Agindua zor!

Argitaratua: 2012-05-10 16:00:06

Iragan maiatzaren 6an Frantziar Estatuko lehendakaria hautatu zuten, eta garai berri baten menturan girela pentsatuko dute askok. Lehendakaritzarako hauteskundeen kanpainan zehar, eta euskara gai zentrala izan ez bada ere, kanpaina garaian hautagaiek hizkuntza gutxiagotuen aldeko aldarrikapena ezin izan dute saihetsi.

Berrikitan, iragan da Deiadar manifestaldia, Ipar Euskal Herrian euskararen alde egin den nagusiena, 7.000 pertsona Baionan, 6.000 Herrialde Katalanetan, 12.000 Bretainian, 3.000 Alsazian… orotara 60.000 pertsona karrikara atera da, beren hizkuntzan bizitzeko eskubidea aldarrikatzeko, gure hizkuntzetan normaltasun osoz bizi ahal izateko, ditugun hizkuntz eskubideak ezagutuak eta errespetatuak izan daitezen euskararen ofizialtasuna, hizkuntza lege eraginkorra, Europako Hizkuntza gutxituen Ituna izenpetzea.

Finean, Euskarari zor zaion status egokia da aldarrikatu dena, euskaraz bizitzeko nahitaezkoa baitugu gure hizkuntzak status egokia izatea. Euskarak berezkoa izan behar du, estatus ofiziala esleitu behar zaio, lehentasunezkoa egun bizi duen egoera gutxiagotuarekin bukatzeko, bai eta ezagutu beharrekoa ere. Legeak, ordea, euskaldunok pairatzen ditugun diskriminazioen bukaera ekarri behar du. Herritarrei hizkuntz eskubideak onartuko dizkien legea eta botere publikoei betebeharrak finkatuko dizkien legea behar dugu. Botere publikoek beren erantzukizunak hartu behar dituzte.

Hortaz, hizkuntza baten normalizazioa erabaki politikoa da eta hori Frantziako legebiltzarraren, presidentearen ardura da.

Francois Hollandek hautagai gisa Europako Ituna izenpetzearen alde agertu da, besteak beste, www.aginduazor.eu atarian ikus daitekeenez. Frantziako Konstituzioa aldatu beharko litzatekeela ohartaraziz. Ongi dakigu, hauteskunde kanpaina baten kari egiten diren promesak ezer gutxi direla. Sarkozyk berak, 2007an hitz emandakoa ez zuen bete, eta, bertakook ongi dakigu Mitterand-ek ere 1981ean hitza jan zuela. Hitza hitz! Promesak beti dira ongi etorriak, hitza betetzen den heinean.

Tokiko hautetsi eta alderdien ordezkariek ere parte hartu zuten manifestaldian, ofizialtasuna aldarrikatzen zuen pankartaren atzean. Berek ere, aldarrikapen horiek helmuga uka dezaten erantzukizuna dute, batetik bakoitzak bere egituran euskaren presentzia eta euskaldunon hizkuntza eskubideak bermatuz eta bestetik, bakoitzari dagokion alderdian bertako herritarren eskarien isla izanez.

Ekainean legebiltzarrekoak datoz, hor ere, euskarari zor zaion lekua eskaintzea galdegiten diegu hautagaiei. Euskarak zentralitatea eta erreferentzialtasuna berreskuratzeko garaia da, eta hitz hutsik ez dugu entzun nahi. Agindutakoa zor diguzue! Hitza bete behar duzue!

Hizkuntzen aldeko hitzak entzun ditugu eta ez ditugu ahantziko, agindua zor digute, engaiamenduak errespetatu beharko ditu lehendakari berriak, eta, 2007ko adierazpen eta promesak ez bezala, aldi honetan, agindua bete beharko du. Han artean, politikariek hitza bete edo jan oteko duten zain gelditu beharrean, euskalgintzak lanean segituko du, euskararen geroa gure eskuetan baita eta Parisetik etorriko diren neurrien zain gelditu behar ez baitugu. Ez gaitezen lokar, eta egun hitzematen zaizkigun aitzinamenduak erdietsi arte segi dezagun lanean!


Komentarioak

Komentarioa idatzi