Euskarak status egokia behar du, berezkoa, ofiziala, lehentasunezkoa eta ezagutu beharrekoa

Argitaratua: 2012-02-07 16:53:45

Otsailaren 3an, Baionako unibertsitatean, Tokiko Hizkuntzak eta Konstituzioa: etena ala jarraipena? gaia tratatzeko kolokioa antolatu da. Bertan, Michel Alessio eta Guy Carcassone entzuteko parada ukan dugu.

2009ko kolokioari segida emanez, 2008an Konstituzioaren erreformaren kari gehitu 75-1 artikuluaren eragin esparruak edota artikulu horrek zer nolako aldaketak ekarri dituen definitzen saiatu dira.

Izan ere, oroit gira, 2008an “ Eskualdeko hizkuntzak Frantziaren ondarearen parte ” direla eransten zen. Haatik, hasieratik argi gelditu zen, aipu hori eransteak ez zuela eraginik izango, euskaldunon eskubideen aitortzarako lehen urratsa bigarren artikulua aldatzea zela, hau da, Konstituzioaren 75.-1 artikuluaren lehen puntuan, “hizkuntza erregionalak Frantziako ondare”-tzat onartzeak ez zuela hizkuntza eskubideen aitortzarik ekarriko; eta frantsesak Errepublikako hizkuntza bakarra izaten jarraituko zuela.

Kolokioaren izenburuak pausatzen duen galderaren erantzuna argia da: jarraipena. Jarraipena, 2008tik hona Frantziako estatuaren diskurtsoa ez da aldatu, ororen buru, konstituzio aldaketa nahikoa da, legea ez da beharrezkoa, hizkuntza gutxiagotuei ondare balioa emateak ez duela inolako eskubiderik aitortzen....

Finean, sorpresa handirik gabe, berriz ere, frantses asanbladan hainbat alditan entzundakoa errepikatu digu: gaur egungo lege koadroaren baitan bide seinale elebidunak eta tokiko kolektibitateek akta ofizialak frantsesaren ondoan erabili daitezkeela. Funtsean, gaur egungo lege koadroa ez da egoki baliatzen, herriko etxeek gehiago egin dezakete, mila aukera eskaini ditzake!

Frantziako asanbladak “eskualde” hizkuntzak Frantziako ondare izendatu dituen neurrian, hizkuntza hauen biziraupenean ardurak dituela adierazterakoan, iruzurra besterik ez da ageri! Nola ez aipa bezperan euskaraz bizi eta ikasi nahi duten ikasleek baxoa euskaraz pasatzeko eskubidea aldarrikatzeko elkarretaratzea antolatu dutelarik.

Gure hizkuntza ez da museoetan biltzekoa, guk gure hizkuntzan bizi nahi dugu, eta gure hizkuntza biziarazi! Jarraipena beraz, 75-1 artikulu horrek, eskubide berririk sortuko ez duelako, gure eskubideak ukatzen segituko dutelako!

Herritarrek administrazioekin dituzten harremanetan, herriko etxeekin, auzitegian adibidez, beraien hizkuntza normaltasun osoz eta balio juridiko osoz erabiltzeko hizkuntzek zer nolako estatus juridiko izan behar lukete galdetzerakoan, argiki erantzun zigun Carcassone jaunak, Konstituzioa moldatu ezean, hizkuntza gutxiagotuak ez direla inoiz frantsesaren pare izanen.

Azken batean, artikulua guztiz sinbolikoa, “apaingarria” gelditzen da, Alessiok egin lapsusaren arabera, azken batean, arau baliorik gabeko adierazpena dela agerian utzi du.

Haatik, hizkuntza komunitateetako hiztunek eskubidea dute hizkuntza eremu publikoan eta pribatuan erabiltzeko eta horretarako ezinbestekoa da euskarari dagokion estatusa esleitzea, frantsesaren estatutu berdina eta lehentasunezkoa.

Euskal hiztunok pairatzen dugun egoera diskriminatzailea da! Bestalde, Frantziaren egiazko hizkuntza-politika agerian uzten da, Frantziak hizkuntza bakarra du, besteak tolerantziaren bidez kudeatzen ditu, baina, ororen buru, ez ikusiarena baino ez duela egiten.

Hizkuntza eskubideak bermatu nahi badira, euskarak status egokia behar du, ofizialtasuna behar du. Izan ere, horrek bakarrik ahalbidetuko du hizkuntza eskubideen aitortza eta ondorioz, horien bermerako mekanismo juridiko-administratibo zein hizkuntza politika eraginkorrak abian jartzea, horrek betebeharrak sortuko dizkio administrazioari.

Estatus egokiak erran nahi du ere, hizkuntza ofiziala izateaz gain, berezkoa, lehentasunezkoa eta ezagutu beharrekoa definitu behar dela. Statusaz gain, funtsezkoa da, euskaraz bizi nahi dugunon eskubideak eta normalizazioa bermatuko dituen lege bat, herritarron hizkuntza eskubideak babestuko dituena.

Arrazoi guzi hauengatik, martxoaren 31an euskaraz bizitzeko eskubidea dugula aldarrikatuko dugu Baionako karriketan!


Komentarioak

icon

Edurne Etxeberri

2012-02-07

Eta stastus hori gabe, ez goaz inora. Frantziak hori nahi du, beste genozidio bat. Horrelakoetan ohitua dago, bere menpe hartzen dituen herri guztiekin gauza bera egiten baitu: kolonizazioa eta genozidioa. Ikusi Bretainia, Korsika, Ipar Katalunia, edo Ipar Euskal Herria, denekin gauza bera egiten du... Ikusi zoin den euren mintzairen egoera, zoin hurbil dauden amildegitik.

icon

Parisi agur!

2012-02-08

Zer uste duzue? Parisen egindako legeak " hizkuntza ofiziala izateaz gain, berezkoa, lehentasunezkoa eta ezagutu beharrekoa" bermatuko duela? Nun bizi zarete?
Aldarrikapenekin guztiz ados! Baina artikuluan erran bezala, Herriko Exteek dituzten baliabideak ez dituzte erabiltzen jadanik... Nolaz Parlamentuak du hizkuntza politika berri baten alde egingo? Edo konstituzioa aldatuko?
EAEn gauza bera da, Euskara ofiziala (omen)da baina ez da lehentasunezkoa eta ezagutu beharrekoa... Nola ez aipa Nafarroan den Vascuencearen legea...Ez ditzagun besteen akatsak errepika!
Parisen edo Madrilen egindako legeak, euskaldunen kalterako dira... Euskaldunon heriotza goxotzen dute ziur, baina ez dute eritasuna sendatzen.
Euskaldunok gure legea! Ińungo esku hartzerik gabe! Parisi Agur!

icon

Iratxo

2012-02-08

gainekoarekin aski ados.

hamildegira botatzen zaituztelarik erahilketa da, zuk saltatzen duzularik...

euskararen ofizialtasuna galdetzen dugu baina guhaurk ez dugu euskara baliatzen!

icon

EUSKARA OFIZIALA?

2012-02-09

http://berria.info/albisteak/60624/eaen_euskaraz_zerbitzurik_eskaintzen_ez_duten_enpresak_ez_dituzte_zigortuko.htm

icon

Kateak hautsi

2012-02-11

Erabat ados Parisi agurrekin. Espainia eta Frantzia gure Herria asimilatu nahi duten estatu inperialistak dira. Izaera hori dute.Horiei "babes" eske aritzea erabateko kontraesana da. Borrokoa ideologikoa plantatzeak sekulako garrantzia du. Frantziak ito egiten gaitu,egin behar dena KATEAK HAUSTEA da. Euskaldunok gure estatua lortzera bideratu behar ditugu indarrak hori funtsezkoa delako Euskal Herri euskalduna lortzeko.
Bertzetik egia da ere Iratxok dioena.Ofizialtasuna galdegin eta gero frantsez mintzatzearekin finitu behar da.

icon

Iratxo

2012-02-11

Ez ofizialtasunak ez euskal estatuak ez jainko zerutiarrak ez dute euskara salabatuko, euskaldunek gure hizkuntza eta gure kultura babestea guregain hartzea asumitzen ez dugun artean.

Hamildegia hurbil da... nork egin nahi du jauzi?

icon

Sugar

2012-02-13

Zer egiten du Euskadin bizitzen duen norbaitek Euskera ikasten saitzen ez danean? Ba bere hizkuntza inposatzen du gu "jatorregiak" garelako. Zer gertatuko litzateke Euskera dakigunok beharrezkoak egiten ez zaizkigun guztitan Euskeraz egitea? Norbaitek ez badu euskera ikasi nahi zergatik hitzegin behar diot beti erdaraz? Ingalaterrara jungo balira ingelesa ikasi beharko zuketen bai ala bai, eta Ingelesak ez ziran Espainiatar ikasten hasiko bere herrian komunikatzeko ez?Uste det duen garrantsia ematen ez badiogu Euskerari besteak ez diote inolako garrantzirik emango.
Eta administrazioan euskararen zuzenbideak urratzen diren bakoitzean salaketa jarriko bagenu? 300 salaketa urtero izan ordez 10000 izango balira?

Komentarioa idatzi