2009

Ione Josie

Argitaratua: 2009-02-02 21:29:53

2009. Urte berri bat. Desberdina ote ? Aurreko urtea bukatu bezain ilun hasi da aurtengoa, krisia ezpain guzietan dagoen hitza dugu, krisia ekonomikoa noski, baita instituzionala, Gas-atik Gazara, bakea ere auzitan ikusteko aukera ukan dugu, kasik, auzia bertan behera utzi baita, azkenean berri on bat datorkigu ?

Guk, ziurrenik lanean segitu beharko dugu, euskalgintzak mobilizatzen jarraitu beharko du, berri on bakarra da, alde horretatik, hutsunerik, langaberizik ez dela egongo… 2008an frantses Legebiltzarrak « eskualdeko hizkuntzen » aipua erantsi zuen Konstituzioan. Askok urrats « historiko » bezala kontsideratu bazuten ere, argi gelditu zen, eskubide berririk ez zuela sortuko, hizkuntzari estatus berezirik ez zitzaiola eskainiko eta nazioarteko estandarrak ez zirela berretsiko, hots, « berdintasunaren » izenean, diskriminatzen jarraituko zela.

Aipuarekin batera, lan talde batek lege baten lanketa abiatu behar zuen, 2009an, bozkatuko zen lege bat hain zuzen ere, kontseilu konstituzionalak 2. artikulua indarrean dela argudiatuz atzera botatzen ez badu behintzat edota ministerio aldaketekin egitasmoa bertan behera gelditzen ez bada. Gaur egun, guzia hipotetikoa gelditzen da, ez baitakigu zer epetan aurkeztuko den, ezta zer mailatakoa izanen den, hau da, euskalgintzako eragileak asetzeko modukoa izanen den.

Lehenik eta behin, lege horrek, hizkuntza guttiagotuei estatus egokia eskaini behar liokeela berretsi nahi nuke- iaz bezala, aurten ere, nere hitzak errepikatuz joango direla sumatzen dut, papagaio baten antzera, mea culpa, horrela da, egoera aldatzen ez deno…- berezkoa, lehentasunezkoa, ofiziala, ezagutu beharrekoa, hauek dira estatus egokiaren gakoak.

Horrez gain, hizkuntza politika ausarta da behar duguna, eraginkorra, helburuz, epez eta baliabidez hornitua, sailartekoa, gizarteko sektore guztietara heltzeko modukoa -administrazioa eta arlo sozioekonomikoa euskaldunduko dituenak-, Administrazio Nagusitik Toki administraziorainokoa, hizkuntza-eskubideen bermea ipar duena, Euskal Herriko eremu osoan aplikatzeko modukoa eta ikuspegi osokoa, Kontseiluko Bai Euskarari Ziurtagiriarekin osagarria, elkarlanean oinarritua…

Urte berri horrek gure eskakizunak bete oteko dituen nola jakin? Baina, galdetzea ez da deus kostatzen, guk, euskara normalizatzeko behar duguna argi dugu, estatus eta lege egokia hizkuntza-eskubideak bermatu eta hizkuntza politika egokia bideratzen ahalbideratuko duena! 2009an krisia alde batera utzi eta euskararen hazkunde-fasea ikusteko aukera ukanen dugula espero dezagun!


Komentarioak

Komentarioa idatzi