Ametsa egia bihurtzeko

Ixabel Etxeberria

Argitaratua: 2011-10-03 11:17:06

Ez da senatari euskaldunik izanen. Hemendik UMPko senataririk ere ez. Azken hau berri ona da, alderdiari irudia gaiztotzen baitio gurean. Pozgarria izan da UMP alderdia hunkitua izatea, baina beste aukera batzuk izanen ditu hortzak erakusteko. Zentristak azkar direla, ongi sustraituak, ikusi dugu, EAJrekin lehian izanen dira ondoko urteetan, EAJk hauteskunde guztietan izateko aukera egin baitu, aldi oro ezker abertzalearengandik gehiago bereizten delarik.

Sozialisten alderdikeria agerian gelditu da, aitzinetik egindako akordioek ez dute balio horrelako hauteskundeetan, abertzaleoi ez digute errespeturik eta gisa guztiz akordio horiek politikaz irudi nahiko kaskarra ematen dute. Gure presentzia azkartu beharko dugu oraindik alderdi horiek gurekin konta dezaten nahi badugu.

Estatu mailako problematikak, interes pertsonalak, abertzaleekin aipa lezaketen akordioak baino lehen jartzen dituzte. Horientzat oraindik bigarren mailako kezka gara. Sozialisten jarrerak zalantza sortzen du, haatik, datozen herri hauteskundeei begira, zenbait herritan, bigarren itzulian sozialistekin aurkeztea aurreikusten baita. Eginahalak egin beharko dira abertzale gisa emaitza onak ateratzeko lehen itzulian. Sozialista hauek ez dira fidagarriak! Eta abertzaleak inozenteak?

Miriam Kanpos eta Xabier Alegria izan ditugu gogoan Iruņean, Udalbiltzako amets hura aipatzean. Lau urteko ibilbidea, jo ta ke lanean, eta zortzi urteko auzia, denak zurituak izateko eta instituzioa bera libratzeko. Udalbiltza altxatzen aritu diren horiei beste delituak aurkitu dizkiete eta oraindik gatibu dituzte, hain erraza zaie delituak asmatzea euskaldunak preso sartzeko!

Han ginen hautetsi zahar asko, iragana gogoratzeko eta geroaren bultzatzeko. Hau baitzen helburua, hasitakoari jarraipena ematea, hau baita garrantzitsuena. Zafraldi ederrak jasan eta gero, hor zeuden guztiak, lanean jarraitzen baitute eta gogoa eta indarrak berriturik heldu dira. Gainera, jende berriaren erakartzeko gaitasuna bizi-bizirik agerian dago.

Dominique Agergarai xiberotarrak zazpi lurraldeen arteko loturen garrantzia azpimarratu digu, Euskal Herri zati hori Biarnori lotzen ahalegintzeko lanak hor daudelako. Horri aurre egin behar diogu, hautetsien engaiamendua behar dugu, hautetsi abertzaleek ardura dugu, baina herri guztiari doakio indarrak egitea. Herria urrats txiki askoz eraikitzen baitugu.

Azken aste hauetan esperantza handitzen ari da, batzuk lan handia egiten ari baitira, bide bat izekitzen dute, ez diegu huts egin behar, dena egiteko gelditzen baita independentzia lortzeko eta herri independente gisa bizitzeko. Zortziehun militante goaitatzen ditugu, erbesteratu gehiago bultzaka aritzeko. Bestalde, ea Hegoaldeko gazteak Ipar Euskal Herrira hurbiltzen diren, ez egoera politikoarengatik libratzeko, baizik eta lan egiteko, bizitzeko. Frantzia iparraldetik gazteak etortzen dira lan egitera, Hegoaldetik oso jende gutxi, denetan entzuten delarik Hegoaldeko langabezia tasa handia dela. Betiko ohiturak aldatu beharko dira.

Udalbiltzaren berpizteko deia luzatu digute auzipetuek, erronka ederra da, herri gisa ekiteko, ametsa egia bihurtzeko.


Komentarioak

icon

Edurne Goia

2011-10-03

Ametsa, jadanik, egia bilakatzen ari zaigu. Etorkizuna egunez egun irabazten ari gara. Oraingo egoera abiapuntua da, abiapuntua gero aske baterako.

icon

Joseba Aurkenerena

2011-10-03

Dominika Agergaraik arrazoia du. Zuberoan sekulako arriskua daukagu euskaldunok. Frantses nahikeria litzateke herrialde hori guztiz frantsestea eta Biarnorekin lotu, mendeetako kolonizazioa burutzeko.
Udalbiltza berpiztea ongi legoke. Alde batetik Euskal Herria kohesionatzeko balioko zuelako, eta bestaldetik, egoera txarrean diren herriak edota eskualdeak laguntzeko arras baliagarria izanen litzaigukeelako.

Zazpi herrialdeetako hautetsiek dute hitza.

icon

Irene Olondrix

2011-10-10

Askatasunezko gero oparoa oraingo bidetik etorriko zaigu.
Euskaldunok ongi ari gara jokatzen, gure nortasunarekin bat datorren estrategian.
Bortitzak beraiek dira, gu askatasuna amesten dugun bakezaleak. Eta irabaziko dugu!

Komentarioa idatzi