Herriko Etxeak euskararen bermatzaile

Ione Josie

Argitaratua: 2011-07-07 15:39:12

Ekainaren 30ean, hizkuntza gutxiagotuen aldeko legeaz eztabaidatu da Frantziako Senatuan, Navarro senatariak aurkeztu proposamenaz, hain zuzen ere. Berriz ere, entzun ahal izan dugu, lege batek hizkuntza-eskubideen aitortzari bidea zabaltzen diola, eta Frantziaren batasunaren kontra egiten duela.


Hizkuntzen gaia arinkeriaz tratatu dute, alta, seriostasuna zor zaio. Lege proposamen izatetik, zirkularra izatera proposatu da, eta, laster, zirkularra izatetik, delibero izatea proposatuko dute, Herriko Etxeen gain utziz euskararen etorkizuna.



Panorama ikusirik, euskara normalizatu nahi bada eta euskaraz bizi nahi duten herritarren eskubideak bermatu nahi badira, erran daiteke, euskararen etorkizuna herriko etxeen eskuetan jokatzen dela. Finean, Parisetik etorriko litzatekeenaren zain gelditu baino, eta tarte horretan, deus gutxi egitea baino, herriko etxeek euskararen normalizaziorako bai eta herritarren hizkuntza-eskubideen bermerako neurri eragingarriak hartu ditzakete, eta lege eza ez da ezer egiteko aitzakia bilakatu behar.


Oro har, herriko etxeak dira herritarrekin harreman zuzena, hurbilena duten administrazioak eta euskaraz bizitzeko aukera eskaini diezaiekete, alegia.



Kontseiluak herriko etxeen hizkuntza-politikaren azterketa burutu du Ipar Euskal Herriko 19 herritan. Orotara, 190.287 mila herritarrengan eragiten duten hizkuntza- politikak dira, Ipar Euskal Herriko populazioaren %70.


Herriko etxeak hartu erabakiak, esleitutako baliabideak eta horien emaitzak aztertzeaz gain, herritarrek euskarazko zerbitzua jasotzeko eta langileek euskaraz lan egiteko eskubideen bermea zein neurritarainokoa den eta nola gauzatzen den neurtu da: corpus juridikoa (deliberoak), plangintzak eta baliabideak aztertu dira.



19 herriko etxe, beraz, eta Hendaiak lortu du notarik egokiena, 3 puntu 10en gain. Ipar Euskal Herrian, euskara ez da ofiziala eta legeaz zer erran, ondorioz, bideratzen diren hizkuntza-politikak hautetsien borondatearen gainean oinarritzen dira, eta horrela segituko dute, baina, borondate soilak ez du hizkuntza baten normalizazioa ziurtatzen.


Are gehiago, herriko etxea kudeatzen duen talde politikoan aldaketak gertatzen badira, aitzineko taldeak euskararen alde abiatu lana bertan behera gelditzeko arriskua bada. Oro har, ez da herritarren hizkuntza-eskubideak bermatuko lituzkeen deliberorik hartzen ez eta euskararen normalizazioa ahalbidetuko lukeenik ere. Noski, estatus eta lege ezak ahalbidetu ditu horrelako emaitzak, segur gara, legea bagenu eta euskara ofiziala balitz, emaitza askoz hobeak lortuko genituzkeela.


Gaurko testuinguruan, ezinbestekoa da, gaur egungo lege koadroak eskaintzen dituen aukerak, baliatu ditzaten herriko etxeek, eta muturreraino gainera. Herritarren hizkuntza-eskubideak deliberoz bermatu ditzakete, baina, ez dute egiten. Hainbatetan entzuten dugu gure herrian hizkuntza-politika progresiboak behar ditugula. Maiz, progresibotasun terminoaren atzean helburu eta epe zehatzik gabeko hizkuntza-politikak atzematen dira eta ez da progresibotasuna ebaluatzerik. Hala ere, Hendaiak 3 puntu, Angeluk 0,06. Hendaiak lortu dezakeena, Angeluk ere erdietsi dezake.



Hizkuntza bat egoera diglosikoan denean, hau da, espazio fisiko eta funtzionala beste hizkuntza batekin banatzen duenean, hizkuntza gutxiagotua normalizatzeko funtsezkoa da bi hizkuntzen estatusak gutxienez berdintzea. Frantses Konstituzioak: “frantsesa da Errepublikaren hizkuntza” dio. Euskara aldiz, ondarea dela aitortzen da. Aitorpen horrek ez du estatusa berdintzen eta ez du ondorio praktikorik euskal hiztunen hizkuntza-eskubideak bermatzeari dagokionez. Gaur egun “berdintasunaren izenean” euskaldunak dira diskriminatuak eta baztertuak, euskaraz bizitzeko aukerarik ez dutenak.


Frantsesa da Errepublikaren hizkuntza eta gurea bezalako hizkuntzak ondarearen parte besterik ez. Non da berdintasuna, gure hizkuntza nahi bezala erabili ahal ezin badugu? Non da askatasuna, gure hizkuntza askatasun osoz erabili ahal ezin badugu, hots, hautuaren, askatasuna?


Administrazio zentral eta jakobinoak egin nahi ez duena, herriko etxeek bete dezakete, deliberoak, helburu eta epe zehatzak dituzten planak eta baliabide egokiak, eta egoki kudeatuak esleituz! Izan ere, neurketen emaitzak agintarien esku geldituko dira orain, eta herriko etxeetan hizkuntza-politika eragingarria abian jartzeko gakoak izango dituzte. Aitzakiarik ez, beraz, euskaldunon eskubideen bermeari eta gure hizkuntzaren normalizazioari ekiteko.



Euskaraz bizitzeko nahiari determinazioz eutsi behar diogu, eta sentimendu hori kanporatzen dugun milaka herritarrok bat egitean, hizkuntza-politika eragingarria abia dezaten eragiteko gaitasuna dugula ohartuko gara.


Komentarioak

Komentarioa idatzi