Hitzetatik ekintzetara

Argitaratua: 2012-06-13 15:14:34

Lehendakaritzarako hauteskundeen ostean, legebiltzarrekoek ere beren promesa zikloa dakarte. Euskarari doakionez, argi da ez dela hautagaien proposamenetan lehentasunezko gaia. Hala ere, martxoaren 31ko Deiadar manifestazioaren eraginez, zaila egiten zaie, euskarari buruzko galderak saihestea eta nagusitzen den proposamena Erregioetako eta Gutxiengoen Europako Ituna berrestearen aldekoa da.

Dudarik gabe, Europako ituna berrestea aitzin-pauso serioak baldin badira, hitza bete behar dute. Hitza bete eta agintaldiarenlehen urtetik gainera, haizeak ele ederrak ez ditzan berekin eraman.

Hori espero dugu Hollande-n aldetik oso gogoan ukan behar dugu, Ituna, zer den. Izan ere menu bat  da, eta statuak bere lurraldean aplikatu nahi dituen neurriak hautatzen ditu.

Frantziak, adibidez, 98 neurriren artean 39 bere konstituzioarekin bateragarri ikusi zituen, hala nola, toponimian, irakaskuntza, helduen formakuntzan, hedabideetan, kulturan, administrazioan…funtsean gaur egun molde batez edo bestez betetzen diren neurriak.

Neurriak bete dituen ebaluatzeko, txosten bat egin behar du, hiru urterik behin. Horrek erran nahi du, estatuak bere burua ebaluatzen duela, eta txostenean jasotzen direnak ez direla baitezpada errealitatearekin ezkontzen (ez beti, behintzat).

Ituna berresteak, herri mugimenduari bere ebaluaziopropioa egiteko eta aurkezteko aukera eskaintzen dio, eta betetzen ez diren neurriak agerian utzi ditzake. Baina, estatu batek hartu engaiamenduak ez baditu errespetatzen, ez du inolako zigorrik, ez da deus gertatzen.

Ituna hobekuntza da gaur egun: baina, bide ematen die Estatuei neurri ez nahikoak, eraginkortasun gutxikoak edo kalitate ahulekoak erabakitzeko eta horretarako ezinbestekoak dira, legea eta status egokia.

Hortaz, diputatuek erantzukizun handia  dute, status egokia zein legea lortzeko urratsak legebiltzarrean egin daitezkeelako. EH BAI, EAJ, EE-LV, PS, UMPko Marc Oxibar, Zentristak, Alliance Ecologiste indépendante  eta NPA ofizialtasunaren alde agertzen dira edota euskararen ezagupenaren alde; beste alderdiek, berriz, ez dute horrelako zehaztapenik eskaintzen.

Horrez gain, EH BAIk euskara frantsesaren hein berean, hizkuntza politika burujabea eta hizkuntza-eskubideen aitortza proposatzen ditu. EH BAI, EAJ, EE-LV, PS, UMPko Marc Oxibar, Zentristak, Alliance Ecologiste indépendante eta NPA konstituzioaren moldaketa,  eta lege koadroaren aldeko engaiamendua hartzen dute. Eurokarta izenpetzearen alde agertzen dira hautagai gehienak, jada aipatu ditugunak eta Ezkerreko Frontekoak (ohar batekin).

Bestalde, Alderdi Erradikalaren hautagaia eta diputatu ohia den Jean Grenet ere lege baten alde agertzen da. Izan ere, hiru diputatu ohietariko bik hizkuntza gutxituen alde egindako lana baloratzen dute, Grenetek bi lege proposamen izenpetu ditu, guziak http://www.aginduazor.eu atarian ikus daitezke.

Haatik, lege egokiaren ezaugarriak ez dira zehazten, eta euskararen estatusari erreferentzia egiten zaionean, ofizialtasuna soilik edota frantsesarekiko berdintasuna aipatzen da.

Alta, legearen helburua euskaraz bizi nahi dutenentzako baldintzak eta euskaldunon hizkuntza-eskubideak onartzea izan beharko litzateke.

Legeak izaera orokorra ukan behar du,  gero  sektoreko beste arau batzuen bitartez zehaztuko direnak,  helburu eta epe zehatzak ukan beha ditu, baliabidez hornitua eta zehar-lerrokoa izan behar du, eta sektore guziak kontuan hartu behar ditu: hezkuntza, hedabideak, kultura, administrazio Publikoa, osasun-sistema , justizia, alor sozioekonomikoa , aisia eta kirola, zerbitzu erlijiosoak …

Lege egoki batek betebeharrak eta urraketen aurrean erantzukizunak zehaztu behar ditu. Bestalde,euskararen gutxienekoa da, kanpo esku hartzerik gabeko hizkuntza politika bideratzea eta euskarari status egokia esleitzea, hala nola, ofizialtasuna. Izan ere, horrek bakarrik ahalbidetuko du hizkuntza eskubideen aitortza zein hizkuntza politika eraginkorrak abian ematea. Status egokiak erran nahi du ere, berezkoa – euskara historikoki lurralde honetako hizkuntza baita lehentasunezkoa, historian zehar izandako desorekak zuzentzeko eta euskararen aldeko politikak ahalbidetzeko, lurralde guztietako instituzioetan, zerbitzu publikoetan, hedabideetan, irakaskuntzan, etab... Ezagutu beharrekoa izan behar du ezagutzaren unibertsalizatzeak bermatuko dituelako herritarren arteko bizikidetza eta euskaraz bizitzeko hautua egiten duten herritarren nahia.

Geroz eta hizkuntza gehiago jakitea aberastasuna da, hizkuntza erabiltzeko hautu askatasuna bermatzen baita, ondorio positiboak eragin: ez, besteak beste, euskaraz bizitzeko, hizkuntza hautua bermatzeko, administrazio publikoen eginkizunak betetzeko, euskara gutxiagotzen duten hizkuntza-jarrerekin amaitzeko, etab.

Argi da gure hizkuntzaren berreskurapena lortzeko, euskaraz bizi ahal izateko eta hori guztia ahalbidetuko duten baldintzak lortzeko aukera ona zabaltzen ari dela baina, benetakoa izan behar du.

Hortaz, ele ederrak zuhurtziaz hartu behar dira, euskaraz bizi nahi dugunok, urrats konkretuak nahi ditugu orain, hitzetatik ekintzetara pasatzeko unea da!


Komentarioak

icon

jon

2012-06-11

ekintza hitza baino hobe !!!! aktion speeks louder than words !

icon

Mattin Herburukoa

2012-06-13

Hitza ongi da gibeletik ekintza heldu delarik. Abertzaleek beti horrela egin beharko ginuke.

Komentarioa idatzi