Arrak eta Garrak : zentsura baten kronika

Ione Josie

Argitaratua: 2011-12-09 13:29:15

Aste bat. Aste bakar bat iraun du, abenduaren 7an, Baionako ostatu-jatetxe batean, estreinatu margo erakusketak. Okerrago, estreinatu eta biharamunean bertan, erakusketa kendu behar izan du artistak. XXI. Mendean, Euskal Herrian, zentsurak bizirik dirau. Zakilak. Zakilak dira, Arrak eta Garrak erakusketan zentralitatea hartzen duten elementuak, baina zakilak baino, gizonen intimitatea da molde natural batean erakutsia, gizona, bere, xumetasunean. Alta, bezeroen zati batek, zakilaren omnipresentzia besterik ez du ikusi, eta, erakusketaren kentzea eragin du.

Orduan, zerk eragin du tirabira hori? Zerk eragin dezake, XXI. Mendean, erakusketa baten kentzea? Nola ulertu horrelako erreakzio bat telebistak zabaltzen dituen irudi bortitzak, gordinak, pornografikoak kontsumitzea onartzen dugularik? Telebistak arazorik gabe zabaltzen dizkigu Libiako bonbardaketen irudiak, erailketak, bortxaketak, genozidioak, Fukushimako hondamen ekologikoa aipatzen dizkigu, edota bortizkeria argudio duten fikziozko film eta telesailak.

Mila dira egunerokotasunean, telebistan, zineman, prentsan, irratian, literaturan, erasotzen gaituzten gaiak, errealitatea krudelki aurkezten dutenak. Baina, begiratzen ditugu. Haurrei zuzendu marrazki bizidunek ere bortizkeri edo erotismo puntu bat daramate eta ez ditugu zentsuratzen.

Gizonen ordez, emazteak izan balira, erreakzio hain bortitzak sortuko ote lirateke?. Emazte baten sexua ez da hain agerikoa, egia da. Baina ez bakarrik, emazte biluzien irudiak mendeetan zehar normaltasun osoz zabaldu dira, arte munduan, iragarkietan…

Emazteen irudia erabili da edozer saltzeko, emaztearen gorputza objektu bilakatu da. Gaur egungo gizarte aurrerakoi honetan, sexua oraindik tabua da. Erakusketan agertzen diren sexuak baino, erekzio egoerak agerian uzteak trabatuko zuen publiko hori. Finean, emazteak orgasmoa duelarik ere, ez da, fisikoki behintzat, oso agerikoa, zentzu horretan, onargarriagoa dela ematen du. Margo horietan, emazteak biluztu balira, publikoaren isileko onarpena lortuko zuen erakusketak.

Baina ez, zakilak, erekzioak, tabuak txokea eragiten du. Artistak berak zion, erakusketa horren helburua zela, egun ia ezinezkoa den iraultza artistikoan ekarpena egiten saiatzea, ikuslearen baitako emozioak sortzea, azaleratzea: hunkidura, erakartzea, irria, edota kontrakoak. Bestalde, puritanismoa eta atzerakoikeriari aurre eginez, askatasuna eta gozamenerako deia egin nahi izan duela gaineratu du.


Finean, atsegin dezakegu edo ez eta norberaren eskubidea da. Artistaren proposamenak eragiten dizkigun emozioen araberakoa da, gustuen arabera, eta, gizon biluziak ikusteak ez erakartzeak, edota nazka eragin dezake, norberaren sentimendua da. Azken batean, artistak emozioak sortzen dituenaren seinalea da, aldekoak edo kontrakoak noski, baina helburua gainditu du. Artea subjektiboa da, eta atsegin ez izateak, probokazio bezala bizitzeak edota txokatua izateak ez luke margoak kentzera eraman beharrik. Artistari errespetu gehiago zor zaio.

Picassok zion bezala “ Artea ez da kastu, kastu bilakatzen bada orduan, ez da artea ”. Artea askatasuna da!


Komentarioak

icon

Kaiet Urtzelai

2011-12-09

Baina, nor ziren bezero horiek? Talibanak? Giristino hertsiak? Ezkertiar akonplexatuak?
Eta horiei begira erakusketa itxi dute!
Ez dut deus ulertzen.

Pena da, atsegin handiz ikusiko nuke erakusketa hori.
Ez dakit nork agindu duen erakusketa bertan behera uztea, baina beraientzat munduko gorotz mokordorik handiena.

icon

Julen

2011-12-09

Faxistak betidanik izan dira baina ez nakien taberna euskaldunetan onartuak zirela! Kalostrapetik ez dakit nork kentzeko agindua eman duen baina horrek faxistak bezerotzat atxiki nahi ditu. Beraz Kalostrapera ez naiz joango....

icon

amane

2011-12-09

Jakin ezazue erakusketa Ttirritta osatuan ikusgai eman dela...

icon

Ania

2011-12-09

Uste dut ez direla gauzak nahastu behar. Kalostrape ez da erakusketa toki bat, hori ez baita bere jarduera nagusia, hortaz ez baitu aperteko etekin ekonomikorik ateratzen... nahiz eta bere paretetan urtean zehar artista anitzeei -anitz ezezagunak- baren margolanak erakusteko aukera paregabea eskeini. Gertatutakoa penagarria izanki ere, tristea bada ere batzuk zer zaletasuna duten jendeari faxista deitzeko. Fintasun gehiagorekin aztertu behar dira arazoak eta ez tarrapatan erantzun errexak -eta gehienetan informazio zehatza ukan gabe- emanez.

icon

Iñaki

2011-12-09

Kalostropen hori egitea ahalkegarria iduritzen zait. Ados ez bazeuden hasieratik baimenik eman ez eta kitto. Baina gero, erakusketa zabalik zelarik, maite edo ez maite, agindutako epea agortu arte jarraitu behar zen.

Aita Sainduaren meneko morroiak hor ibili direla dirudi, edota bere burua ezkertiartzat hartzen duten vatikanistak. Ez du nehor iraindu nahi, Aniarekin ados nago, informazio gehiago behar dugu, baina ene buruan ez da horrelakorik sartzen XXI. mende batean, mundu musulman itxian edo Opus Dei-ren inguruan ez bada, bederen.

icon

Koxepe

2011-12-09

Bai, Ania, badakigu Kalostrape ez zela sortu erakusketen egiteko, baina egia erran, beti izan leku goxo bat biltzeko, euskaraz egiteko, musika entzuteko eta tarteka ziren erakusketez gozatzeko. Ez al da hala?
Baina oraingoan biziki gaizki egin dute. Bezero batzuen iritziak besteenak baino gehiago balio al zuen? Bezero horien sosek gureek baino gehiago balio al dute?

Ados nago zurekin, faxista hitza erabiltzea ez dela egokia, ados. Baina zein hitz erabili beharko ginuke hlako zentsuraren aitzinean? Informazio gehiago behar dugula, ados. Noizko eta nun?

Nik, bitartean, eta pena handiz, nire deliberoa hartu dut. Ez dut bezero zentsuratzaile horiekin Kalostrapen topatu nahi. Hemendik aitzina, Ttirrittako bezero izanen naiz.

icon

Edurne

2011-12-09

Ene ustetan, hautua hasieratik gaizki egina zen. Ostatu publikoa zenez, eta eta bertara adin eta mota guzietako bezeroak joaiten izrenez kontuan harturik, ez zen horrelako erakusketarik toki horretan egin behar.

Erakusketa ikusi dut eta guztiz ederra iduritu zaidala erran behar dut,bainan hori ez zen bere tokia.

Gero gerokoak. Hasieratik gaizki egin zen, ados, eta gero horrela kentzea ere, gaizki. Bainan zerbait gaizki egin delako horrek ez du erran nahi Kalostrape dela faxisten habia, edota vatikanisten gordeleku.
Gaizki egin da, eta hurrengoetan kontuz ibiltzea eskatuko nieke nik.

Eta Joxepe, nik ere nire deliberoa hartu dut. Hemendik aitzina Kalostrapeko eta TTirrittako bezeroa izanen naiz.

icon

Koxepe

2011-12-09

Edurne, ene beroaldia pixka bat hozturik, uste dut arrazoina duzula. Matxikoteren tindurak ederrak dira, zinez eta maite ditut.

Dena baloratuz gero, nik nire deliberoa aldatu dut. Nik ere, Edurneren antzera, Kalostrapeko eta Ttirrittako bezeroa izanen naiz.

Ez dut uste gauzak bere baitatik elki behar direnik.

icon

Jokin

2011-12-09

Faxistak, homofoboak, giristinoak... Hitz potoloak eztabaida faltsu bat irekitzeko. Edozein pertsona zentzu minimo batekin ulertu beharko kuke Kalostrapen jende andana sartzen dela eta nola ez adin guztietako haurrak. Zoritxarrez jendarte parte bat ez da prest horrelako gauzak ikusteko, eta haurrak gutxiago. Zuria eta beltzaren artean kolore anitz dira eta horiek ere ikusi behar dira. Kalostrapek saiakera bat egin du, preseski ikuspegi ireki batekin aritzen delako. Kritikatzen dutenak "pekatu" gabekoak al dira? Horrela bada hobeto haientzat? Besteek "garbiak" eta "puroak" ez garenok, barka mea kulpa!

icon

Joxepe

2011-12-09

JOKINI

Jokin, ados nagok hirekin. Barka ezak ene beroaldia.
Ez nian nehor iraindu nahi, eta ene bigarren gutunean hori erraiten ahalegindu nauk.

Hori bai Matxikoteren balentria goraipatu nahi nian.

icon

Iñaki

2011-12-09

Azken gutunetan ,Jokinenean gehienbat, idatzi dena irakurri dut, hobeto ulertu dut gertatutakoa. Tamalez, leku hori ez zen egokia horrelako erakusketa bat egiteko, adin guzietako jendea joaten zelako eta gizarte alu hau ez dagoelako oraindik prestatua gauzarik naturalenak naturaltasunean ikusteko.

Beraz,barka iezaizkidazue gaizki erranak.
Biba Matxikote! Biba arte librea! eta biba Kalostrape!


Gaizki erranak barkatu.

icon

Kaiet Urtzelai

2011-12-09

Jokinek eman azalpena afera hobeto ulertzen da. Arras ulergarria da.Uztaritzeko Ttirrittara joanen naiz Matxikoteren erakusketa ikusterat, eta Kalostrapera, beste gauza ainitzen artean, pinto onak jatera.

icon

Julen

2011-12-09

Nik ez dut iñoz erran Kalostrape eta bere bezeroak fatxak zirenik! Aldiz Kalostrapekoek (batek?) fatxa baten (edo batzuen) iritzia babestu dutela diot! Eta hori ezin onartua da!
Bestalde, zergatik iF-en margoak ezingo ziren Kalostrape-n eman? Artista batzuk bai eta besteak ez? Kasu! Hori zentzura da eta maite ez dutan jendearen metodoa...
Haurrena aitzaki bat da... Haur batek zakila ikustean errugabetasunezko irria botako zuen!
Eta aitzaki hori erabiltzen dutenek, zakilez eta pototez osatuak girela ahantzi dute. Ez diegu galdetuko iF-en margoen erranahia ulertzea halere! Urrunegi baitdoa....

icon

iF

2011-12-09

ieup…
Beno… Ionek elkar hzketan ibili gineneko argumentu guztiak ebatsirik :) ba… hemen errandakoari erreakzioak eta ekarpen batzuk egitera nator…
Hasteko, gatazka honen iturrian bi gauza nagusi daude, eta ez dira, ez Kalostrapekoak, ezta norberak mespretsuz ikusten dituen beste batzuk (politikoak) ere.

Alde batetik, arazo bat agerian utzi du: Artearentzat leku bizki-biziki gutti direla, eta aukera gutti daude ere Kalostrapen egin daitekeen erakusketen neurriko agerraldiak egiteko.
Erakusketak antolatzen dituzten kafe antzokiak (Kalostrape jatetxe bat baino gehiago baita, nahiz eta horren dependentea den eta horri eman behar dion garrantzia bideragarria izateko), truke baten filosofiaren arabera ari dira. Erakusketak doan onartzen dituzte, apainketa aldakorra bermatuz eta beti jende berri baten erakartzeko aukera izanez. Eta Artistek berriz (gehienak artistak baino, arte-afizionatuak), beren lanak publikoki erakusteko aukera dute.

Baina Artea zirikatzailea edota nolabait, iraultzailea da. Izan pikturalki, teknikoki, edo kasu honetan balore mailan. Artea ez da apaingarria.
Hori izan da gatazkaren iturrietako bat.
Bagenekien uhainak sortuko zirela, baina hala ere, Kalostrapekoak ausartu ziren, saiakera gisan-edo; eta hori dena eskertzekoa da! Benetan!

Baina dena den, kultur antzokietan ibiltzen den jendeak, arte erakusketa batekin horrelako jarrera bat egitea, hori da kezkatzekoa, eta gatazkaren bigarren arrazoia.
Ez baitziren zakur kk mokordo baten ondoan jatekotan, ez ziren hildako gorputz erdi deseginak, eta nik dakita zer besterik, etxean telebista aitzinean eta isilik ikusten dituzten afruskeria bezalakoak.
Gizkon biluziak, gauzarik naturalena (egunero antzeko gorputze batean bizi naiz eta barkatu nire buruaz beste ez egiteagatik!), hori da trabatu diena!

Eta ondorioz, jende batek otstuan "ezin" egon, beste batzuk bertan ez dutela janen horrengatik eta abar entzun beharra, eta kudeatu beharra, ekonomikoki bideragarria den ostatu bati txantai ekonomikoa egiten hastea da… are gehiago ezagutzen dugun testuinguru honetan eta abenduko hilabete kargatuan…

Beraz hara. Erakusketa goxatu, arindu, deskafeinatu behar zen, 22 margoetarik 9 kenduz.
Nuen asmoa eta pasarazi nahi dudan mezua kaltetua izanen zenez, dena kentzea proposatu diet. Eta hori da hobetsi izan dena.

Zentzura, orduan, ez dute Kalostrapekoek egin, baizik eta sasi puritano batzuk, morala ankerra atzerakoia duten baina harro diren horietakoak. Haurrek ez dute deus ikustekorik. Nire ustez, haurrak eta aitatxi-amatxi aitzaki bezala erabili ditiztenak dira arazoa dutenak, zeren zaharrek zakil bat baino gehiago ikusi izan dituzte (beno… bat anitz alditan guttienez; eta haurrei, margoak - zeren margoak dira! - ez diete ni fu ni fa egiten). Horretan tronpa naiteke behar ba, baina nik hola ikusi izan dut.
Okerrena, ez dutala uste urteen poderioz gauzak anitz aldatzen direnik…

Bitartean Ttirrittan izanen da, eta nik, bi leku horietakoei ZORIONAK ETA MILESKER erran nahi diet berritz!
Aupa-aupa! Gora askatasuna eta GORA SEXU LIBREA! iuhu! ;)

icon

Julen

2011-12-12

Entzun! http://euskalirratiak.info/if-matxikote-uztaritzeko-margolariaren-azken-erakusketak-eztabaida-piztu-du.html

Komentarioa idatzi