hona behin baino gehiagotan frogatu denez, EAJ mugatuta dago. Bere buruari jarritako aurrebaldintzek mugatzen dute: alde batetik, ez du orain dela 30 urte hartutako bidea zalantzan jar dezakeen ezer egingo (horixe izan zen Josu Jon Imazek 2005-2007an saiatutako konponbide ahaleginean egindako "ekarpena"); bestetik, hegemoniari eustea lehenetsiko du. Horregatik, sakoneko aldaketak azkartzeko urrats egiteko orduan galga bihurtu izan dira jelkideen buruzagiak. "Carril central" izan nahi du, horretarako Euskal Herria burujabetza ezan kokatu behar bada ere.
( Artikulu hau Gaur8 astekarian plazaratua izan da lehenik )
















