Euskara normalizatu euskaraz bizitzeko
Ione Josie
Larunbatean, abenduaren 3an, urtero bezala, euskararen eguna ospatuko da. Emazteen egunaren antzera edota miseriaren kontrako eguna, ihesaren kontrako eguna, Telethon...zonbat egun behar ditugun, munduan gertatzen diren egoera gaitzak salatzeko edota gogora ekartzeko. Egun bakar batekin nahikoa ote? Horrelako egun baten beharrak nabarmen uzten du, egoera hauek irauten dutela,ospatzen hasi ziren egunetik, aldaketarik ez dela gertatu, eta zorigaitzez, xoko batean ahantzi ez daitezen, egun baten beharra duten kausak direla. Ospatu? Baina zer ospatu?
Funtsean, euskarak egun bat behar izatea ez da seinale ona. Euskarak egunerokotasunean behar ditu neurriak, emaztearen eguna egunero izan behar lukeen bezala. Euskaren normalizazioa lortuko dugun egunean, euskaraz bizitzeko aukera ukanen dugunean, herritarron hizkuntza-eskubideak aitortu eta bermatuko direnean, gure hizkuntzaren egoera diglosikoa ez dugu egun berezi baten bitartez seinalatu beharko.
Herritarrok euskaraz bizi nahi dugu. Herritarrek bere eguneroko jarduerak euskaraz egiteko aukera nahi dute, nahi bai, baina ezin. Administrazioek dute erantzukizuna, administrazioek dute herritarren nahia bermatu behar eta, gaur egungo egoera ez dela horrelakoa begi bistakoa da. Euskara “Frantziaren ondarea” bilakatu da, baina, ez zaio estatus egokirik eskaini, hots, ez da ofiziala.
Euskara ofiziala izateak, noski, ondorio juridikoak lituzke. Aitortu egiten da Administrazioarekiko harremanetan eskubidea duzula erabiltzeko, ofiziala delako eta horretaz baliatuz bere egoera hobetzeko politikak zilegitasuna lortzen du. Estatusaz gain, 75-1 artikulua ez da lege bidez deklinatu. Hizkuntza normalizatzeko ezinbestekoak dira estatus eta lege geriza, hizkuntza eskubideak bermatuko dituen legea, hain zuzen ere, eta hizkuntza politika egokia ahalbidetuko duena.
Adibidez, 2010ean Kontseiluak herriko etxeen hizkuntza-politiken inguruan bideratu dituen neurketek erakusten dute, gaur egun, hartzen diren neurriak, ausartenak ere, hautetsien borondatearen gainean oinarritzen direla, hots, egun batetik bestera, hauteskundeetan gertatu daitezkeen aldaketen eraginez, bertan behera gelditu daitezkeela.Haatik, Frantziako lege-koadroak ez du lurraldeko hizkuntzak erabiltzeko debekurik ezartzen. Orduan, gaur egungo lege-koadroaren baitan herriko etxeek neurri ausartak har ditzakete. Aukera baliatu behar lukete, euskarak estatus egokia eta euskal hiztunen hizkuntza-eskubideak bermatuko dituen legea lortu bitartean.
Administrazioek elkarbizitza arautzen dute, zerbitzuak eta baliabideak eskaintzen dituzte. Oro har, herritarren zerbitzuan ari dira, herritarren ongizatearen bermatzaileak dira. Bestalde, herritar horiek, zerbitzu horiek ordaintzen dituzte, zergen bitartez. Ondorioz, ezin dira herritarrak baztertu, orekaz eta justiziaz jokatu beharra da. Horretarako, ezinbestekoa da herritar euskalduna euskaraz artatzea. Herritarren hizkuntza eskubideak bermatze aldera, hizkuntza- politika eragingarri bat abian ezarri behar da, hautetsien borondatearen gainean soilik oinarrituko ez dena, hizkuntza-politika eraldatzailea da behar duguna, gaur egungo egoera aldatzera eramanen gaituena, alegia
Euskaraz bizi nahi dugun herritar asko gira, jadanik euskaraz bizitzeko hautua egin dugunak eta gure egunerokoan hori praktikan ematen saiatzen girenak. Administrazioari dagokio orain, euskaraz bizi nahi horri egoki erantzutea.Hortaz, euskaraz bizi nahi dut pentsatzen dugun guziok, batu behar dugu, euskaraz bizi nahi dut hori euskaraz bizi nahi dugu bilaka dadin!!
Komentarioak
elai
2011-12-03
Biziki artikulu interesgarria. Administrazioari erantzun arazi behar zaio bai,baina euskalduntzea jendarte osoan eman behar da eta ez administrazioan soilik. Euskaldunok gure artean euskaraz mintzatzea funtsezkoa da adibidez, batzuk uneoro frantsesez ari baitira euskaldunen artean ere!
Jone
2011-12-07
Guztiz ados Elairekin. Euskalduntzea administrazioaz gain, arlo guztietan bultzatu behar dugu. Eta euskaldunok euskaldunekin BETI euskaraz. Euskaldunekin eta erdaldunekin nahasirik gaudenean, lehen hitza beti euskaraz eta gero erdaraz.
Badira abertzaleak euskara ikasi gabe zahartzen ari direnak. AHALKEGARRIA! Ikasten ari naiz. Euskara zaila da. Ez dut denborarik. Borroka politikoa eta presoen aldekoa azkartu behar da lehenago. Horrelakoak erantzuten dute beti. ASPERGARRIAK DIRA. Horiek estakuruak, aitzakiak dira, beren alferkeria eta epelkeria zuritzeko. Eta euskaldunok gure askatasunaren eta nortasunaren alde eramaiten dugun borrokan, traba dira.
















- 