Euskarak Pauso bat haratago behar du

Ione Josie

Argitaratua: 2010-04-28 10:51:10

Apirilaren 24an, euskalgintzak oso une hunkigarria bizi izan zuen Bilboko Euskalduna jauregian. Izan ere, Kontseiluko idazkari nagusiak, Xabier Mendigurenek, lekukoa pasa dio, Paul Bilbao, Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendariari. Baina, pertsona aldaketa baino, euskararen normalizaziorako engaiamendua berretsi, ziklo berri baten hasiera markatu eta pauso bat haratago egiteko deialdia luzatu zen.

Hamabi urte iragan dira ‘Bai euskarari’ aldarripean Euskal herriko bost estadio bete zirenetik. Gogoan dut egun euritsu hori, Kontseiluaz ezer gutxi nekien orduan, Bai euskarari akordioaz area gutxiago.

Gogoan dut, bertaratzea ezinbestekoa iruditzen zitzaidala, kasik hil ala bizikoa – euskararen heriotza jokoan zelakoan nintzen- eta horrenbeste euskaldun, euskaltzaleen artean izateak nire baitan piztu zuen harrotasuna ez dut ahantziko. Bai, komunitate baten parte sentitu nintzen, euskal hiztunen komunitatearena alegia. Ilusioz, harrotasunez bizi nuen egun hura, esperantzaren iturri bilakatu zen niretzat, euskaraz bizi nahi duen “indio” bakarra izatetik, 125.000 euskaltzalerekin bat egiten nuen, “Bai euskarari” aldarrikatzen nuen, bai, euskaraz bizitzeko aukera eta engaiamendua hartu zuten horietarikoa nintzen.

Euskararen alde lan egiten genuenok ez genuen debaldeko lana egiten, ilusioz, eta lortuko dugunaren ziurtasunarekin atera nintzen Miarritzeko estadiotik. Euskaraz bizitzea posible zela, euskaraz bizitzeko hautua egin izanak bide egokitik nindoala esan nahi baitzuen. Hautu honetaz aspaldian konbentzitua nintzen, Ikastolan bertan, bizi egoera surrealistek nire hautua indartu egin zuten, baina, hainbeste jenderen artean, nire engaiamendua berretsi egin zen eta euskararen alde zerbait egin nahi nuela argi agertu zitzaidan.

Gogoratu behar dugu, Ikastolan ibili nintzen garaietan Hezkunde Nazionalarekin ez zela hitzarmenik izenpetu, BEPC azterketa euskaraz pasatzeko hautua egin genuela batzuek, eta ondorioz, azterketa ez genuela gainditu, azterketa bera, “candidat libre” gisa , ikasle ez aitortu gisa pasa behar izaten genuela, eta seigarrenean sartu nintzenean, ikastetxerik ez genuela ( Biriatuko hotel batean, Bidarteko prefabrikatu batzuetan eta Baionako Herriko Etxearen aurrean egin behar izan genituen klaseak)…Bai, garai hauek gure hizkuntzak jasan diskriminazioa agerian uzten zuten, oro har, euskaraz bizi nahi izateak garesti zitzaigun. Baina, horretaz ez nintzen benetan kontziente, eraso bezala bizi banuen ere.

Egunkariaren itxierak nire engaiamendua indartu egin zuen, herritar bezala, euskalgintzako partaide bezala, sekulako zaplastakoa bildu nuen, injustiziaren sentsazioak eragin sentimendua gogoan dut, erasotua sentitu nintzen nire sakontasunean, eta Donostiako manifestaldian parte hartu nuen garaian, eta berriz ere, estadioetako ekitaldietan sentitutakoa bizi izan nuen, talde baten partaidea nintzela, Frantziak eta Espainiak gure hizkuntzari eginiko kalteen zikloa, zurrunbiloa gelditzeko garaia iritsi beharko zela. Baina, garaian Kontseiluaz ezer gutxi nekien.

Larunbateko ekitaldian, garai hauetako irudiak etorri zaizkit burura, euskalgintzatik gertu baina era berean urrun ibili nintzenekoetakoa. Gaur, hautua egin dut, euskalgintzaren partaide aktiboa bilakatu naiz eta inoiz baino ilusio gehiagorekin ari naiz lanean. Bai, Euskararen normalizazioak bidea egin du baina, oraindik asko gelditzen zaio, eta, ez, ez da utopia. Euskal Herri euskalduna posiblea da.

Bai, Kontseiluak, Xabier Mendigurenen gidaritzapean, hamabi urte iragan ditu eta normalizazioaren zein sentsibilizazioaren bidean urrats ugariak eman ditu. Ekitaldian, Xabierrek Bai Euskarari Ziurtagiria eta Hizkuntza eskubideen Behatokia goraipatu zituen, herritarren eta eragileen eskura utzi tresnak direlakoan. Hauen ondoan, hizkuntza politikaren arloan eramandako lana ere nabarmendu zuen, instituzioei begirakoa, herriko etxeei begirakoa, beti ere, jarrera eraikitzaile batekin, hau da, kritika hutsak ez du inongo merezimendurik, errexa da, baina Kontseiluaren jarrera beti izan da, hutsuneak agerian utzi ondoren, hauen konponbiderako proposamenak egitea.

Paul Bilbaok ere euskararen beharrak ukan zituen ardatz. Izan ere, euskararen normalizazioa asetzeko, oinarrizko hiru zutabeak osatzen dituztenen elkarlana behar beharrezkoa dela iragarri zuen, hau da, eragileena, instituzioena eta herritarrena, euskalgintza beti bide lagun ukanen dutelarik. Euskalgintzak euskaraz bizitzeko aukerak zabaltzen dituela adierazi zuen, hau da, euskaraz bizitzea ahalbidetzen digutela, euskarazko egunkari bat irakurtzea, etorkizunerako belaunaldietan euskaldun eleaniztunak sortzea, helduak euskalduntzea, enpresetan euskaraz lan egitea ahalbidetzea, euskarazko literatura edo mundu osokoa euskaraz irakurtzeko aukera bermatzea, eskubideak aldarrikatzea, herrietan euskararen erabilera sustatzeko dinamikak abian jartzea….oro har, hainbat funtzio sozial euskaraz garatzeko aukerak zabaldu dituzte, beste edozein hizkuntzak dituen baliabideak eskuartean eman dizkigutela, euskaraz normaltasun osoz bizitzeko bitartekoak hain zuzen ere. Gizarte eragileek, ordea, atxikimendua agertu eta egunerokotasunean euskara uztartzen jakin dute, euskarari zeharlerrotasun ikuspegia eskainiz, euskara erabiltzeko aukerak zabalduz.
Instituzioek lan karga handia dute, batetik, euskaraz bizitzeko eskubidea bermatu behar dutelako, gaur egun oraindik, euskaldunok ahalegin bereziak egin behar baititugu euskaraz bizitzeko hautua egiten dugunean, frantsesa zein gaztelania lehenesten diren neurrian.

Horretarako bideak ireki behar zaizkigu, hizkuntzaren berreskurapen osoa ahalbidetuko duen hizkuntza politika bideratuz, hizkuntza eskubideak bermatuko dituen korpusa eraikiz. Herritarrei doakionez, gehiengo zabala da euskararen aldekoa, eta euskararen kontra izatea ez da politikoki zuzena.

Haatik, ez da nahikoa euskararekiko atxikimendua, hizkuntza ezagutu behar da, gozatu, IKASI eta ERABILI. Egunerokotasunean adierazi eta erakutsi behar dugu euskaraz bizi nahi dugula, pauso bat haratago emateko garaia dela, atxikimendutik engaiamendu zehatzerako jauzia egin behar dugula, ez da ulertzerik ez eta onartzerik berezko hizkuntzan bizi nahi duen hizkuntza- komunitate bati eskubidea ukatzea, oinarrizko eskubidearen urraketa dakarrelako.

1998an, Miarritzeko estadio honetan, “ Bai euskarari” oihukatzeko unean, jokoan zegoen guziaz ez nintzen konturatu, gure hizkuntzaren berreskurapenerako gakoa, guzion engaiamendua dela ez nuen barneratu, euskararen aldekoa izatea ez dela nahikoa, lorpena da dudarik gabe, baina, inondik inora ez du gure hizkuntza salbatuko.

Orain, bakoitzak bere heinean, euskalgintzak, eragile sozial zein politikoek, herritarrek, denek dugu zer egin, denon ardura da, “Euskaraz Bai ” esateko momentua da, “euskaraz bizi nahi dugula ” aldarrikatzeko momentua, gure eskubidea delako, emazte batek bozka eskubidea duen bezala. Kontseiluak lorpen ugari ukan baditu ere, oraindikan bidea falta zaio, eta Paul Bilbaok iragarri zuen bezala, PAUSO BAT HARATAGO emateko garaia da, denon ardura delako!


Komentarioak

Komentarioa idatzi