Aitzinatze politikoak lortu

Ixabel Etxeberria

Argitaratua: 2011-10-22 16:03:27

Piarres Larzabal bigarren gerlako erresistentziako komandantea zen. Terrorista deitu zuten, Erresistentziako partaide zelako. Euskal militanteak Hegoaldetik iristen ikusi zituelarik, ezagutu zituen, eramaten zuten borroka ezagutu zuen. Haiek bezala herria maite zuen, haiekin maitasun horri hitz berri batzuk gehitzen hasi zen. Euskal Herriaren askatasunaren aldeko borrokan sartu zen bera ere, merezi zuelako. Asko etorri dira, abertzale izateagatik etxetik ihes egin behar zen. Nafarroaren konkistatik horrela gabiltza euskaldunok, jarri ziguten muga hori iragaiten dugu alde batetik bestera, egoeraren araberan, beti herri hau biziarazi nahian.

Urte haietatik hemen ez dugu inoiz ETAren bortizkeriarik jasan. ETAkez du inoiz atentaturik egin, ez Ipar Euskal Herrian, ez eta frantses estatuan. Beren burua defenditzeko gertakari tragikoak izan dira, inoiz bilatuak zirelarik. Alta, ipar Euskal Herrian hiru talde armatu ezagutu ditugu, atentatuak izan dira, ETArenak ez dira izan. Ondorioz, erraten ahal da ETAren bortizkeria zuzenik ez dugula ezagutu.

Hegoaldeko militante asko ezagutu ditugu, lan asko egin dute euskaltasunaren alde hemen, eskertzekoak dira. Asko lagundu ditugu ere, etxeetan aterpetu ditugu, anaiak direlako, herri hau maite dugulako. Batzuk hemen gelditu dira, asko itzuli dira, herria aberastu dute.

ETAren bortizkeria ez dugu jasan, bai aldiz frantses eta espainol bortizkeria sufritu dugu. Gu ginen karriketan, ostatuetan GALek edo eskuin muturreko beste taldeek atentatuak egiten zituztelarik. Estatuen babesarekin. Atentatu asko ez dira epaituak izan, ez dago errudunik. Estatuek hobestu dituzte.

Bidarraiko atentatuan hamasei urteko neskatxa hil zuten haren osabarekin. Publikok jarri al du zerrendan? Eremu txiki honetan mertzenarioek bi estaturen azpiegitura baliatu zuten, frantses epaitegien babesarekin, GALekoak libratzen zituzten berehala. Noiz eginen da justizia horren inguruan? Ala horrek memoriarik ez al du merezi?

Jaunttoen jarreraz oroitzen naiz, egiten ziren protestaldien aurrean guri botatzen ziguten errua, eskuak garbitzen zituzten. Estradizioen garaian, kanporatze garaian poiliziaz lepo ziren karrikak. Jipoitzeak komisaldegietan, presondegietan, atxiloketa bortitzak, hau dena frantses estatuaren babespean.

Neurriz kanpoko presondegi zigorrak, behar zituzten tresna guztiak sortu dituzte euskal erresistentziaren kontra. Gaur egun oraindik Filipe Bidartek herrian bizitzeko eskubiderik ez dauka, eta hemen sortutako haur askoren burasoek Ipar Euskal Herrian bizitzeko eskubiderik ez daukate.

Jaunttoek lortu dute sinestaraztea kanpoko arazoa zela? Neurri batean. Euskal Herriaren aldeko kontzientzia indartu dute denbora berean, martxan jarri zuten asimilazio politika lorpenak izan ditu baina iratzartzea hor dago, bizirik gazteen baitan.

Pierre Joxe ikusi dugu Donostian eta hau pozgarria da, hau izan baita abertzaleen kontrako errepresio eramaile jarraiki bat. Politikari gisa heldu zaigu bake prozesua babesten. Poztekoa da. Hala ere, Frantziak ez du azken urteetan bakeari buruz jarrera oso argia.

Azken urteetan Frantziak kolonizazio espiritu berpiztu du eta gerla antolatu. Libiaren kontrako erasoan partaide osoa da. Haatik, Frantziak ez du prozesu horretatik kanpo gelditu nahi, barnetik zer sukaldatzen den nahiago du jakin. Parisek ez du arriskurik hartzen, ez da kanpo gelditzen, Parisentzat garrantzitsuena da estatuaren batasunaren zaintzea. Una, grande y libre, frantsesez ere esaten da!

Ipar Euskal Herrian, Parisek politika nola eraman berraztertu behar du. Izan ere, bake prozesua bai, baina Bildu fenomenoak estatua galdezkatzen du. Ipar Euskal Herriko jaunttoak galdezkatu dituen bezala.

Donostian zeudenen artean ipar Euskal Herriko hautetsiak zeuden, ez dute gatazka ukatzen, Espagnac senatari berria hor zegoen, Hollandengandik hurbil dena, dudarik gabe Parisera deituko dutena sozialistek poderea hartzen badute datorren urtean. UMP ez dago forman gure eskualdean eta zentristak, Lasserre buru, nahiko idekiak agertzen dira elkarrizketarako eta presoekiko ere. Hau da berria, hautetsiek hitz berri batzuk dituztela. Hitz berriak baina sakontasun gutxirekin, Jon Anzaren kasua mahai gainean delarik oraindik.

Ez dago hitz zehatzik euskal gatazkaren inguruan Ipar Euskal Herrian. Hitz zehatza behar ditugu aurrera joateko. Hau da abertzaleok gogoan izan behar duguna. Bake prozesuari aitzinatze politikoak lotu behar baitzaizkio. Abertzaleok aldarrikapenak argitu behar ditugu. Jauntto batzuek instituzioa baten sortzea onartzen badute, autonomia da gutxienik aldarrikatu behar duguna. Nazioarte mailan gure nazio gisa bizitzeko nahia aitortu badute, nazioarteko legediak tresnak eskaintzen dizkigu independentziarako bidean. Autonomia da behar duguna, gutxienekoa da.


Komentarioak

icon

Joanes

2011-10-27

Euskal Herri osoan bi indar abertzale egin beharko genituzke: EAJ eta Ezker Abertzalea, eta bien artean jokatu Herri hau independentziara eramaiteko. Horrela izanen delakoan nago.

Komentarioa idatzi