Konpromiso osoa azaldu du ETAk
Inaki Altuna
GARAk elkarrizketa luzea eta zabala egin dio ETAri. Ekinbide armatua behin betiko utzi duela iragarri ostean, bistan da halako elkarrizketa batek duen garrantzia. Agiria adierazpen publikoa izan zen; oraingo honetan, berriz, ETAk azalpenak eman nahi izan ditu, modu eta era ezberdinetakoak, ikuspuntu askotatik, mezua hartzaile ezberdinei zuzenduta. Barruko sentipenaz hitz egiteaz gainera, ezker abertzaleari, euskal gizarteari eta nazioarteko komunitateari mintzatu zaie. Baita Gobernu espainolari eta frantsesari ere, horien jarrera ez dela batere fidagarria jakinda ere.
Konponbidearekiko konpromiso oso-osoa azaldu nahi izan du, erabakiaren funtsa azaldu eta gero. Ziklo berri bat ireki beharra zegoen gaurko egitura juridiko-politikoa gainditzeko eta aldaketa gauzatu ahal izateko, horretarako baldintzak sortuak zirenez. Hala dio ETAk. Ziklo berria irekitzeko aurrekoa itxi beharra zegoen, bide berriaren sinesgarritasuna gako izanik, eta horrek denak zuzen-zuzenean eragiten zion borroka armatuari. Izan ere, erakunde iraultzailearen erabakia ez da Nazioarteko Konferentziak egindako eskaerari emandako erantzun hutsa. Izaera sakonagoa du, estrategia independentistaren etorkizuneko arrastoa finkatu baitu. Estrategia politiko-militarra estrategia politiko huts bilakatzeko igarobidea egin du.
Erabaki historikoa benetan, ETAren sorreraren beraren eta erreforma frankistarekin sortutako egoera zela-eta borroka armatuari eusteko hautuaren parekoa. Hiru horiek izan dira ETAren historian erabakirik garrantzitsuenak, elkarrizketan bertan aitortzen dutenez. Une jakin batean borroka armatua egitea erabaki zuen erakunde politikotzat du bere burua.
Oraingoa, horrenbestez, ez da erabaki isolatua. Erakunde iraultzaileak ibilbide batean kokatu du, bere huts eta akats guztiekin. Eta, egia esan, elkarrizketan aipatzen dituen une horietan guztietan, 52 urteotan, ETAren ibilbidea, nortasuna eta izaera agerian geratu da. Ezaguna da, antzeman daiteke. Bai borroka armatuari ekin zionean, bai amaiera ematea erabaki duenean, beti ETA ikusi dugu.
Horregatik, seguru asko, ETA infernura kondenatu nahi dutenek aurkituko dituzte elkarrizketan esaldiak erakundeari egurra emateko eta bere fede ona zalantzan jartzeko. Betikoa betikotzeko ahaleginean dihardu batek baino gehiagok. Halere, elkarrizketa konpromisoz beterik dago, behar den guztiari eusteko eta urratsak egiteko borondatez betea. "ETAk erabateko konpromisoa du konponbide prozesuarekin", nabarmendu du berak.
Gatazkaren ondorioak behar bezala itxi nahi badira, ariketa oso bat egin behar dela jakitun da ETA: "Gatazka behin betiko konpondu behar da, bere osotasunean, indarkeria oro gaindituz eta gatazkaren erroei helduz. Hori da egiazko bake egoera iraunkorra sortzeko eta gatazkak sufrimendu gehiago eragingo ez duela bermatzeko bide bakarra".
Eta gobernuek zer diote? Ardura handia dute. Hortxe dakusagu oraintxe prozesuaren garapenak izan ditzakeen arazo, zalantza eta arrisku handienak; alegia, agintarien borondate ezean edota arinkerian. Ez dute, bada, presoen gaiari buruz esan duten moduan, desarmea ere modu indibidualean tratatu nahiko, ezta? Elkarrizketa zuzena eta osoa ondorio denak ahalik eta modurik txukunenean gainditzeko erarik egokiena da, bai ikuspuntu politikotik, baita teknikotik ere.
Arazo eta oztopo guztien gainetik, ETAren elkarrizketak uzten duen mezu argia da: guztia jarri du prozesuaren alde, prozesua jada egituratzen ari da eta herri atxikimendua izango da bere berme bakarra.
Komentarioak
Gartxot Etxenike
2011-11-15
ETAk dena jarri du prozesuaren alde, orain euskal herritar xumeok bultzatu behar dugu bakeaz eta elkartasunaz independentzia erdiesteko. Eta denok dakigu, baita gure etsaiek ere, hurrengo hamarkadetan lortuko dugula.
Katti
2011-11-20
Ados, ETA-k bere konpromiso osoa adierazi du, eta besteek? hau da, espainolek eta frantsesek?
Horiengandik ezin dugu deus itxaro.
















- 