Udaletxeetan, lehen hitzordua

Inaki Altuna

Argitaratua: 2011-06-11 17:59:45

Larunbat honetan osatuko dira Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroa Garaiko udalbatzak, eta bertan izendatuko dituzte alkateak. Ondoren etorriko da lehenengo hiru lurraldeen batzar nagusien eta Nafarroako Parlamentuaren osaketa. Akordioak gora eta akordioak behera aritu gara azkenaldian, indar politiko guztien adierazpen ugarien artean. Norberaren posizioa indartu eta arerioarena higatu asmoz aritu dira.

Proposamen zehatzak izan dira batzuetan: PPk eta PSOEk Bilduren kontrako ituna egitea eskaini diote EAJri. Beste batzuetan, di-da, mugimendu ausartak egin dira: PPArabako Aldundira iristea galarazteko Xabier Agirreri boza emateko hartutako erabakia berehala plazaratu zuen Bilduk. Lehenago saiatutako aukerak ere mahairatu dira:PSNri Nafarroako Gobernua aldatzeko eskaintza egin zaio berriro. Anbiguotasun neurtuarekin ari da bakarren bat: Bilduren kontrako akordioetan parte hartuko ez duela esan arren, bere burua aurkeztuz, itun horretan lagun izango lituzkeen beste bi indarrei koalizioari hainbat ate ixteko aukera eman die EAJk.

Eta nora ezean aritu denik ere izan da: PSEk Donostian mugimendu baldar eta bitxiak egin ditu, eta Gipuzkoako ahaldun nagusi izateko hautagaiarekin ere ustekabeko mugimendua egin berri du. Aste bukaera honetakoa da horrek guztiak zer ekarriko duen ikusteko lehen hitzordua.

Udal eta foru erakundeei begira akordio osorik ez dagoenez, bi prozesu garatzen ari dira: bata herriei dagokie; bigarrena, segidan emango dena, herrialdeetako erakundeei. Beste kontu bat izango da udaletan gertatutakoak zer erraztu eta zer zaildu dezakeen batzar nagusien eta Nafarroako Parlamentuaren txanda iritsiko denerako. Halere, bien arteko tartean sorpresarik izan daiteke. Duela lau urte Nafarroan gertatutakoa gogoratzea besterik ez dago. PSNk eta NaBaik akordio egin zuten zenbait udal eskuratzeko, baina, Nafarroako Gobernua hautatzeko orduan, estatu arrazoia gailendu zen.




Udalen eraketari dagokionez, esan beharko litzateke indar politiko guztiek gaur arte esandakoa beteko balitz (EAJk bere hautagaien alde egingo duela esan du eta PSEk, berriz, alkatetza jakin batzuk lortzen ez baditu jeltzaleak ez dituela babestuko), Donostiako alkatea Bilduko Juan Karlos Izagirre izango litzateke, Iruñekoa UPNko Enrique Maya, Gasteizkoa PPko Javier Maroto eta Bilbokoa -hemen ez dago zalantza askorik- gehiengo osoa duen Iñaki Azkuna jeltzalea.

Alderdien irizpide orokorrak gorabehera, tokian tokiko berezitasunek zeresan handia izan dezakete alkateak aukeratzerakoan eta gobernu taldeak osatzerakoan. Arreta berezia sortu du, esate baterako, Lasarte-Oriak. Ez da, horratik, dantzan dagoen leku bakarra. Herri bakoitzean zerrenda bozkatuenak alkatetza eskuratzeko eskubidea aldarrikatu badu ere, zenbaitetan gainontzeko alderdiek gehiengo osoak eratuko dituzte.

Halere, nabarmendu behar da sistematikoki zerrenda bozkatuena zalantzan jartzeko aukera bi kasutan plazaratu dela. Bata, aldaketa ekartzeko. Nafarroan, UPNgobernuetatik kanporatzeko, bere burua aurrerakoitzat jotzen duten indarren arteko aliantza batez hitz egin da, nahiz eta, berriro ere, badirudien PSNren jokabideak ez duela horrelakorik ahalbidetuko.

Zerrenda bozkatuenari -berezitasunetatik at, orokorrean- alkatetza kentzeko beste proposamena Bilduren kontra egin da, PPren eta PSOEren ahotik. Rubalcaba ahalguztidunak dei berezia egin du horretarako. UPNrekin ez bezala, aldaketa galarazteko saioa litzateke honakoa, Bildurena aukera berria baita, oraintxe osatu dena beste egoera bat sortzeko asmoz. Hauteskundeetan izandako arrakastaren gakoa hortxe izan du, eta ez dago itunik garaipen politiko hori ezkutatuko duenik.


( Gaur8 astekarian plazaraturiko artikulua)


Komentarioak

icon

Joseba

2011-06-11

Zorion zuri,Donostia! Azkenean, ongi erakutsi duzu Gipuzkoak merezi duen hiriburua zarela, gipuzkoarra, euskalduna, abertzalea eta aurrerakoia.
Ñoñoxtiarrak eta horrelakoak zabaldu dituztenek bi aldiz pentsatu beharko dute orain horrelako arinkeriak bota aurretik.
BILDU, ZABALDU ETA IRABAZI, horixe da euskaldunok egin behar duguna. Independentzia gure zain dago.

icon

Ines Gantzarain

2011-06-13

Agur Odon eta bere piperpotoa. Haizeak eraman ditzala biak.
Gora Donostia eta gora Bildu!
Hauxe da abertzaleok hainbeste urtetan itxaron dugu unea. Bil gaitezen eta irabaz dezagun.

Komentarioa idatzi