Euskaraz ikasteko eskubidea dugu!

Ione Josie

Argitaratua: 2011-04-28 16:11:14

Azken hilabete honetan, euskarazko irakaskuntzak egoera kezkagarria pairatu behar izan du. Alde batetik, Etxepare Lizeoko ikasleek baxoa euskaraz pasatzeko eskubidea aldarrikatu dute eta Bordeleko Hezkuntza Akademiako Errektoreari baxoa euskaraz pasatzeko eskaria egiteko gutuna igorri diote. Izan ere, ikasketa guztiak euskaraz egin ostean Baxoa frantsesez egin beharrak kalte egiten dietela azaldu dute. Bestetik, Seaskaren datorren urteko sarrera ere kolokan ezarri da, lanpostu murrizketak direla eta. Funtsean gatazka horiek ez dira gaurkoak, baina euskarak urteetan bizi duen egoeraren isla.

Ikasleek berek hautatu hizkuntzan azterketak pasatzeko eskubidea bermatzearen aldarria ez da berria. Duela 15 urte soilik Brebeta euskaraz aurkeztu daitekeela, eta hamabi bat urte baxoko Historia-Geografia frogarentzako. Geroztik, Errektoreak, ez du urrats berririk egin euskararen normalizazioaren bidean. Gogoan dut, 3.ean ginenean, Brebetaren frogak euskaraz pasatu ahal izateko, ikasle, buraso, irakasle talde batzuk erresistentzian sartu behar izan genuela.

Garaian, Seaskak hezkuntza Nazionalarekin ez zuen hitzarmenik, azterketak, Brebeta zein Baxoa, ikasle ‘libre’ gisa aurkeztu behar genituen, konkretuki, Brebetan 6 gai 3ren ordez eta guziak frantsesez. Brebeta froga euskaraz pasatzeko hautua egin genuen, beren erabakia azalduz.

Zaindariek zer nolako erreakzio ukan behar zuten ez zekiten, hizkuntza arrotz honetan idazten hasi ginenean, ikasle hauek onartu? Azterketa zentrotik kanporatu? Finean, frogak nahi bezala pasa genituen, gure ekintza gutun bidez azalduz. Noski, azterketak ez zizkiguten zuzendu eta ez genituen gainditu. Ondoko belaunaldiek bide beretik segitu zuten, lortu arte. Euskarari bidea ireki genien. Orain, Brebeta frogan Historia-Geografia eta Matematikako azterketak euskaraz pasatu daitezke. Orduan, beste gainerako frogak zergatik ez daitezke euskaraz aurkeztu?

Gaur egun “égalité des chances” printzipioaz hitz egiten da, baina, ikasketa osoak euskaraz egin eta, azterketa frantsesez pasatu beharrak ikasleak kaltetzen ditu, azterketa gainditzeko zailtasun gehigarriak ekartzen dizkie, azterketetako emaitzetan eraginez. Hau da aipatu daitekeen lehen alboko kaltea. Bigarrena da, ikas-prozesuan bertan duen eragina. Izan ere, lizeoko azken azterketa hori frantsesez egin beharrak euskara gero eta gehiago baztertzera eramaten gaituela.

Finean, Ikastolako ikasleek gai guziak euskaraz ikasten dituzte baina ikas-prozesu bukaerako azterketa, historia geografia salbu, frantsesez pasatzea behartuak dira. Nola esplikatu beste gaiak euskaraz aurkezteko aukerarik ez izatea? Hau ote da berdintasun printzipioaren bermatzea? Denek ote ditugu azterketa baten aurrean aukera berdinak, frantses hiztunak dituen aukera ber-berak ez ditugunean?

Bestalde, baxoa frantsesez pasatu behar izateak ondoez erantsi bat sortzen die. Izan ere, ikasle batzuek, murgiltze sistema uzteko erabakia hartzen dute, hots, arazo hau saihesteko zenbait ikasleek Hego Euskal Herriko ikastetxeren bat edo frantsesez irakasten den bat hautatzen dutela nabarmendu dute ikasleek . Hautatu hizkuntzak azterketa gainditzeko sortzen dizkioten oztopoak gainditzeko, hizkuntza baztertu behar dute, urteetan egin hautua bertan behera utzi. Hizkuntza da kaltetua, hizkuntza bera da galtzailea.

Baxoa euskaraz aldarrikatzeaz gain, Seaskak badu kezkatzekorik. Frantziako Hezkuntza Nazionalak datorren ikasturterako ikastoletan beharrezkoak diren zortzi irakasle lan postuak beregain ez ditu hartuko, egitura guzia baita arriskuan ezartzen dena.

Izan ere, urtez urte ikasle kopurua 150 eta 200 haurren artean emendatzen doala adierazi dute Seaskako ordezkariek. Haatik, ikasle kopuruen emendatzea kontuan hartu gabe, hiru postu kendu nahi dizkie Hezkuntza Nazionalak bigarren. Paxkal Indo, Seaskako lehendakariaren iritziz" berrogei eta zazpi haur irakasle bakoitzarentzat" egingo luke horrek, irakaskuntzaren kalitatean eraginez. Berriz ere, euskara da galtzailea.

Euskararen normalizazioaren gakoa da irakaskuntza, hots, hiztun berrien sorrera. Gaur egun, jakina da, murgiltze sistema dela hiztun osoak sortzeko tresna eraginkor bakarra. Horretarako tresna bizi dadin bermatu behar da. Euskaraz ikastea eskubide bat da. Euskaraz azterketak pasatzea eskubide bat da eta aukera hori egiteak ez digu kalterik eragin behar. Denek dugu kalitatezko irakaskuntza jasotzeko eskubidea, irakasle nahiko ezarriz, azterketak hautatu hizkuntzan pasatzeko eskubidea bermatuz. Horrela jasotzen du gainera 15 urte betetzera doan, Bartzelonako Hizkuntza Eskubideen Delarazioa: Gizaki orok eskubidea dauka bizi den lurraldeko hizkuntza propioa ikasteko.

Euskararen herrian euskara ikasteko eskubidea bermatu behar zaigu, gure eskola zaindu behar du eta euskaraz ikasteko hautua egiten dutenei xantza berdinak eskaini behar zaizkie! Euskaraz bizitzeko hiztunak sortu behar dira, nik euskara ikastolari esker ikasi nuen, eta horretarako irakaskuntza ezinbestekoa da. Ikasle ohia naizelako, Ikastola eskertu nahi dudalako, euskaraz bizi nahi dudalako, euskaraz ikasteko eskubidea bermatua izan dadin aldarrikatu nahi dudalako, apirilaren 30ean denok Baionara!


Komentarioak

icon

Didier

2011-04-29

Euskaraz ikasteko eskubidea dugu, bai horixe!
Horretarako ez dugu metropoliaren mintzaira behar.

Komentarioa idatzi