Atsedenaldirik ez euskararik gabe
Ione Josie
Udak bere giroa dakar. Turistak, herriko bestak, eguzkia... eta folklorea. Gure herrietako plazak biperrez, ikurriñaz, dantza-emanaldiz, kantuz, pilota-partidaz, herri kirol norgehiagokaz betetzen dira, eta, zonbait lekutan, Euskal Herriko besta “tipikoak” atzematen ahal ditugu, Atun besta, sardiñaren besta, ahate besta etab. luze bat.
Gure herriak hizkuntza anitzak bilakatzen dira, eta frantsesaren ondoan, ingelesa, alemana, italiarra, gaztelera. Entzun ditzakegu...Bai, zoin polita den udan Euskal Herria!
Eta euskara? Bai, euskara, entzungai da gure herrietan, gehienetan, turismoari begirako folklore ikur, Donibane Lohizuneko Louis XIV. plazan, zezensuzkoaren alboan, eskaintzen diren kontzertuetan adibidez. Lauburua eta euskal biskotxarekin batera. Egia du Frantses gobernuak, “ ondarearen parte” da, museoetan gordetzekoa eta herri “berezi” batera iritsi nahi duten turistendako atzerriratzeko parada eskaintzen diona. Baina, maila batean soilik..
Baionako bestek ere, euskarari lekua eskaini nahi izan diote, bertso pare bat Herriko Etxeko balkoitik, baina hautetsi batek hitza hartuko ote du euskaraz? Ximun Cazaubon gazteak meritua du, euskararen erabilera areagotzeko deiladia luzatu baizien bertaratu ziren bestazaleei.
Euskararen inguruko gertakari ugari ukan ditugu aurten eta bilantxo bat egiteko ordua izan daitekeela iruditzen zait.
Lehenik eta behin, Hizkuntz Eskubideen Behatokiaren 2009ko urteko txostenean, Euskal Herrian, hizkuntz-eskubideen egoeraren diagnosia egin du. Bertan Konstituzioaren 75. artikuluan egindako aldaketak ez duela eraginik izan eskubideen urraketetan berretsi du. Hortaz, euskarak ikusezintasunean jarraitzen du eta gertaera larriagoak tratatu behar izan ditu, hala nola, Hiriburuko Ametzondo auzoan, bide seinale elebidunak frantses hutsezko seinaleekin ordezkatu dira, obren aitzakiaz.
Udako komunikazio euskarriak izan ala ez berdin dio, urte osoan, Frantziako Erakunde Publikoek arazorik ez dute herritar euskaldunoi informazioa eta publizitatea ez helarazteko. Hortaz, arazorik gabe sortzen dute bereizkeria kontsumitzaile euskaldunen eta ez-euskaldunen artean. Izan ere, euskaldunei begirako informazio ofiziala edo publizitatea ez baitute zabaltzen. Bestalde, herritarrek euskarazko harrera eskatzeagatik ‘hemen Frantzian gaude’ edota telefonoa esekitzea bezalako jarrerak pairatu behar izan dituzte behin baino gehiagotan, baina hori ez da fenomeno berria. Non pasa da frantses “kortesia” famatua? Ingelesez aritu bagina, horrelakorik pairatu behar ote genuke?
Hartara 200 espediente inguru zabaldu ditu Behatokiak iparraldean, gehienak Estatu-administrazio zein herriko etxeei begira. Datuak aintzat hartuta, korpus juridiko ezak edo, hobe esanda, gure hizkuntza-eskubideen aitortzaren kontra eratuta dagoen korpus juridikoak ahalbidetu ditu kexa horiek.
Halaber, legezko aitortza ezak eragin handia du herritarrek eskubideen urraketen inguruan duten pertzepzioan. Zaila egiten zaie herritarrei eskubidea urratu zaiela salatzea, legeak haien eskubideak aitortzen ez baditu, ikusgabeak egiten baititu, bai eta urraketa egoerak naturalizatu eta betikotu ere. Izan ere, eguneroko bizitzako edozein funtzio administratibo edo sozial euskaraz egiteko ezintasunak milaka dira.
Alta, kexaren zioei dagokienez gehienbat komunikazioari dagozkienak dira jasotakoak (gutunak, esku-orriak, liburuxkak…), seinaletika, ahozko zerbitzuak, webguneak… Urtero errepikatzen bada ere, kontuan izan behar da kexa horietako gehienek konponbide erraza dutela. Horretaz, zaila da kexen profil bat egitea, euskarak inolako tokirik ez duenean, folkloreari lotzen ez zaionean.
Legearen beharra aipatu du Behatokiak, funtsean, euskalgintzako eragile gehienak bezala. Sarkozyk hitz emandako legearen inguruan berri gutxi, ez bada, Mitterand-en hitzetatik edota Bessonen hitzetatik entzundakoa. Konstituzio aldaketa legea baino garrantzitsuagoa dela, gaur egungo lege koadroak aukera ugari eskaintzen dituela, irakaskuntza, kultura edota hedabideen arloan jada asko egiten duela eta zerbitzu publikoetan, frantsesaren ondoan hizkuntza gutxiagotu bat erabili daitekeela, idatzizko aktetan, toponimian... berritz ere hitza jan du frantses gobernuak, mespretxua adierazi die eragileei. Lege proposamen bat aurkeztuko omen da urte ondarra gabe, alderdien artekoa. Baina, zein izanen den bere bidea, nork daki?
Euskararen Erakunde Publikoaren lana arautzen duen GIP delakoaren estatusa eta etorkizuna aztertzeko, Hezkuntza eta Kultura eta Komunikazio Ministerioek ikuskariak igorri dituzte. Euskalgintzako ordezkariekin ere bildu ziren, eta Kontseiluak hainbat ohar egin zizkien.
Lehenik eta behin, legerik gabe EEPren hizkuntza politika ez daitekeela eraginkorra izan azaldu zieten, CNFPT funtzionarioen kutxak adibidez, herriko etxeetako langileen euskalduntzeko formakuntzak ez ditu bere gain hartzen. Bestalde, euskalgintzako harremanak hobetzeko, dirulaguntzen banaketa orekatzeko, aurrekontua handitzeko, plangintzari epe, helburu eta neurgailuak ezartzeko eskaria egin zieten. Badirudi, ikuskariek bidean hutsuneak izan direla aitortzen dutela, eta hainbat eremutan indarrak egiteko aholkua eman diotela EEPri, hala nola frantses hedabide publikoetan.
Uda da, eta oporrik ez euskararentzako, astedenaldirik ez euskaltzaleontzako. Udan, euskara ez da folklorearen ikur besterik ez bihurtu behar, udan ere, euskaraz bizi behar dugu ( eta ez soilik atzerrira goazenean). Euskara harrotasunez aldarrikatu behar dugu, eta bestelako hizkuntzekin egiten duten ahalegin berdina eskatu behar zaie eragile politiko zein sozialei. Ahalegin berezirik egiten ez dutenei gure eskubideak urratzen ez dezaten segitu, Behatokira jo dezakezue:
euskararentelefonoa.com /0559594948
Udan ere, gure ahotsa entzun behar dute, euskara ez da soilik bestetan kantatzen, euskara egunerokotasunean hitz egiten da, komunikazio tresna da, euskaraz bizitzen da!
















