Muin politikoa agertzen duten adierazpenak

Inaki Altuna

Argitaratua: 2011-08-07 12:55:40

Ostegunean itxi ohi da, salbuespenak salbuespen, GAUR8 astekaria, larunbatean GARArekin batera kioskora iristeko. Aurreko astean, abuztua ate joka zetorrela-eta, informazio jarioa behera egiten ari zela nabarmendu genuen "Asteari zeharka begira" atal honetan, jakinda, halere, beti izan daitekeela azken uneko notiziaren bat. Halaxe gertatu zen ostiralean bertan, Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako presidenteak Estatuko hauteskunde nagusien aurrerapena iragarri zuenean.

Hauteskunde horiek, bistan da, garrantzi handia izan dezakete Euskal Herrian sortutako egoera politiko berriari begira; besteak beste, aldaketa politikoa ekarri nahi dutenek indar metaketa zabaltzeko eta indar harremana konponbidearen aldera ekartzeko aukera paregabea izango baitute. Herritarren eta nazioarteko eragileen begien aurrean konponbide demokratikoak duen indarra eta atxikimendua oso zabala dela ageri-agerian utz dezakete. Aldi berean, Espainiako hurrengo gobernua gatazkari aterabidea emateko dinamikaren ikuspuntutik baldintzatzea ere bada helburu.

Are gehiago, konponbide demokratikoaren aldetik ez ezik, proiektu estrategikoen gaineko eztabaidaren ikuspuntutik ere aukera ederra eskain dezakete hauteskundeok. Sektore independentistek, eta, oro har, burujabetzaren aldeko indarrek, jarrita dute jada erronka. Esanguratsuak izan dira, zentzu horretan, Alfredo Perez Rubalcaba PSOEko hautagai nagusiak esandakoak, independentistei bataila hautestontzietan irabazteko deia egin berri baitu.

Hautu estrategikoa zehazteko bidean, gaur egungo egitura juridiko-politikoaren aldaketaren beharrari buruzko aipamena ere plazaratu da. Iņigo Urkulluk aldaketa hori datorren legealdian egin behar dela esan zuen.

Horrenbestez, ondorioztatu beharko da ezker abertzaleak egindako estrategia berritzeak gatazkaren muin politikoa azalarazi duela, gero eta nabarmenago.

Halaxe gaude abuztu honetan. Informazioak behera egin du, baina albiste garrantzitsuak ez dira falta; batez ere, Estatu espainola dar-dar jarri duen krisi ekonomikoari lotutakoak. Arlo politikoan, berriz, hedabideen aurreko adierazpenak ditugu albiste. Rubalcabak eta Urkulluk egindakoak dira adibide.
Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak egindakoek ere zalaparta sortu dute, Estatuko hedabideak bazterrak nahasteko gogoarekin ari baitira Bilduri dagokion guztiarekin. Lupa ez ezik, distortsioaren bozgorailua ere jarrita dute. Ez da gaurko kontua. 1989ko elkarrizketa batean -eman zuen azkenekoan- horrela azaldu zuen Josu Muguruzak fenomeno hori: "Edozer dela HBk esaten duena, nahiz eta Vienako Haur Kantariek abesturiko salmo bat baino finagoa eta aingerutarragoa izan, rock gogor-gogortzat hartzen dute, orrotzat hartzen ez dutenean".

Hala aurkeztu nahi izan dituzte Garitanoren adierazpenak, bere hitzak gatazka eta sufrimendua gainditzeko dinamikan baizik uler ez badaitezke ere. Zer esan nahi du, bestela, "bakoitzak eragindako minari buruz gogoeta egiteko eguna helduko da" esaldiak? Munduko edozein gatazkatan halako zerbait entzutea positibotzat joko lukete hedabide espainolek, baina, aldiz, Euskal Herrian, ez. Izan ere, hemen, oraindik, indarkerian oinarrituta dagoen Estatuaren estrategia defendatzen dute.

Alabaina, ezker abertzalearen mezua harrera ona izaten ari da euskal herritarren artean. Euskal jendarteak hobera egin nahi baitu. Konponbidea, aldaketa, urratsak egitea positibotzat jotzen baititu. Gatazkaren luzapenari eta immobilismoari eusten diotenek jai daukate Euskal Herrian, sekulako bozgorailu mediatikoak izanda ere.

( Gaur8 astekarian plazaraturiko artikulua )


Komentarioak

Komentarioa idatzi