Lurrikara politikoa ekarri duen bidea

Inaki Altuna

Argitaratua: 2011-02-11 13:10:14

Ezkerreko abertzaleen elkargunea izango den alderdi berriaren aurkezpena eta gertaera horrek sortutako erreakzioak ikusita, proiektu independentistak aldaketa politikorako potentzialtasun handia duela ageri-agerian geratu da. Borroka armatua proiektu horren asimilazioa ekiditeko antidotoa zela uste izan du ezker abertzalean batek baino gehiagok denbora luzez, eta beharbada halaxe izan da zenbait garai historikotan, frankismoaren erreformaren operazio politikoari aurre egiteko orduan, adibidez.

Halere, azken bi urteotako ibilbideak emandakoarekin ezin liteke esan burututako estrategia berregokitzapenak aldaketa politiko eta soziala gauzatu nahi duen mugimendua otzandu duenik. Aitzitik, lurrikara politiko sakona eragin du ezker abertzaleak, barne eztabaidari eta kanpo ekimenei esker. Orain dela bi urte pasatxo zokoratuta gelditzeko arriskuan ere ikusi genuen.

Ez da, ordea, blokeo egoeran usteldu, eta hori gutxi ez-eta, egoera arras ezberdina sortzeko aukera erein du. Nortasunik gabe asimilatua ez izateko edo eraginik gabe bazterrean ez geratzeko antidotorik onena proiektu politikoa bera dela egiaztatu dute.

Ez zen erraza izango, are gutxiago Euskalduna jauregian indar politiko berriaren aurkezpena egin zuten lagunentzat. Ez zen erraza izango azken ekimen politiko hau egiteko egin eta esan behar izan dituzten zenbait gauza eztarri zulotik pasatzea.

Eztabaida ideologiko luzea egin daiteke horri guztiari jira-bueltaka, herri zapalduen defentsa eskubideari buruz edo Estatu espainolaren izaera ez demokratikoari eta zilegitasun ezari buruz, esate baterako.

Gaur-gaurkoz, alabaina, erresistentzia hutsetik harago, helburu politikoak erdiesteko jaio zen ezker abertzalearentzat, ikuspuntu politikoak izan behar du nagusi, eta “Zutik Euskal Herria” ebazpenak nazio-askapen prozesua deritzan horren garapenaz egindako balorazioan aurkitzen dugu gakoa.

Ebazpenak, besteak beste, aurrekari hauxe jarri zuen lehenik: «Orain dela 50 urte Euskal Herria hilzorian zegoen eta denbora tarte honetan, borrokari esker, Euskal Estatua eratzeko aukera irekitzeraino ibilbidea egin dugu. Orain, Francoren heriotzaren gerorako diseinatutako operazio politikoa –Euskal Herria asimilatzea helburu zuena– gainditu eta gero, marko demokratikoa eraikitzeko helburua duen aro berriaren atarian gaude».

Horiek horrela, ondorio honetara iritsi zen ezker abertzalearen militantzia eta oinarri soziala: «Hamarkadotako lana, esfortzua eta borrokaren bidez zabaldutako ate hori zeharkatu eta aldaketa politikoa gauzatzea da orain erronka. Badago horretarako nahikoa baldintza. Baldintza horiek probestuz aldaketa gauzatuko duen estrategia eraginkorra zehaztean datza gakoa».

GARAri emandako azken elkarrizketan klarki azaldu zuen Arnaldo Otegik berak eztabaidaren mamia. Ezkerreko independentistek Lizarra-Garazitik hona aurrez aurre izan duten ekuazioa argitu beharra zeukaten: aldaketarako baldintza politiko eta sozialak lortuak badira, zein izan behar da aldaketa hori gauzatzeko bidea? Ez da izan, ez behintzat nagusiki, errepresioak eragindako eztabaida. Ez da printzipioen gainekoa izan, helburu estrategikoei eta egindako ibilbidearen azterketari, eztabaida txostenean autokritika oso garrantzitsua eginda ere, eutsi baitzaie. Estrategiaren gaineko eztabaida politikoa izan da.

Beste modu batean ere azal daiteke, akaso zakarrago: aukera politikoa sortuta, nork daki zeren izenean aldaketa politikoa gauzatzeko ahalegina ez egitea ez liokete barkatuko ezker abertzaleari. Ez Espainiako agintari, auzitegi eta enparauek, euskal herritarrek baizik. Horiei hitza emana die ezker abertzaleak, “Zutik Euskal Herria” ebazpenaren bidez: «Ez diogu gure herriari huts egingo».


Komentarioak

Komentarioa idatzi