Kutxa Bank, Nafarroako zuloa eta presoak
Inaki Altuna
Bilduk BBK, Kutxa eta Vitaleko presidenteekin lorturiko akordioak hautsak harrotu ditu. Bilduk berak zabaldutako lehen informazioa laburbilduz, honakoak lirateke akordioan lortutako aurrerapenak: alde batetik, pribatizazioari ateak ixtea lortu dute; beste alde batetik, aurreko egitasmoan Gizarte Ekintza hiru urterako baino ez zuten bermatu, eta orain, akordio berriari esker, mugarik gabe mantenduko da eta irabazien %30 jasoko du; eta, azkenik, langileen auzian, entitate berriak negoziazio esparruaren arloan langileen erabakia onartzeko konpromisoa hartuko du.
Ez dirudi huskeria. Gainera, akordioaren mamiaz gain, Bilduk akordioa erdietsi izanak ere garrantzi handia izan du. Sorpresa ere eragin du albisteak, oro har, positibotzat hartu den albisteak. Bilduri gobernurako eta erakundeen kudeaketarako gaitasun eza egotzi zioten. Paradoxikoki, urte hauetan erakundeetan zulo ederrak sortu dituztenek leporatu zioten eskarmentu falta. Kutxa Bank sortzeko lortutako akordiori esker, ordea, Bilduk aurreiritzi horiek uxatu ditu. Ez dizkiote edozein gobernuk merezi dituen ehun egunak eman, baina ehun egun baino gutxiago behar izan ditu sortu nahi zioten estereotipoa apurtzeko.
EAJ, PSE eta PP ohartu dira horretaz. Eta kezkatu egin dira. Horregatik saiatu dira albistearen biharamunean, akordioak Bilduri emandako ospe ona ikusi eta gero, koalizioak egindakoa gutxiesten. Ez dira sinesgarri; indar politikoetatik kanpo, eragile guztiek nabarmendu baitute gertatutakoaren garrantzia, kasu gehienetan balorazio positiboa eginez.
ELA izan da kritikoena. Bere hitzen atzean zer dagoen aztertu beharko da patxadaz. Zalantza hauxe da, hots, bere jarrera soilik bankua sortzeko proiektuari lotutako eztabaidari ote dagokion edo aspaldi honetan sindikatuak indartu duen bakartzeari ote dagokion. Nolanahi ere, fusioaren auzitik at, oso agerikoa da ELA ez dela indarrez parte hartzen ari Euskal Herrian irekitzen ari den garai berrian.
Erakundeen egoerak eta hauteskundeak hain hurbil izateak beste berririk eskaini du. Roberto Jimenez PSNko buruak galanta jakinarazi du. Nafarroako Gobernuko kutxan ez dago sosik. 600 milioi euroko zuloak Zaintza Intentsiboetako Unitatera eraman du foru ogasuna. Nonbait, Barcinak PPrekin egindako itunak uste baino lehenago eragin du liskarra gobernukideen artean. Halaxe dago kontua: PSN asaldatuta dago administrazioaren egoera ekonomikoarekin, urtero-urtero, Parlamentuan aurrekontuak onartzeko orduan, UPNren sostengu nagusia izan dela ahaztuta; UPNk PSN morroitzat hartu du, bai baitaki Jimenezek, hauteskunde giroko zalapartak zalaparta, ez duela Gobernua hautsiko; PPk eta UPNk atzo arteko haserrealdia ahaztu, eta elkarrekin doaz hauteskundeetara, Nafarroa hauteskunde-barruti bat baino askoz ere gehiago dela erakutsita.
Berri eta mugimendu asko dago gurean, ez soilik erakundeetan. Euskal preso politikoen eskubideen aldeko aldarrikapenak indarrez bueltatu dira Donostiako kaleetara. Ez da gertaera isolatu bat izango. Madrilera Gernikako Akordioak egindako bidaiak esanahi berezia izan dezake, gaiari merezi duen arreta eman nahi izanaren beste seinale bat baita. Seguru asko presoek lehen pertsonan hitz egiteko ordua ere iritsi da.
( Artikulua hau aitzinetik Gaur8 astekari euskaldunean argitaratua izan da )
















