Euskararen unibertsoak pauso bat haratago

Argitaratua: 2011-02-03 12:39:43

Hamabi urte iragan dira 125.000 herritar “Bai euskarari ”! oihukatzeko, Euskal Herriko bost estadiotan eta lema bakar baten inguruan elkartu zirenetik. 2010. urtea agurtu eta sentsazio gazi-gozoa utzi didala aitortu behar dut.

Alde batetik, Euskaldunon Egunkaria auziaren emaitza onak, Espainiar estatuaren erasoaldiaren zentzugabekeria agerian utzi du, eta euskalgintzari, euskarari egindako kalteak aitortu egin dira. Haatik, kalte moralak eta fisikoak ez daitezke kitatu.

2010ean, Frantses estatuak hitzemandako lege proposamenaren eztabaida mahai- gaineratu da, baina, pauso bat aurrera eta bi atzera eman dira lege proiektua dela lege proposamena dela, euskara babes juridikorik gabe gelditzen da eta han artean, Damoklesen ezpatak gure hizkuntzaren etorkizuna mehatxatzen segitzen du.

2010, Euskararen erakunde Publikoarentzako ere, urte nahasia izan da, zuzendari aldaketa, 5 urteko ibilbidearen balantzea, eta 2016 bitarteko orientabideen onarpena ekarri du, hauekin batera, erabilera irakaskuntza bezain premiazkoa dela aitortzen delarik.

Euskalgintzak, haatik, urte garrantzitsua bizi izan du, 1998ko indar metaketa hori ahalbidetu zuen “euskararen unibertsoa” errepikatu duelarik. Hamabi urteren ondotik, balantzea egiteko unea eta ondoko urteetako erronkak definitzeko premia ikusi baitu.

Hamabi urte hauetan, euskarak aurrera egin badu ere, Euskal Herriko lurralde ezberdinetan egoera desberdinak badira ere, ez da lortu lurralde bakar batean ere euskararen normalizazioari begira nahikotasun maila batera iristen den hizkuntza-politika ez eta status juridiko egokirik. Noski, euskara urte luzez gutxiagotua izan den hizkuntza da eta egun bizi dugun egoera horren ondorio zuzena da.

Egoera irauli nahi bada, euskararen normalizazioan urrats kualitatiboak emateko euskarari lehentasunezko tratamendua eman behar zaio, hots, euskarari diskriminazio positiboa aplikatu behar genioke. Hau da, urteetan bazterketa sufritu ondoren, euskarari lehentasunezko tratamendua eskaintzea beharrezkoa da, hizkuntza ahul eta indartsu bat parez pare ezarri ondoren, bakoitzari tratamendu berdina eskaintzeak hizkuntza ahulenaren galbidea dakar, horregatik da hain garrantzitsua diskriminazio positiboaren kontzeptua.

Gaur egun, ordea, kasurik onenetan, euskarak maila bateko onarpen ofiziala duen menpeko hizkuntza gisa onartua da, edo, ipar Euskal Herrian, inolako ezagutza edo aitortza legalik ez du, ez bada “Frantziako ondare” izendapenaren atzetik egin daitezken irakurketarenak.
Horrez gain, Frantziako Estatuaren zentralismoaren kulturak euskarari garapen bide oro mugatzeko joera agerian utzi du, eta Eskualdeko hizkuntzen legeak aurrera egiten balu ere, pentsa daiteke, ziurrenik, ez litzatekeela euskararen beharretara egokitua litzatekeen lege bat lortuko eta ez daiteke pentsa ofizialtasunaren bidea irekiko lukeenik. Haatik, aldaketa ezinbestekoa da, denbora hizkuntza ahulenen etsaia baita.

Testuinguru honetan, hizkuntzak behar duen lekua irabaztea da ondoko urteetarako gakoa, euskararen beharrak eta euskarak beharrezkoak dituen aldaketak bultzatzea hartu beharko dugu iparorratz, euskararen berreskurapen osoa lortzeko gisan. Bai, euskaraz bizia egin ahal izateko baldintza juridikoak, politikoak, sozialak eta ekonomikoak lortzeko gisan. Euskaraz bizi ahal izateko urgentziazko neurriak hartu behar dira, belaunaldi berriak euskalduntzea, euskarari estatus egokia eskaintzea, hizkuntza politika burujabea eskuratzea eta gune euskaldunak babestea, zirkuituak osatzea.

Euskararen normalizazioaren erantzukizuna politikarien ardura bada ere, herritarrek, euskaraz bizitzeko duten nahia adierazteko unea iritsi da, azken batean, guk dugulako euskaraz bizitzeko nahi hori errespetatua izan dadin ulertarazteko gaitasuna, guk erakutsi behar diegu borondate hori badugula. Azken batean, herritar bakoitza da normalizazio prozesu honen bidelaguna, guziok elkarrekin euskararen unibertsoa osatzen dugulako. Nik euskaraz bizi nahi dut, besterik ez!


Komentarioak

icon

Mixel Aduriz

2011-02-01

Guztiz ados, bada tenorea urrats eta apostu berriak egin ditzagun. Ipar Euskal Herrian zerbait sendoa egin beharko ginuke, ez badugu hogoi urtetan desagertu nahi.

icon

Julen

2011-02-03

Guztiz ados ere bai! Segur da erritmo honetan hemendik 20 urtetara euskaldunik ez dela gehiago izango.. Erraten duzun bezala, apostu berriak egin behar ditugu, hortan ere ados naiz zuekin!
Aldiz, nik uste, ez dugu "Ipar euskal herritar" bezala pentsatu behar baizik eta Euskaldun gisa. Hortan da gakoa, hizkuntz komunitate bat osatzen dugu euskaldunok eta pisu/podere gehiago dugu horrela. Ipar euskal herria mugitzen bada menperatzen gaituen estatuari legedi bat eskatzeko, menpeko hizkuntza politika bat aterako digute; Euskara "polita" izan dadin, estatu frantseseko ondare gisa hartua... beraz "diskriminazio positibo" hori, ez eta pentsatu ere!

Gure hizkuntza eta geroa aldarrikatzeko, euskaldunok Donostiara Otsailaren 12an! Sasi guztien gainetik, EUSKALDUN eta BURUJABE!

Komentarioa idatzi