Konferentzia ez da bat-batean sortu
Inaki Altuna
Nazioarteko Konferentzia izango da astelehenean Donostian. Albistea aste honetan zabaldu da, eta, bide batez, azken hilabete eta urteetan egindako lanaren sendotasuna eta sakontasuna erakutsi du. Ez, konferentzia ez da bat-batean azaldu. Ez, udaberriko zizak ez dira, ezustean, udazkenean irten. Azken urteotan egituratzen ari den prozesuaren ondorioa da, eta, gerora uzta izango duelako, lanabesa ere bada.
Aldebakarreko erabakiz eta aldebakarreko jardueraz hasi zen egituratzen prozesu demokratikoa. Ezker abertzaleak hasi zuen, eta bide horretan ETAk urrats esanguratsuak egin ditu. Erabakigarriak. Bestela, euskal jendartean ez zen piztu den guztia piztuko. Bestela, nazioarteko eragileek ez lukete hartutako konpromisoa hartuko. Konferentzia bera dugu erakusle.
Aldebakarreko erabakiz bideratutako ekimen sortak bi hartzaile nagusi horiek zituen; hain zuzen ere, euskal gizartea eta nazioarteko komunitatea. Estatuek betikoan jarraitzen zuten, errepresio eta ukapenaren bidez. 2005-2007ko prozesuaren ondotik, gainera, bazirudien ezarritako blokeoak beren posizioa gero eta gehiago indartzen zuela. Horrenbestez, blokeo hori hausten ez saiatzeak eta konfrontazio hutsaren ziklo luze batean sartzeak azken hamarkadatan aldaketa politikoa gauzatu ahal izateko egindako lan guztia eta sortutako baldintzak -egungo egitura juridiko-politikoaren agortzea eta erabakitzeko eskubidearen bidetik abiatzeko herri gogoa- pikutara bota zitzaketen.
Ezker abertzalearen hizkeran "askapen prozesua" deritzanari jarraipena eman ahal izateko, ezkerreko independentistek ezinbestean hartu behar izan zuten estrategia berria, baina horrek ez du esan nahi hautu txarra zenik. Ibil zitekeen hortik barrena. Ibiltzeaz gainera, helmugetara iristeko bidea ere badela frogatzen ari dira, gero eta nabarmenago.
Izan ere, blokeoak pitzatzen hasiak dira azkenaldian, nahiz eta itxikeriak lagun gehiegi dituen (Ibon Iparragirreren egoera hortxe dago). Nahiz eta zenbaitek ez dakien bere burua kokatzen. Adierazgarria izan zen, esate baterako, espainiar prentsak konferentziaren iragarpena bera hainbeste ezkutatu nahi izana. Ez ikusiarena egin zuten. Patxi Lopez ere lekuz kanpo azaldu da. Antza, bere inguruko norbaitek ez dio datozen gertaeren gainean behar beste informazio ematen. Kezkatuta beharko lukete egon, are gehiago Rubalcabari iragartzen dioten porrotaren ostean alderdiari geratuko zaion erreferentzia bakarretakoa Lopez izango dela uste badute. Oraingoan ere ez du lidergo handirik erakutsi.
Halere, azkenean, PSEk mugimendua egin du, ordezkaritza ofiziala bidaltzea erabakita. EAJren jokabidea ere aipagarria da. Hainbeste adierazpen entzunda, konferentziaren antolatzailea ere badela ematen du. Hainbat hobe. Arazoak eta trabak jartzen ibiltzea baino askoz ere hobe.
Konferentzia oso garrantzitsua da, bistan da, baina garrantzitsuagoa izan daiteke ekar dezakeen ondorengoa. ETAri zuzenduko zaiola diote. Zalantzarik ez, baina konferentziak, bakegintzako lanabesa izan nahi badu, gauza gehiago esango ditu, gatazkaren konponbidearen arrastotik. Ea horrek urrats berriak ekar ditzakeen, alde guztiek egin beharko lituzketen urratsak.
Halere, arazoak eta oztopoak ez dira faltako. Zoritxarrez. Aurreko asteetan zenbaitek PPn ere ñabardura batzuk ikusi badituzte ere, mezu gogorrari, muturrekoari, eusten dio. Alfonso Alonsoren azken purrustada dugu horren adibide. Hauteskundeen ondotik PPren gobernua etorriko dela duda gutxi dago. Konferentziak bultzatuta etorri beharko luketen urratsak geldiarazi edo geldotu ditzake gobernu berriak, baina bistan da konferentziarik gabe ez legokeela zer gelditu edo geldotu.
















