Kondena baten kronika
Ione Josie
Berrikitan, « Les Aigles de Libération de l’Afrique » izendapena hartu duen talde batek Tchaden Erakunde Ofizialetatik kanpo lanean ari ziren bi pertsona bahitu ditu, Parise eta N’Djamenaren artean gauzatu akordioa salatzeko, hots, Arche de Zoé elkarteak duela urte bete antolatu « haur bahiketa » auziperatzeko. “Les Aigles de Libération de l’Afrique ” erakundeak « hobendunak presondegiratuak izan daitezen, justiziak bere lana egin dezan » eskatzen du. Haatik, bi bahituak bahitu bezain laster askatu dituzte eta geroztik gaiaz gutxi dakigu.
Martxoaren 31a data berezia izan da Arche de Zoéko auziperatuentzat. Izan ere, urte bete egiten zuen mozorrotutako auzitegi baten 8 urteko kondena ezarri ondoren, lehendakariaren manuz, askatasuna berreskuratzen zutela, Frantziarekin negoziatu ondoren: gizakiak armen kontra, bizia herioaren kontra…eta geroztik isiltasuna! Horrenbesteko dimentsioa hartu ondoren «afera» kutxatxo batean bildu eta hain bortitz altxatzen ziren ahotsak isildu dira.
Haatik, «afera»z asko idatzi da, prentsak ez du jakin neutraltasuna atxikitzen, denetarik entzun da: haur bahiketa, organo trafikoa eta pedofilia sareak elikatzeko bahiketak, amateurismoa, neo-kolonialismoa ( esklaboen garaian bezala, hortzak begiratzen dituzte, nola ba, ez ote zen haurren adina ziurtatzeko egin beharreko analisia medikala?), manipulazioa ( Darfourreko haurrak salbatzera joaten zirela sinetsarazi nahi izan dute baina Tchadeko haurrak ziren, errefuxiatu politiko estatutua galdeginen zutela sinetsarazi nahi izan dute, baina adopziorako trafikoa zen, familiak gaizkile hauen biktimak izan dira, sekta horren guruek manipulatu dituzte…).
Bai, haste hastetik prentsak jarrera argia azaldu du, egitatearen bila joan ordez, ahots, bertsio guziak entzuteko aukera eskaini ordez, sentsazionalismoaren alde egin du, erraztasunaren alde, afektiboaren alde.
Alderdi guziak entzun ordez, bakar baten alde egin du, iritzi publikoarengan eraginez, edozer gauza kontatuz gehiago saltzeko, informazioak desbideratuz edota sinpleki, iritzi bat eraikiz informazio guziak eskuetan ukan gabe.
Prentsak borroka irabazi du. Iritzia formatatu du, uniformizatu. Auzi honetan, protagonista nagusien ahotsa isilarazi da, nahitara. Publikoak informazio partziala eskuratu du, baina inor baino hobe gertatu denaren nondik norakoak menperatzen ditu. Haatik, funtsezko elementuak eskas ditu: protagonisten ikuspuntua.
Harriduraz hartzen dut eskuin eta ezker entzundako oharrak, askok, bat egiten baitute iritzi formatatu horrekin. Izan ere, Euskal herritarrak prentsaren jarreraz ohitura handia dugu. Euskal Herriko gertakarien inguruan daramaten politika, desinformazioa, intoxikazioa, mito eraikuntza hurbiletik bizi eta jasaten dugu.
Berez, prentsak informazioa tratatzeko duen moldeaz mesfidatzen badakigu, diskurtso ofizialetaz ez gara fidatzen…Baina, badirudi gai horrek salbuespen egoera sortzen duela, gure begirada zorrotza itsu gelditu dela eta, larriena, bertsio ofizialarekin bat egin dugula, benetako manipulazioaren jatorria kontuan hartu gabe, distantziarik hartu gabe.
Argi da, Arche de Zoéko «afera»ri doakionez ez gara neutro. Denek dugu iritzi edo aurreiritzi bat, denek dakigu ondokoa baino hobe zein diren ekintza horren nondik norakoak, ez gaitezke insentsible gelditu.
Haatik, gertaerak ez dira hain sinple. Zer dakigu erakunde horren benetako motibazioetaz? Baliabideetaz? Erakundea eta Frantses gobernamenduaren arteko harremanetaz? Nola esplikatu haurrei harrera egin behar zieten 250 familietatik 15 batek soilik auzibideak ireki dituztela? Baina zer dakigu Darfourreko gerlaz? Aurretik interesa pizten ote zuen gai horrek? Zer dakigu Frantziak Afrikan daraman politikaz? Negoziaketetaz? Ba ote dakigu Gobernuz Kanpoko Erakunde nagusiek herritarren diru laguntzak nola erabiltzen dituzten? Larrialdi egoeretan igortzen diren ekipak hiru izarretako hoteletan aterbetuak direla? Totalek diruztatzen duela Gurutze Gorria?
Arrazoi guzi hauengatik, Gatuzain argitaletxearen ausardia eskertu nahi nuke. Izan ere, berrikitan Emilie Lelouchen liburua aurkeztu du, “Nés pour mourir?” eztabaidak sortuko zituela jabeturik.
Ausardia bai, batetik, gai polemiko honi oihartzuna emateagatik, berritz ere isilarazi nahi den ahots bati askatasunez adierazteko aukera eskaintzeagatik. Bestetik, beste argitaletxeen epeltasuna, zentsuraren aurrean erantzuten jakin duelako, arriskuak, ondorioak asumitzen jakin duelako, «politikoki zuzenaren» kontra altxatzen jakin duelako. Azken batean, bere papera bete du, bere ardurak asumitu ditu. Gai kalapitasua, aurreiritziz betea…
Horretaz, «aferak» hartu duen dimentsioak guztiz estali du, begi bistaz galdu du funtsezko arazoa: Darfourreko gerla. Prentsak erakundearen protagonistetaz luze eta zabal idatzi badu, Darfourrek eta Darfourreko umezurtzak gerla eta exakzio izugarrien biktimak direla ez da agerian eman. Anitzaz interesanteagoa da «bahitzaile» «pedofilio» batzuen perfila egitea, hitzetatik ekintzetara pasa diren horiek zikintzea…Baina, Darfourren gerlak jarraitzen du, herioak, bortxaketak, miseriak…nor axolatzen da? Gobernuak? Diktaduren jokoa egiten duten Gobernuz Kanpoko Erakundeak? Nork entzuten du herri oso baten heriotza? Denak, itsu, gor eta mutu gelditzen direnean, zein da aterabidea? Indiferentzia?
















