Kokatuko ote dute beren burua garai berrian?
Inaki Altuna
Abiadura politiko handiko asteak bizitzen ari gara. Berri asko. Batzuk onerako eta beste batzuk kalterako, baina denek ere mugimendu politiko handia dagoela erakusten dute. Gainera, hauteskundeak aurreratu izanak denbora tartea ederki asko murriztu du, eta badirudi hilabete dezente beharko lukeen ibilbidea aste gutxitan egin behar dela orain. Behintzat, oinarrizko mugarri batzuk jarri behar omen dira.
Ez dirudi, halere, Euskal Preso Politikoen Kolektiboak plazaratutako agiria denborak behartuta etorri denik, kartzeletan egosten diren kontuek bere erritmo propioa behar izaten dute-eta. Gernikako Akordioak urtebete egin berri du, eta urte horretan presoen ordezkariek eta akordioaren sustatzaileek izandako harremanak, prozesuaren zein egoera politikoaren garapenarekin batera, ekarri du kolektiboaren agiria, sekulako oihartzuna izan duen agiria.
Bistan da albiste garrantzitsua izan dela, baina nabarmentzekoa da hedabideek eta bozeramaile poli- tikoek are eta garrantzi handiagoa eman diotela presoek Gernikako Akordioa sinatu izanari. Beharbada, itxikerian eta immobilismoan murgildurik dauden hedabide eta bozeramaile horiek beren zepoan erori dira. Presoen eremua gotorlekutzat aurkeztu dute, ezker abertzalean kontraesanak eragiteko asmoz. Azkenean, beraiek eman diote garrantzi berezia sinadurari, Euskal Preso Politikoen Kolektiboak gatazka politikoa eta armatua gainditzeko inoiz egin den proposamen osatuena babestea erabat logikoa den arren.
Logikoa, eta esanguratsua, Euskal Herrian abian den prozesuaren egoeraren erakusle delako. Egoera politikoa astintzeko eta, bide batez, prozesu demokratikoari bultzada emateko urratsa egin dute presoek, eta urratsak berehala izan du eragina. Hala sentitu du gizarteak. Horregatik xelebrea ere bada Euskal Preso Politikoen Kolektiboa eragilea den ala ez eztabaidatzea.
Egiaztatze Batzordea aurkeztu izana beste pauso bat izan da. Halako agerraldi batek isilpean lan asko egin dela azaltzen du. Egituratzen ari den prozesu demokratikoa ez da bat-batean jaiotako perretxikoa.
Egiaztatze Batzordea ez da ofiziala, Gobernu espainolak ez duelako horrela onartu nahi izan. Halere, aste honetako aurkezpena ikusita, hauxe ondoriozta daiteke: Batzordeari bere garapena ez duela oztopatuko jakinarazi dio Zapateroren Gobernuak, hala erabaki duelako edo beste aukerarik geratu ez zaiolako. Azken negoziazio prozesua amaitu eta gero, aldebiko akordioari ihes egin nahi izan dio beti Madrilek, baina, agian, beste formula bat (aldebakartasun adostua) gara zitekeela frogatzen dute modu honetako berriek. Esan bezala, egunotan gertatutako gauza asko ezingo ziren ulertu ere egin aldez aurretik sukaldeko lan handia egon ez balitz.
Zoritxarrez, gogoz heldu izan bazitzaion sekulako uzta emana izango zukeen aldebakartasun adostu horretan aritzeko hankamotz dabil PSOE. Ahapeka entzun denez, PSEko ordezkaritza bat Egiaztatze Batzordeak eginiko bilkurara joatekotan zen, baina azken unean atzera egin zuen. Hankamotz hasi zuen Patxi Lopez lehendakariak ere Legebiltzarrean politika orokorreko eztabaida. Azken aste honetako berrien ondoren, bere lehen hitz-hartzean argiago hitz egingo zuela zabaldu zen. Halere, ñabardura gehiegi egin zizkion esaldi bakoitzari, une historikoaren garrantziari iskin eginez.
Galdera bati erantzun behar diote argiki: garai berri bat hasi baldin bada, garai berri horretan bere burua kokatzeko eta horren arabera jarduteko prest al daude? Irekitako beste aro honetan buru-belarri murgiltzea, horixe da agintarien aldetik espero dena. Bien bitartean, eman ditzatela pausoak, "ez nahikoak" izan arren.
( Artikuku hau aitzinetik "Gaur8" astekarian plazaratua izan da )
Komentarioak
Eneko Aierbe
2011-10-03
Espainol eta frantsesen eskutik deus gutti itxaro dezakegu. Nazioarteak behar dezake, baina oraingoz ez dago horrelakorik.
Hala eta guztiz ere, bide berria ikaragarri ona da euskaldunontzat, aukera berria ematen baitigu gure gazteak egiazko baloreetan formatzeko. Hortik aterako diren belaunaldiek Euskal Herria askatasunerantz eramanen dute.
















- 