«Egalité» printzipioaren izenean diskriminazioa
Ione Josie
Euskararen Erakunde Publikoaren lehentasuna haur eta gazteen euskalduntzea delarik, Frantziar Estatuak haurren hizkuntza eskubideak ukatzen segitzen du, lotsarik gabe, Nazio Batuetako gomendioak mespretxatuz.
Izan ere, berrikitan, Nazio Batuek Frantziar Estatuak gutxiengoei begira duen jarrera beste behin salatu dute, eta aldi honetan, Haurren Eskubideen Batzordetik dator gaitzespena.
Gogorarazi nahi nuke, Nazio Batuek 1989an onartu Haurren eskubideen deklarazioa 1990ean sinatu eta berretsi zuela Frantziar Estatuak. Geroztik aipatu deklarazioari bi jarraipen egin zaizkio bata 1993an eta bestea 2002an.
Beste nazioarteko itun batzuekiko duen jarrera ber-berarekin segitu du Frantziak. Izan ere, “gutxiengo” hitza agerrarazten duten artikuluei ohar bat ezartzeko ohitura handia du, bere burua demokraziaren babesletzat jotzen duen Estatuak. Bere aburuz, Frantses lurraldeetan ez da “gutxiengorik ” eta guziok eskubide berdinak ditugu.
Eta bai! herritar guziak berdinak dira, antza denez, ez da desberdintasunik, ez genero ezberdinik beraz, ez pertsona lodi edo meherik, ez aberats eta pobrerik, ez handirik ez txikirik…( gogoeta hau bestelakoa da baina…). Gutxiengorik ez dagoenez, gutxiengoen eskubideak babesten dituzten artikuluak ez dagozkio Frantziari.
Kasu horretan ere, beraz, Deklarazioaren 30. artikuluari ezarritako oharraren arabera gutxiengoen eskubideen aitortzarako artikulua ezin aplika daiteke. Haatik, azpimarratu behar dugu Deklarazioa berretsi duten 140 Estatutatik 30. artikuluari 3k oharrak jarri izana, Frantzia, Turkia eta Oman hain zuzen ere. Demokrazia adibide ezin hobeak!
Halaber, Deklarazioarekin onartutako neurriak bete diren aztertzeko egiten diren ebaluaketen ondorioek erakusten duten bezala, Frantziar Estatuak ez du jarreraz aldatzeko asmo izpirik, eta, berritz ere, 30. artikuluari eginiko oharra kentzeko eskaria egiten zaio, legearen aurreko berdintasuna ez dela nahikoa gutxiengoen eskubideen bermatzeko azalduz eta herritarren arteko egiazko berdintasuna bermatzea gomendatuz.Haatik, Frantzia entzungor egoten da, ez ditu bete batzorde honek zein besteek egin gomendioak eta berritz ere, muzin egin die Nazio Batuetatik etorritako oharrei.
Horren harira, eta Frantziar Estatuko jarrera erakustearren, aipatzekoa da azken urteotan Nazio Batuen Erakundeko beste Batzorde zein adituek ere gomendio bereziak egin dizkiotela gutxiengoen eskubideen inguruan agertzen duen jarrera alda dezala eskatzeko. Izan ere, nahiko ezaguna da Frantziar Estatuan Nazioarteko Itunetan eta gutxiengoen eskubideei dagokienez izaten duen jarrera. Hartara, Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Itunaren 27. artikuluaren inguruan ere ohar edo erretserba bertsua egin baitzuen.
Azken bi urte hauetan ugariak izan dira beraz, Nazio Batuetako Batzorde eta aditu ezberdinek egindako kritikak. Oro har, azterketa ezberdinek ondorio berdinetara iritsi dira; Frantziak gutxiengoekiko duen jarrera larria da, egalité printzipioaren izenean diskriminazioa eragiten du. Eskubide Ekonomiko, politiko eta Sozialen batzordeak behin eta berriz bere lurraldean diren gutxiengoak ofizialki aitortu ditzan galdegiten dio.
Nola ulertu, nola onartu, demokraziaren eredu izan nahi duen Estatu bateko gobernuak eskubideen zaintzarako sortu den Nazio Batuen Erakundeak egiten dizkion gomendioak behin eta berriz saihestea, eta berdintasunaren izenean eskubideak ukatzea, urratzea? …
Europa sortzen ari den une honetan, bere eragin eremuaren mugak agerikoak dira. Zer pentsa, haurrei ere ez zaielarik gutxiengo talde bateko ordezkariak izateko eskubidea aitortzen ? Denak berdinak benetan?














