Noiz izango da une egokia eskubideak aitortzeko?

Ione Josie

Argitaratua: 2008-07-25 17:14:42

Frantziako Konstituzioaren aldaketarekin batera, Frantziako Asanbladan, Senatuan eta azkenik Kongresuan hizkuntza gutxiagotuen ezagupenaren inguruko eztabaidaren segidak, Konstituzioaren 75. artikuluan,“hizkuntza erregionalak Frantziako ondare”-tzat onartzeak, hau da, hizkuntza gutxiagotuen aipua eranstea ekarri du, baina ez legez, baizik eta Frantziako ondare gisa.

Haatik, zuhurtziaz jokatu behar dugu, horrelako artikulu bat eransteak ez du eragin handirik ukango, euskara ofiziala izatera iristeko lehen urratsa bigarren artikulua aldatzea baita. Izan ere, bigarren artikulua indarrean gelditzen den neurrian, frantsesak segituko du frantses Errepublikaren legezko hizkuntza bakarra izaten eta frantses hiztunek soilik hizkuntz eskubideen jabe. Artikulu honen bozketak ez du eskubide berririk sortuko eta horrela azpimarratu dute diputatu eta senatariek berek, hau da, Kongresuan bozkatzerakoan, artikuluak ez duela inongo aldaketarik eraginen aitortu dute.

Kontua da, berezko hizkuntza komunitateetako hiztunek eskubidea dutela hizkuntza eremu publikoan eta pribatuan erabiltzeko, hizkuntza eskubideak oinarrizko eskubideak diren neurrian eta Frantziak aitortu nahi ez badizkigu ere, giza eskubide unibertsalak dira, uka ezinak!

Egia bada, Frantziako hizkuntza gutxiagotuen inguruko eztabaida eraman duela, eta lehen aldikotz bere historian, hizkuntza hauen aipamena Konstituzioan onartzen dela, ofizialak ez diren heinean, nola errespetarazi, nola babestu gure eskubideak? Zer bide juridiko ireki daiteke eskubiderik ez dagoenean?. Horretarako ezinbestekoa da euskarari dagokion estatusa esleitzea.

Horren harira, maiatzean NBEtako Eskubide Ekonomiko, Sozial eta Kulturalen Batzordeak Frantziako estatuari jarrera aldatzeko eskaera irmoa egin zion, ‘berdintasun’ printzipioa bereizkeria, diskriminazioa ekarri duela salatuz, eskubide kolektiboen eta gutxiengoen aitorpenaren beharra agerian utziz. Ez ote dio Frantziako Asanbladak gomendio horiei erreparatu behar? Zein zilegitasun du Frantziak NBEko gomendioei muzin egiteko?
Bestalde, zer esan nahi du gure hizkuntzak ondare gisa kontsideratzea? Museoetako objektuak ote dira? Gure hizkuntzak bizirik daude, ez dira museoetan biltzekoak, ez dira hizkuntza hilak, baina babestu eta ezagutu nahi ez direnean, heriora kondenatzen dira.

Ondare gisa onartzeak, praktikan, ez dio ezer ekartzen euskarari, ez ditu hizkuntza eskubideak aitortzen, eta ez die hiztunei hizkuntza baliatzeko berdintasuna bermatzen. Betebeharrak betetzen dituzten herritarren eskubideez ari gara eta hortaz, Konstituzioari bestelako aldaketa bat egin behar zaio. Herritarrek betebeharrak dituzte baina eskubiderik ez?

Euskarak estatus ofiziala behar du, baina ez bakarrik, berezkoa, lehentasunezkoa eta ezagutu beharrekoa ere izan behar da, horrek bakarrik ahalbidetuko baitu hizkuntza eskubideen aitortza eta ondorioz, horien bermerako mekanismo juridiko-administratibo zein hizkuntza politika eraginkorrak abian jartzea.

Euskara normalizatzea eskubidezkoa da eta horretarako Konstituzioari egin nahi zaion aldaketatik harago joan behar da euskararen estatusa frantsesak duenarekin berdinduz. Estatus egokiaz haratago, babes juridikoa ere behar da eta normalizaziora eramango gaituen hizkuntza-politika eraginkorra!


Komentarioak

icon

Luis Trincado

2008-10-29

Aupa Ione, besarkada oso bero bat zuretzat. Caracas tik bihotz bihotzez. Zer berri zure ama ta aitaren etxean? Hor, lau haizetan?
Luis Trincado.

icon

ione Josié

2008-11-21

Luis,
Oraintxe ikusi dut zure mezua. Etxean dena ongi doa, aita erretretan, ama lanean...Zu nola zaude? Caracasen?

Laster arte!

ione

Komentarioa idatzi