Abenduaren 13an, ‘Euskaraz bai’ aldarrikatu dezagun!

Ione Josie

Argitaratua: 2008-12-01 14:41:29

Okindegian, bankuan, saltegian, elkarte munduan, herriko etxeetan, suprefeturan…eguneroko bizitzako edozein funtzio administratibo edo sozial euskaraz egiteko ezintasunak milaka dira, eta egoera hori guziz barneratu dugu. Izan ere, mendeetan Frantziak gurea bezalako berezko hizkuntzen kontra bideratu hizkuntza politikak, hizkuntza desprestigiatzeko hartu iniziatibak euskarak pairatzen duen egoeraren iturri dira.

Haatik, azaroaren 15ean, Donibane Lohitzuneko Jai-Alaia jendez gainezka ikusteko parada ukan genuen, belaunaldi eta eremu ezberdinetako ordezkariek, denok bat egin genuen, bertsolarien sostenguz baita euskararen alde, bai, denok batera, euskararekiko dugun atxikimendua erakusteko aukera ukan genuen.

Bertsolariak, euskararen oihartzun bilakatu ziren, euskararen babesle, hizkuntzaren hedatzaile eta kalitatearen zaintzaile. Lau orduz, euskara entzuteko aukera ukan genuen, euskaraz gozatzeko aukera, euskaraz bizitzeko aukera, euskara erabiltzeko aukera…oro har, euskara izan zen egun honen protagonista nagusia, eta gure hizkuntzak bere prestigio osoa berreskuratu duelaren froga.

Egun polit horren puntu ilun bakarra, Donibane Lohitzuneko Herriko Etxearen jarrera izan da. Sariak ematerakoan, aurkezleak herriko Etxeko ordezkariari taula gainera igotzeko gomita luzatu …baina…hara, non ez zen nehor agertu! Jarrera iraingarria benetan herriko etxe baten partetik. Ziur Gazte errealizadoreen festibalean edota Musique en Côte Baque festibalean horrelakorik ez dela gertatzen! Agian, Donibane Lohitzune delako…ordezkaria agertu balitz, ordea, keinu azkarra izanen zen, hizkuntzaren alde diharduten guzien errespeturako, hizkuntzaren errespeturako…

Egun horrek beste irudi bat ekarri dit gogora, duela hamar urtekoa: 1998an, Kontseiluak 125.000 herritar, Euskal Herriko bost estadiotan eta lema bakar baten inguruan: “Bai euskarari ”! elkartu zituen. Egun horretan ere, euskaldunok, gure hizkuntzari babes soziala eskaini nahi izan genion, euskararen eremuak mugarik ez zuela agerian utziz. Agileran, hainbeste jende bildurik ikusteak…ziklo berri baten menturaz! Azken batean, euskararen izpiak gure bihotzak berotu zituen eta, bertaratu ginen guzientzako, huts ezinezko elkarretaratzea izan zen.

Euskarak behar gaitu, inoiz baino gehiago, inoiz baino indartsuago! Euskara ikasi, ezagutu eta erabili behar dugu! Euskararen normalizazioan urrats sendoa eman behar dugu eta Donibane Lohitzunen hainbeste herritar elkarturik ikusteak, jendartea salto kualitatiboa emateko prest dela agerian gelditu da!

Aurten, Kontseiluak 10 urte bete ditu, 10 urte normalizazioaren bidea ireki duela. 10 urte, ziklo bat da, eta, konturatu gaitezke euskararen alde izatea ez dela nahikoa, orain, euskararen normalizazioan urrats sendoak emateko garaia iritsi da, orain, jendartea osatzen dugun guziok, norbanakook, eragileok, botere publikook engaiamendu konkretuak hartu behar ditugu: Euskarak behar gaitu, inoiz baino gehiago, inoiz baino indartsuago! Euskara ezagutu eta erabili behar dugu! Euskararen normalizazioan urrats sendoa eman behar dugu eta Donibane Lohitzunen hainbeste herritar elkarturik ikusteak, jendartea salto kualitatiboa emateko prest dela agerian gelditu da!

Hortik dator lelo aldaketa, pauso bat harago emateko unea dela irudikatzeko, ‘Bai euskararitik’ ‘Euskaraz bai”-ra pasatzeko unea hain zuzen ere. Abenduaren 13an, duela 10 urte bezala, jendarte zabala, euskaltzaleak elkartu nahi ditu Kontseiluak, ez soilik bere urtebetetzea ospatzeko, baizik eta denok batera ‘Euskaraz bai!” adierazi dezagun, guztiok batera euskararen aldeko engaiamenduak hartzeko, euskarak etorkizun dirdiratsua duela erakusteko. Abenduaren 13an, goazen denak BEC-era “euskaraz bai”! oihukatzeko eguna iritsi baita!

Gaur “euskaraz bai”! aldarrikatzeko unea iritsi da. Gaur, ziklo berri bat hastera doa! Mila arrazoi genituzke bertaratzeko: batetik, gaur egun hiru administrazioetan eramaten den Hizkuntza Politikarekin jarraituz euskarak mendeak beharko ditu normalizazio egoera osora iristeko, bestalde, normalizazioren abiadura indartzen ez badugu, hau da, jendartea osatzen duten hiru zutabeek, norbanakoek, botere publikoek eta eragileek, engaiamendu konkretuak eta ausartak hartzen ez badituzte euskarak gal bidean segituko du, eta azkenik, hiru hizkuntza dituen komunitate batean, herritarren eskubideak bermatzeko eta inor hizkuntzagatik baztertuko ez den egoera batera iristeko, hots, bizikidetza egokiaren bidea indartzeko, denok euskara ikasi eta erabili behar dugu! Baina, batez ere euskaraz bizi hautua egin dugulako. Euskara denon ardura baita! Beraz, goazen denak BEC-era abenduaren 13an, euskarak gure beharra baitu!


Komentarioak

Komentarioa idatzi