Prozesu politikoaren mesedetan

Inaki Altuna

Argitaratua: 2011-05-27 17:36:30

Asteari zeharka begiratzen hasita, hauteskundeak dira ezinbestean hizpide. Halere, hainbat gai daude aztertzeko. Igandean bazirudien emaitzei bueltaka ariko ginela aste osoan, baina segidan erakundeetan gehiengoak lortzeko itunen gaineko gorabeherak etorri dira. Ez nolanahikoak. Dela emaitzen azterketa egiteko, dela itunei buruzko analisiari eusteko, azken egunotan gertatu dena Euskal Herrian hasitako aro politiko berrian kokatu beharra dago. Udal eta foru hauteskundeen eguna baino zerbait gehiago izan zen igandekoa, abian den prozesu politikoaren garapen indartsuaren isla, hain zuzen ere. Jesus Egigurenek presoen gaia, egiaztatze batzordea eta «ibilbide orria» aipatuz eginiko adierazpenek horixe azaldu dute.

Prozesu politikoaren egituraketari lotuta begiratu behar zaie igandeko emaitzei, eta hauteskundeen ondorengo itunen gaineko proposamenak, iritziak, bilerak eta dena delakoak ere aldaketa politikoa egin nahi dutenen eta blokeoari eutsi nahi diotenen arteko borroka sakonaren arabera aztertu behar dira.

Minuturo ditugu berriak, eremu politikoa bor-bor baitago. Horregatik, beharbada, atzetik aurrera so egin behar diogu egoerari. Lehenik eta behin, azkenaldian gertatutakoa ez dela kasualitatea izan, ez dela fenomeno meteorologiko bat izan nabarmendu beharko litzateke. Ezker abertzaleak duela bi urte baino gehiago hasitako hausnarketaren eta martxan jarritako estrategia eraberrituaren ondorioak ikusten ari gara. Azken egunotan posta elektronikoz zabaltzen ari da berriro ere -nirera bederen iritsi da- "Arnaldo Otegi: La izquierda abertzale no nació para resistir. Nacimos para ganar" bideoa. Ondoko mezua honekin dator: «Estrategia hura eta egindako lana uzta ematen hasia dela gogoratzeko eta ikusteko, besterik ez. Ahaztu gabe oraindik asko dagoela egiteko. Gora gu ta gutarrak!». Otegik 2009ko erdialdera, Anaitasunan egindako ekitaldi batean, bota zuen bideoan azaltzen den diskurtsoa, nahiz eta bozeramaile abertzaleak 2004an Anoetan egindako hitzaldiaren zatiak ere jaso. Erabat argigarriak dira bere hitzak ezker abertzaleak orain arte egindakoa eta aurrerantzean egin nahi duen ibilbidearen nondik norakoa ulertzeko.

Bilduk lortutako emaitzak, bestalde, azken urteetan eraikitako gezurra hankaz gora bota du. Errealitate asmatua sortu nahi izan dute Euskal Herrian, ezkerreko independentismoak gero eta babes txikiagoa zuela eta PP-PSOE itunek gizarte babesa zutela irudikatuz. Birtualak izanagatik, halako hologramak oso kaltegarriak izan daitezke, etsipena sor baitezakete. Horregatik zuen ezker abertzaleak behar-beharrezko, hil ala biziko, aldaketa politikorako baldintzak eta masa kritikoa aktibatzea. Aipatu bideoan, baldintza horiek lortuak zirela esan zuen Arnaldo Otegik, baina Estatuak, neurri handi batean, ezker abertzaleko estrategia blokeatzea lortu zuela. Horregatik birformulatu behar zuen.

Aldaketa abiarazteko eta aldaketa horrek norabide zehatz bat eduki dezan -proiektu politiko guztiak egingarri izateko-, independentziaren eta burujabetzaren aldeko indarrek ardatz bilakatu behar zuten, eta neurri batean horixe lortu dute hauteskundeotan, oraindik egiteko asko badute ere. Kontrako norabidean, aldaketa ezari eutsi nahi izan diotenek emaitza kaskarrak izan dituzte. Hau ez da Espainia. Hemen kontua ez da PPk garaile izan dela eta PSOEk behera egin duela. Ez dira horiek aldagaiak. Euskal Herrian aldaketak jaso du babesa, blokeoa sostengatzen dutenen kaltetan. Prozesu demokratikoaren aldeko apustuak herri babesa lortu du. Horixe da behar zuena, beste edozer baino gehiago.


Komentarioak

Komentarioa idatzi