Jartzen duena eta irakurri nahi dena

Inaki Altuna

Argitaratua: 2011-01-17 13:07:30

Milaka eta milaka pertsonak irakurri dute ETAren adierazpena eta, halere, hedabide eta iritzi emaile asko agiri horretan edo Gernikako Akordioan jasotzen ez diren ustezko baieztapenen gainean egiten ari dira beren iruzkinak. Interpretazioa, jakina, libre da, baina interpretatzen dena ezin daiteke norberaren nahi edo gogoaren arabera eraldatu.

«Errealitateak ez diezazula titular on bat hondatu» portaera ez da zilegia, ohikoa izan arren. Nola liteke, adibidez, egunkari batek bere editorialean idazki baten aipu faltsuak egitea? "Deia"k hauxe zioen berean, komatxo eta guzti: «...el Acuerdo de Gernika incluía, exigía, de este alto el fuego que fuera 'definitivo e irreversible'...». Akordioan, ordea, ez dago horrelakorik, ondoko eskaera baizik: «ETAk nazioarteko komunitateak egiaztatzeko moduko su-eten iraunkorra eta aldebakarrekoa aldarrikatzea, jarduera armatua behin betiko uzteko borondatearen erakusle gisa». «Atzeraezina» kontzeptua ez da azaldu ere egiten, guztion gogoa konponbidea azken bururaino iristea izanda ere. Gernikako Akordioari bezalaxe, agiriari ere gogo berbera antzeman ahal zaio.

Bi idazki horiek alderatuta, nabarmendu beharko litzateke ETAk su-eten iraunkorrari «orokorra» hitza gehitu diola, eta horrek baduela esanahi berezi bat. Lizarra-Garazikoan, esate baterako, hainbat «zeregin» espresuki utzi zituen agiriak su-etenetik kanpo. Aldi berean, ekinbide armatuaren amaieraren gaineko aipamenari dagokionez, «borondatea» hitzaren ordez, «konpromisoa» hitza erabili nahi izan du ETAk, eta hori ere nabarmentzekoa da.

Puntu horietan, ETAren adierazpenak Gernikako Akordioak baino harago -Bruselakoarekin alderatuta, zer esanik ez- joan nahi izan duela nabaria da. Ikusi nahi duenarentzat. Beteagoa da, objektiboki. Atzera bueltarik gabeko prozesu batean gauden itxaropena izateko arrazoiak handitu baino ez dira egin aste honetan, nahiz eta batzuk albiste onak albiste txar bihurtzen saiatzen diren.

Iraileko ekintzen etenaldia iragarri orduko, amaiera datari buruzko espekulazioa hasi zen. Orduan ere albiste onak albiste txar bilakatzeko ahaleginean. Hala erantzun zuen ETAk "Gara"ri eskainitako elkarrizketan: «Norbaitek nahi al du amaiera datarik izatea? Guk, ez. ETAk konponbidean barrena egin nahi du aurrera, gero eta sakonago, Euskal Herrian egiazko egoera demokratikoa erdietsi arte».

«Aldebakarrekoa» esamoldea erabili ez izanak sortu du polemika, Gernikako testuan termino hori sartu zuen Aralar kexu agertu baita. Xelebrea ere izan da. Nolakoa da, bestela, su-etena? Aldebikoa? Gobernuarekin izandako akordio baten ondorioa? Aralarrek eztabaida gehiegi nahastu nahi izan du. Berak jakingo du zergatik. Su-etena aldebakarrekoa izan da, eta prozesu demokratikoaren garapen osoak alde anitzetakoa izan behar du. Nola irekiko dira, bestela, presondegietako ziegen sarrailak? Nola gauzatuko da alderdien arteko elkarrizketa politikoa?... Gernikako Akordioa irakurtzea baizik ez dago.

«Baldintzak» jarri nahi izatea leporatu zaio ETAri, Gernikarekin eta Bruselarekin bat eginda, konponbidearen jiteari dagokionez, bere posizio politikoa finkatu duelako. Egia da ETAk bere burua erakunde politikotzat duela eta, hortaz, oinarri eta helburu politikoak dituela. Zenbaitek horrelakorik ukatu nahi du, eta horiek egin dute indarra «baldintzen» kontu horretan. Prozesuak aurrera egitea nahi dutenek, ordea, beste nonbait jar dezakete begirada; izan ere, adierazpenak eragile sozialei eta indar politikoei aitortzen baitie protagonismo osoa. «Tutelaje» nahikeriaz eta «baldintzez» hitz egin dutenak konponbide prozesuari oztopo gehien jartzen dizkiotenak izatea nahikoa adierazgarria da, ezta?


Komentarioak

icon

Maitena

2011-01-21

Aralarren jarrera ulertzekoa da Iñaki. Beldurrak eragindako jarrera da. Prozesua aitzina joaten ikustearen beldurra. Batasunak baldintza demokratikoetan lehia politikoan parte har badezake, Aralar desagertzera kondenatua da, Batasunaren ilegalizazioak eman diolako indarra.
Maleruski bide okerra hautatu du. Bere jarrerarekin, bere heriotza siñatzen ari da. Nafarroan egiten ari denarekin adibidez, sinesgarritasun guzia galtzen ari da.

icon

lizardi

2011-01-22

Bistan da su etena aldebakarrkoa dela. Baina Estatuek ez badute urratsik ematen indarrean segituko al du? hori da Aralarrek argi utzi nahi duena.

Maitena umiltasun pixka bat, ez litzaizuke gaizki etorriko zeren ezker abertzale ofizialak azken hamar urte hauetan Aralar diskurtsoa berriz hartu baitu (bere garaian eta orain ere hamaika eta bat etzun behar izan eta gero). Militarismoa alde batera utzi duzue, orain sektarismoa eta hegemonia nahikariak ere batertzea falta zaizue... ale azken indar bat!

icon

Jokin

2011-01-22

Maitena eta Lizardi, horrelakoetan hasten zaretelarik, nazka ematen duzue. Horrela ez goaz inora. Abertzale aunitz gaude bien mezuetatik urrun. Utzi sektarismoa biek (eta zuek bezala pentsatzen dutenek) eta ekin dezaiogun elkarrekin Herri hau aurrera ateratzeko, eta etorkizun askea irabazteko. Badago zer eginik txoro-kalakan aritu beharrean.
Zuek ematen dituzuen mezu horiekin ez goaz inora. Beraz, asto gorotza bientzat.

icon

OIHANA

2011-01-22

Jokinek arrazoia du. Hemen, abertzaleon artean, inor ez dago sobera. Egin dezagun bidea elkarrekin era guztietako ika-mika horiek ahaztuz. Zabal diezaiogun leihoa askatasunari. Besarkada bana Iñaki Altunari, Maitena, Lizardi eta Jokini. Geroa gurea da.

icon

Mattin

2011-01-24

Ezker Abertzalea anitza denik ezin uka. Politika segitzen duen orok badaki hori. Egungo egunean Hegoaldean 4 adar/sentsibilitate (Batasuna ohia, Aralar, EA, Alternatiba) ditu eta Iparraldean 3 (AB, Batasuna, EA). Laburbilduz Batasuna ohia eta Aralar Hegoaldean eta Batasuna eta AB iparraldean akomeatuko direlarik Ezker Abertzale osoa bilduko lukeen indar politikoa sortuko da. Ez aitzin ordea. Bi aldeen arteko ezberdintasun nagusiak dira besteak beste :

- helburuen ardiesteko baliatzen edo gutienez onartzen diren baliabideena hau da borroka armatuarena, "gure" bortizkeriarena
- gainerateko alderdiekin aliantzak egiteko irizpide-sortarena (Nafarroan Abertzale bai bainan eskuineko alderdi batekin (EAJ) joan ? Iparraldean Ezkerreko eta BATERAzalea bai bainan Abertzalea ez den alderdi batekin (Europe-Ecologie-les Verts) joan ?
- hiru erabaki eremuaren (EAE/Nafarroa/Iparraldea) printzipioarena (printzipio erraiten dut praktikan denek onartzen baitute) eta ondorioz erritmo ezberdinen onartzearena
- mugimenduaren estrategiak eta taktikak finkatzeko tenorean gardentasun osoz jokatzea eta pertsona bat boz bat printzipioa praktikatzea.

4 gai horier buruzko ikusmoldeak ez dira mirakuluz hurbilduko, luzaz mintzatu beharko da eta hein guzietan (zuzendaritzen zein oinarrien artean). Ikuspegiak hurbiltzea, bateratzea beharrezkoa denik gutik dute zalantzan ezartzen. Has diten, has giten.

P.S : sentsibilitate bateko batek beste sentsibilitateko ikusmoldeak, hautuak, jarrerak publikoki kritikatzen dituelarik (hemen bezala) beste sentsibilitatekoak arrapostua emaiterat bortxatuak dira, ez balute egiten bien artean ibiltzen direnek arrazoia mintzatu denari emanen luketeelako segur aski. Beraz 2 proposamen inozo alegiazko bateratze bat errexteko :
- bere sentsibilitatea partekatzen dutenek kritika dezatela lehen harria botatu duen hori.
- bien artean ibiltzen direnek oroitaraz dezatela elkarlana edo gutienez eraso eza baitezpadakoa dela.

icon

iker

2011-01-24

"- hiru erabaki eremuaren (EAE/Nafarroa/Iparraldea) printzipioarena (printzipio erraiten dut praktikan denek onartzen baitute) eta ondorioz erritmo ezberdinen onartzearena"

Barkatu Mattin, baina, nork ez du erritmo ezberdinak behar direnik? Badut irudipena 30 urte berantan ibilki zirela.

Bestalde, biziki polita da "denak batera joan behar gira" diskurtsoa, baina, momentu baten buruan erabakiak hartzeko momentua heltzen da eta orduan ikusten da "denak batera" ezin girela joan.

AB sortu zenean hori zen proiektua "abertzaleen batasuna". Zein proiekturekin? nora joateko? Abertzale guziak autobus berdinean sartu ginen baina batzuk eskuin joan nahi zuten, besteek ezker, batzuk bi ttipietatik joan nahi zuten, besteek nazionaletik...
Batasuna atera zen, Autonomia Eraiki osatu zuen beste sektore bat atera zen eta orain ere argi eta garbi ikusten da bi sektore bateraezin badirela ABren baitan.

Ni ez naiz hasiko onak eta txarrak bereizten. Bakoitzak egin behar du bere hautua. Baina eskatzen dudana da egiten diren hautuak publikoki asumitzea, gezurrik ez erratea.

Ildo horretan, Nafarroan gertatzen ari dena ez zait batere gustatzen, zinez!

icon

Erreformistekin kokoteraino

2011-01-24

Mattin, noiztik EA eta Alternatiba Ezker Abertzalearen parte dira ?
(AB eta Aralar aipatu gabe)

Deia neretzat ez dutela deus ezkerretik.
Ta Batasunak egunero guttiago.

Ale, gora demokrazia, gora Maitia ta Egiguren.

icon

Panpi

2011-01-24

Oilotegia nahasirik delarik, erbinudea nagusi.
Ez al zaigu hori gertatzen ari?

icon

Mattin

2011-01-25

Iker, erritmo ezberdinen beharra denek onartzen badugu hainbat hobe. Barkatu nire beranta.
Haatik hiru erabaki eremuarena denek berdin ulertzen dugun dudak baditut. Nik uste NaBai Nafarroako bigarren indarra bilakatu bada da hein haundi batean Nafarzalea delakotz eta hango hauteslegoak hala ikusten duelakotz. Koalizioa Abertzalea izanik ere argi eta garbi uzten du Nafartarrek dutela azken hitza ukanen. Horri esker dute PSN baino boz gehiago eskuratu eta horri esker dute azken urteetako UPN-ren hegemonia kolokan ezarri. Auzi horri buruz gehiago jakin nahi duenak Aingeru Epalza-k idatzi "bezperaren bezpera" irakurtu dezala.

Akort naiz zurekin erraiteko Abertzale guziak ezin girela hauteskundeetarat "denak batera" joan. Munduko gainerateko lurralde kasik guzietan bezala eta Europako erresuma guzietan bezala ezkerra/eskuina bereizketa beharrezkoa da. Adibidez eskuineko eta ezkerreko zerga politikak uztartezinak dira eta eskuarkiago gai sozioekonomikoetan ikuspegi ezkontezinak.

Akort naiz ere erraiteko hautuak publikoki asumitu behar direla. Nor ez da ados ?

Erreformistekin kokoteraino, norbait aurkezten bada erranez ezkerrekoa dela ni ez naiz nehore erraiteko gezurra dela. AB-k bezala EA-k bere webgunean "parti de gauche" ezartzen du. EA-k Alternatibak eta Batasunako ohikoek "Euskal Herria Ezkerretik" akordioa sinatu berria dute. Bestalde Alternatiba bezalako mugimendu bat ez bada ezkerrekoa Euskal Herrian ezkertiar guti izan behar da. Aralar "ezkerroa eta abertzale" gisa aurkezten da. Huna zendako indar politiko horiek Ezker Abertzalearen eremuan kokatzen dituztan hau da Ezkertiarrak eta Abertzaleak diren jende multzoan.

Maitia eta Egigurenen aipamenak azken mezuan aipatzen nuen aliantzen irizpide-sortarenaren auzirat eramaiten gaitu. Euskal Herriko eremu ezkertiar eta abertzaleenean ere, hau da Gipuzkoan ere, Ezkertiar eta Abertzaleen multzoa gehiengo absolututik urrun da (nunbait han %35 azken inkestaren arabera) beraz aginte makila hartu nahi badu beharko du beste norbaitekin aliatu edo gutienez parioa egin PSE eta EAJ ez direla elgar akomeatuko. Bizkaian, nun 10 bozkatzaileetatik 4ek baino gehiagok EAJ-ko bozka papera hautesontzian ezartzen duten, zer ? Nafarroan, nun UPN jaun eta jabe den, zer ? Iparraldeko Herriko Etxe nagusietan (Baiona, Angelu, Biarritz, Hendaia, D. Lohizune, Uztaritze e.a) aliantzarik gabeko garaipena noizko zuen ustez ?

Bihar berdin ez bainan egungo egunean aginte makila hartu nahi dutenentzat aliantzak beharrezkoak dira. Aliantzak egiteko irizpide-sorta argi bat, funtsezko aldarrikapenak eta negoziagarriak diren punduak berexiz, oraino beharrezkoagoa.

Bururatzeko beste erresumetan bezala Euskal Herrian ere aginte makila hartzeko gogorik ez dutenek badira eta beste lekuetan bezala zilegi da. Ikerrek erraiten duen bezala "Ni ez naiz hasiko onak eta txarrak bereizten. Bakoitzak egin behar du bere hautua. Baina eskatzen dudana da egiten diren hautuak publikoki asumitzea, gezurrik ez erratea".

Besarkada bat deneri



icon

Erreformistekin kokoteraino

2011-01-25

Ezker Abertzalea : Euskal Nazio Askapenerako Mugimendua, ENAM/MLNV.

Justu xehetasuna bat, EA bederen sozial-demokrata gisa definitzen da...

Zurekin ados naiz puntu batean : gaur egun Aralar, EA, Alternatiba, AB eta Batasuna (ta Ezker Abertzale "tradizionalaren" beste erakundeen parte bat) ber "ezkerran" sartzen ahal ditugu. Hots, Batasunaren zuzendaritzaren ildoak gutti duela benetako ezkerretik, ta dena sozial-demokraziatik.

Maitia aipatu dut, bere alderdiak arazorik gabe sustengatzen duelako EHBai-en hautagaia Iholdiko kantonamenduan. Ez dakit zuretzat PSFak zerbait duen ezkerretik (eta abertzaletasunetik), baina sustengu honek (nahiz eta kantoi bakar batean izan, nahiz-eta EA ta AB izan), eta EHBai-ek eskatu eta onartu izanak bereziki, inketatu behar gintuzke !
PSFaren eta EHBaien (eta ondorioz AB, EA eta Batasunaren) ideologien konpatibilate bat erakusten du...

Artikulu honen gaiari, "prozesu demokratikoa", gehiago helduz, zuk diozunan arazoa argi agertzen da : dena hauteskundeen (eta legalitatearen) prismatik ikustea.
Eta sinestea egiazko boterea hauteskundeetan irabazten dela.

Orain arte, hauteskundeak borroka alor bat, helburu taktiko bat, baizik ez baziren beste askoren artean, orai arrunt nagusi eta zentralak bihurtu dira. Hegoaldean Batasuna uko guzientzako prest agertu da heldu direnetan presente izateko : Alderdien Legearen onartzea, bortizkeria guzien kondenatzea, Estatuak inposatutako sistema "demokratiko" kapitalistaren zilegitasun eta normaltasunaren onartzea.
Ta Egiguren aipatu dut, ezker abertzalearen ildo ofizial berriarekin arrunt pozik delako, eta Otegiren lagun pertsonala, bere hitzetan !, delako...

icon

Mattin

2011-01-26

Egia hauteskundeak borroka alor bat baizik ez dela eta badirela beste ainitz. Oroitaraztea inportantea da. Hauteskundeetan eskuratu sustenguak gauzak aitzinatzeko errexten duen zilegitasuna emaiten du. Ez da guti hala ere.

Euskal Abertzaletasunak bere osotasunean erabaki eremuaren auzia ez duela oraino trenkatua pentsatzen segitzen dute Nafartar euskaldun batzuek : http://www.noticiasdenavarra.com/2011/01/25/opinion/columnistas/mugatik/upn-tiene-razon

icon

Maitena

2011-01-26

ta zer diozue hontaz?

http://berria.info/albisteak/47186/aralarrek_eta_eajk_nabaitik_kanpo_ikusten_dute_ea.htm

icon

Mattin

2011-01-26

Ez dela normala ezkerreko alderdi bat eskuineko alderdi batekin joaitea. Greba orokorra bezperan oraino anormalagoa.

Alternatibak, EA-k, Batasunak eta Aralarrek Hego Euskal Herrian bihar antolatua den grebarat deitu dute. Alternatibak entzun nahi duenari errepikatzen du Euskal Herriko Ezker indartsu bat osatu behar dela eta hala gertatuz geroz ez lukeela bizirik irauteko arrazoinik. Aralarrek behin eta berriz errepikatzen du eremu Ezkertiar eta Abertzale bakar bat osatu behar dela. Batasunak eta EA-k elkarlan hitzarmenak luma higatzeraino izenpetzen dituzte. Bateratzea ondoko hilabeteetan gauzatuko den ala ez ez dakit bainan orain ez bada egiten luze gabe eginen da.

Komentarioa idatzi