Azkainek Euskarari bai!
Ione Josie
1998an, bost estadioetan, « Bai Euskarari » ozen oihukatzeko bildu ginen milaka pertsonek, irudi, entusiasmo hura ez dugu ahantziko. Lehen aldikoz, iruditzen zitzaigun, Euskal Herri osoa bateratu egin zela, denok batera euskararen aldeko urratsak emateko gogoa entzunarazten genuela, Euskal Herri osoak une berean kointziditzen zuela, lema bakar baten atzean bat egiten zuela « Bai Euskarari ! ».
Geroztik, 10 urte pasa dira, euskalgintzak euskararen normalizaziorako borroka bere eguneroko bizipen egin du, eta lortutako aurrera pausoak euskalgintzaren lanari esker bideratu dira. Horretaz, Kontseiluak, herriko eragileak sentsibilizatu eta normalizaziorako urratsak ematea animatzeko xedez « Bai Euskarari Akordioa herrietan » ildoa sortu eta bideratzen du. Egitasmo honen helburua da, herritarrei egunerokotasunean euskaraz bizitzeko aukera eskaintzea.
Ipar Euskal Herrian, 7 dira horrelako dinamika batean sartu diren herri edo kantonamenduak : Sara, Azkaine, Senpere, Ezpeleta, Uztaritze, Ziburu eta Baigorriko kantonamenduko 12 herri. Ez da gutti, herri osoan, herriko etxea zein edozein saltzaile, mediku, jatetxe, artisau, elkarte…euskararen aldeko dinamika bat sortzen ikustea, ez da gutti ez. Baina, oraindik guttiegi euskarak leku normala berreskuratu dezan.
Urtez urte, eragileak animatu egin badira, hauen inplikazioa ziurtagiri baten bitartez irudikatu bada, ez zen nahikoa. Herritarrak euskararen mundura hurbilarazteko, sentsibilizatzeko, euskararen aldeko giroa sortzea ezinbestekoa zen, molde ezberdinetan. Oraingoan, bi ekimen gurutzatzen zaizkigu : Kontseiluaren urte betetzea eta girotzeko ekimena. Karia horretara, Azkainen, « Euskaraz bai » astea antolatu da urri osoan. Baina, ospakizun soila izan ordez, helburu eta publiko ezberdinak uztartu nahi izan dira, hau da, alde batetik euskarazko ekintzak antolatzea ( filmea, bertso poteoa, Xiba, bazkari eta kontzertua) eta bestetik, ekimen didaktikoagoak euskara ahoz entzun dadin eta euskarak bere lekua atzeman dezan saltegien hizkuntza paisaian. Hilabete oso bat beraz, haur, gazte eta helduek, eragile sozial zein botere publikoek elkarrekin batera “ Euskaraz bai! “esan dezaten.
Horretaz, euskararen etorkizuna ez da inondik inora ziurtatua, azken inkesta soizolinguistikoek ere ez dute egoera irauliko denik aurreikusteko arrazoirik ematen, beste irakurketa baikorragoak entzun baditugu ere. Euskarak ez du estatus berdina hiru administrazioetan, EAE-n ofíziala bada, Nafarroako eremu osoan ez, eta zer esan Ipar Euskal Herrian, museotako “ondare” izendatua den heinean…
Euskararen normalizazioa motelegi doa, eta lortu diren aurrera pausoak euskalgintzari esker lortu direla esan daiteke. Ziklo berri bat irekitzera doa, ezinbestekoa da denok zentzu honetan indarrak egin ditzagun. Horregatik, Azkainen ospatuko den “Euskaraz bai!” hilabetearen antzerako ekimenak guztiz eskertzekoak dira, eta zabaltzekoak.
Gaur, herritarrei dei hura zabaldu nahi nieke, batetik, hilabetean zehar eskaintzen zaizkien euskarazko ekimenetan parte hartzea, bestetik, Azkaineren antzera, gisa horretako asteak, egunak antolatzea, ereduak hedatzea eta bukatzeko, Bai Euskarari dinamika zuen herrietara hedatzea. Euskarak denon inplikazioa beharrezkoa du!
Komentarioak
maitemindua
2008-10-13
nik zuri bai ione














- 