Anai Handiaren sindromea
Ione Josie
Espainiako Auzitegi Nazionalak apirilaren 12an jakitera eman du zazpi urteko aferari amaiera emateko gisan, eta bereziki, 2009ko abenduaren 15ean hasi eta otsailaren 1ean bururatu zen Euskaldunon Egunkaria kazetaren aurkako epaiketaren karietara, epaituak errugabetzen zituela.
Izan ere, fiskalak eta defentsak Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Martxelo Otamendi eta Xabier Oleaga auzipetuen xuritzea galdegin bazuen, Dignidad y Justicia eta AVT herri akusazioek 12 eta 14 urte arteko kartzela zigorrak galdegin zituelarik.
Haatik, Dignidad y Justicia eta AVT erakundeek helegitea aurkeztuko dutela Espainiako Auzitegi Gorenean pentsa daiteke eta Egunkariaren aurkako auzi ekonomikoa ere iragan beharra da. Ondorioz, epaiaren jakinarazpenak sentsazio gazi-gozoa uzten digu, bukaeraren hasiera markatuko luke, eta bigarren auziak du amets- gaizto honen bukaera finkatuko, konpontze bidea zabaldu bada ere.
Hala ere, zazpi urteko afera honen dimentsioa ikusita, absoluzioa eskaintzea ez da justizia egitea, erabakia berandu dator, eta itsutzeko joera duen estatu baten jarrera besterik ez du agerian ezartzen. Erabakia beraz, moderazioaz baloratu behar dugu, eta auzi ekonomikoa zein helegitearen ondotik soilik, benetako bukaera markatuko du. Absoluzioak euskalgintzak, zein herri mugimenduaren gehiengoak aldarrikatzen zuena berresten du, Egunkaria euskaraz eskaintzen zitzaigun egunkari bakarra zen, euskaldunon informaziorako eskubidea bermatzen zuen bakarretarikoa.
Horretaz, ebazpenak auzipetuen errugabetasuna berresten badu, guk inoiz zalantzan ukan ez dugu. Honen froga dugu, Egunkaria hetsi orduko bildu indarra, kolore guzietako jendea karriketan ikusteko aukera izan zen, benetan argazki anitza. Egunkariak zein afera honetan epaitu diren lagunek gizarte oso baten sostengua jaso dute hasieratik eta sostengu hori ez da indargabetzen joan.
Nahitara euskara eta “terrorismoa “ -ren arteko amalgama egin nahi izan dute, hots, dena dela ETA, eta horren garai ilun batzuk gogora ekartzen dizkigu, euskaraz hitz egitea debekatzen zitzaigun garaia, hain zuzen ere. Ebazpenak argi utzi du ETArekin neholako harremanik ez zuela Egunkariak, eta Guardia Zibilaren eskuetan inkomunikazioan pasatu denborak ez diela babes juridiko nahikoa eskaini azpimarratzen du, horrelakoak gutxitan entzuten ditugu zorigaitzez
Eta orain zer? Zer gertatzen da, baina, egindako kaltearekin? Jasandako torturekin? Egunkari baten irakurlegoari egindako kalteekin? Zorra kitatu beharko lukete arduradunek, kalteordainak ordaindu behar lituzkete, haatik, gauza batzuk badira ordain ezinak direnak, kalte fisiko eta moralak ez daitezke kitatu, torturak, akziodunen ondasunak, hizkuntzari egindako kaltea baita hizkuntza eskubideari egindakoa ere… materiala ez den oro ez daiteke kitatu.
Bai, Egunkariaren itxierak ondasun kaltea eragin digu, euskalgintzari lehenik, eskura zuen euskarazko egunkari bakarra zelako, eta euskararen normalizazioari nola ez: kalte morala, hain zuzen ere. Horrelako kalteak ez daitezke kitatu, ordainezinak dira. Kaltea, Egunkariaz eta oro har, euskararen aldeko erakundeen lanaz sortu aurreiritziengatik, bai, Egunkarian lan egitea gaizki ikusia zen, eta orain, egoera gainditu behar dugu, aldeko ekintzak bideratu beharko ditugu.
Baina, Egunkariaren aurka egindako erasoa ez da eraso isolatu bezala hartu behar, ez, estrategia orokorrago baten barnean plangintzatu den ekintza bat baizik ez da, hor ditugu AEK-ren aurkako auzia, Ikastolak, Elkar, Jakin eta nola ez Martin Ugalde Parkean egindakoa…euskararen alde diharduten erakundeen aurka egindako erasoak ugariak dira. Erasoak ez dira nolanahi egin, oso ongi, plangintzatu dira, euskalgintza kriminalizatzeko asmoz.
Hizkuntzak nortasuna, izaera, pentsamoldea sortzen duen heinean lanjer potentziala bilakatzen da boterea duenarentzako. Oso ongi ulertu zuen Orwell-ek eta 1984 liburuan, pentsaera kritikoa ekiditeko, hizkuntza ofizial berri bat sortzen du herri utopikoaren gobernuak. Helburua, pentsaera ofizialaren aldeko hizkuntza sortzea da eta pentsaera heterodoxo edo kritikoak saihestea. Hizkuntza baten ñabardura guziak ezabatuz, Estatuaren eragina indartuz doa, oro har, esan ez daiteken zerbait ez daitekeelako pentsatu, behintzat luzeran. Orduan, “askatasunaren “ kontzeptua barneratu ote dezakegu, hitza ezagutzen ez badugu? Big Brother it’s watching you!
Egunkariarekin gertatutakoa, euskara eta euskalgintza erasotzeko aitzakia bada ere, haratago joan behar dugu. Izan ere, gogora ekarri behar dugu, Egin, Egin irratia edota Ardi Beltza hedabideak ere hetsarazi zituztela, beti ere aitzakia berarekin. Oro har, euskara erasotzeaz gain, prentsa askatasuna da erasotzen dena, iritzi askatasuna, pentsaera askatasuna. Orwell-en Anai handiak bere herritarren pentsaera kontrolatzeko saiakerak egin zituen antzera… Ondorioz, hitz eta pentsaera askatasuna batera doaz, norberak hautatu duen hizkuntza erabiltzea, askatasuna da.
Askatasunik ote dugu gure hizkuntza normaltasunez erabili ahal ezin badugu, hau da, administrazioaren aurrean, justizian, alor sozioekonomikoan, eta prentsan…? Euskara, euskalgintza eta adierazpen askatasuna bortizki eraso egin dira, baina, euskara normalizatzeko lanean segitu du herri mugimenduak eta burua ez du makurtu. Absoluzioak denbora gehiegi iraun duen aferaren bukaeraren hasiera litzateke, eta, helegitea zein auzi ekonomikoan, ebazpen bakarra onartuko dugu, Absoluzioa!
















