Igandean, armairutik atera!
Ione Josie
Igandean, urtero bezala, ohituran baino lehentxeago baldin bada ere, Lapurtarren Biltzarraren 32. edizioa ospatuko da. Lapurtarren biltzarra, iraultza aitzineko biltzarraren oroigarria bada ere, Lapurdiko herriak aldarrikapenen inguruan biltzeko helburuarekin sortu da, urtero, karroek erakusten duten bezala, hots, Euskal herriko eta mundu osoko arazoak, salaketak, aldarrikapenak, karroen bidez islatzea.
Haatik, euskararen aldarrikapena da, Lapurtarren Biltzarraren sorrera bultzatu duen aldarrikapena.
Izan ere, 1978an, Euskaltzaindiak “Bai Euskarari” kanpaina antolatu zuen, euskararen aldeko kontzientzia pizteko, euskara babesteko, sustatzeko eta dirua biltzeko. Hainbat erakunderen sostenguz, ekitaldi anitz antolatu ziren Euskal Herri osoan. Testuinguru honetan, Lapurtarren Biltzarra antolatu zen 1979an lehen aldiz, “Bai Euskarari” kanpainaren bukaeran euskarari bultzada emateko, euskara sustatzeko, turismo salbaia salatzeko eta instituzio propioa aldarrikatzeko helburua zuelarik.
Finean, Lapurtarren Biltzarra euskararen ikuspegitik abiatu zen, beste gai batzuetara zabaltzeko.
Geroztik, “Bai euskarari ” kanpaina izatetik, egitasmo izatera heldu da, kanpaina izatetik, euskarari atxikimendua eskaintzen diotenen isla izatera. Bidea, pausoka egiten da bidea, oinez, ibiliz, urratsez urrats, kilometroak irentsiz, korrika. Beti aurrera.
Baina euskarari soilik atxikimendua eskaintzea ez da nahikoa, egungo egoera gainditzeko, egoera irauli behar da. Finean, euskaraz bizitzea da gure nahia, ez besterik. Gure eskubidea da, emazteek bozkatzeko eskubidea duten bezalaxe. Euskaraz bizi nahi dugunon kopurua ez da uste bezain txikia, kontzientzia hartu besterik behar ez dugu.
Euskalduna izatea harrotasunez bizi behar dugu, konplexurik gabe, parean dugun eragileak frantsesez edo gaztelaniaz erantzun oteko digun gogoetatu gabe, parekoak, euskara ez dakienaren susmoaz, gure hizkuntza baztertu gabe.
Armairutik ateratzeko momentua da, guk, gure eguneroko bizia normaltasun osoz euskaraz egiteko garaia. Euskaldunak ez dira aparteko komunitate bat, gay eta lesbiana, emazte ala arrazakeriaren biktimak bezalaxe, beren eskubideak errespetarazteko borroka eraman behar dute, azkenean, gizaki orok eskubide berdinak ditu, haien artean, hizkuntza berdintasuna.
Lapurtarren biltzarra euskararen ikuspegiarekin, ikuspegitik sortu zen, Bai euskarari aldarrikatzeko. Aurten, Euskaraz bizi nahi dugula aldarrikatzeko momentua ere izanen da, euskaraz bizi nahi dut! harrotasunez adierazteko hitzordua.
Komentarioak
Ixabel A.
2011-09-21
Domaia da, baina ekitaldi hau azken urteetan maldan behera erori da. Arraindartu beharko ginuke.
zergatik?
2011-10-02
ekitaldi hori mozkor-festa bilakatu da azken aldian, bere funtsa erabat galduz...
domaia da.
















- 