Amnistia!
Ixabel Etxeberria
Frantses estatuko Presidentziarako hauteskundeak heldu direla eta, duela hogeita hamar urteko hauteskunde beraren inguruko giroaren aipatzearekin zonbait gogoeta egitea interesgarria izan daiteke.
Azken aste hauetan, euskal gatazkeran konponbiderako mobilizazioetan, abertzaleen ondoan frantses alderditako kideak ikusi ditugu. Poztu gara, hauetarik batzuk aspalditik ez baikenituen ikusi abertzaleen ondoan. Alderantziz, hamarkada batzuetan, arerio, etsai izan ditugu, abertzaleen kontra ekintzaile izan baitira.
Alderdi sozialistako kideak aipatzen ditugu noski. Horrela, senatari bat, kontseilari orokor bat, baita ere departamenduko kontseiluko buruaren konponbidearen aldeko adierazpenak irakurri ditugu. Sozialistek agintea izan dute eta ezkerreko politika eramatea baztertu dute, liberalismoaren alde egin dute, ezkerrari botoa ematen zioten asko nazkatu dituzte.
Horrela, datozen hauteskundeetan askori kostatuko zaio ezkerreko hautagaiari irabaztea, frantziako herritarrei iruzur egin ziotelako, besteak beste eskuin muturrari ateak zabalduz. Urtetan, agintean zeudelarik, euskal militanteen estradizioak izenpetu zituzten sozialistak, Poporen desagerketa estali zuten, GALeko ekintzak babestu zituzten. Orai, Baionan abertzaleekin manifestaldian parte hartzen, Aurorekin hitz egiten, pozgarria da, sozialisten zintzotasunean sinestea kostatzen bada ere.
Haatik, duela hogeita hamar urte, 1981eko hauteskundeen bezperan, ezkerraren inguruan benetako esperantza piztua zen, Mitterrandek irabazi zuelarik egiazko urratsa eginen zela uste zen.
Beste aldarrikapenen artean, errefuxiatu politikoaren estatutua zegoen Hegoaldetik etortzen zirenentzat, hau 1979an Giscard d'Estaing presidenteak kendu baitzuen. Bestalde, Miterrandek euskal departamendua agindu zuen, hizkuntz eta kultur guttituen erakaskuntza eta errespetua ere. Tokiko hautetsi sozialistak ikusten genituen, batzuetan antolatzaile gisa parte hartzen zuten errefuxiatuen alde, extradizioen kontrako manifestaldietan. Horrez gain, 1981an preso politikoak zeuden frantses presondegietan, epaitegi berezia ( Cours de Sureté de l'Etat) zegoen delitu politikoen epaitzeko, kortsikarrak, Bretoiak, euskaldunak, Action Directe-ko militanteak zeuden preso, batzuek kondena luzeekin, Bretoi batzuek, Versaillesko jauregian jarritako lehergailuengatik, hemezortzi urteko zigorrak zituzten. Bestalde, atxilotze prozeduretan, sei egunez atxikitzen zituzten militanteak, galdezketen egiteko.
Salbuespen legedia horren desegitea agindu zuen Miterrandek, horrek ondorioztatzen ahal zuen preso politiko guztiak aterako zirela. Hau espero genuen behintzat, alegia agintera heldu eta berehala, ondoko asteetan, amnistia legea bozkatuko zela frantses parlamentuan.
Horrela gertatu zen, Mitterranden 110 aginduetan errana zen bezala, salbuespen legedia bertan behera gelditu zen, Badinter abokatuaren lan ildotik, ministro egin baitzuten. Badinter euskal preso politiko batzuen defentsan aritutako abokatua zen, besteak beste Apaolaza eta Goikoetxearen aurkako epaiketan.
Badinterrek legedi berezia desegin zuen eta amnistiarako legea prestatu zuen. Lege hori 1981eko abuztuan bozkatu zuen, baina dagoeneko maiatzaren hamarretik sekulako esperantza piztu zuen presondegi guztietan, ez baitzen soilik amnistia politikoa goaitatzen, sozialek ere beren zigorren gutxitzea ere esperantza baitzuten.
Amnistiarako legearekin, amnistiarako lege bat bozkatzen baitzen presidente berria hautatu ondotik Frantzian, preso politiko guztiak atera ziren, delitu guztiak barkatuak izan ziren. Legean azpimarratzen zen odol delituak ez zirela barkatzen, baina denak atera ziren.
Preso sozialen kondenetan ere zigor txikitzeak ere izan ziren eta bestalde, isunak, errepide eta trafikoko delitu simple batzuk barkatu ziren. Barkatu hitza ez da dudarik gabe egokiena, hobe litzateke lege horren bidez gizarteak eskaten zuen kontu ezabaketa bat izan zela eskuinak eramandako errepresio itsuaren aurrean, gizarteak askatasun eremu berreskuratzea eskatzen zuela.
Sozialistek agindutako guztia bete ez bazuten ere, amnistiaren legeak preso politiko guztiak askatu zituen. Gizarteak hori eskatzen zuen, erabakiak ez zuen zalanzarik sortu, prentsak ez zuen zalapartarik zabaldu delitu batzuk larriak baziren ere. Estatuak ez zuen mendekurik behar zutik egoteko. Gizarte barneko konfliktoen konpontzeko gaitasuna sentitzen zuen.
Gaur egun, frantses eta espainol estatuek, beren propagandarako, beren irudirako, eskuin muturraren presioari plazer egiteko, mendekua beharrezkoa dute, oldartzen denari zigorra betearazi, umiliazioa inposatu. Estatuek gauden egoerak amnistia eskatzen duela badakite, armistizioa hitza ere egokia delarik ere. Bi estatuen egutegi politikoetan presidentziarako hauteskunde garaian gaude, amnistia baten bozkatzeko une egokia.
Guk behintzat errepikatuko dugu amnistia dela konflikto politikoaren konponbidean eman behar den urratsa.
Komentarioak
Andoni.
2012-01-09
Amnistia, horixe da bidea.
Gure preso eta erbesteratuak etxera!
Edurne
2012-01-12
Ados naiz zurekin. Amnistia da afera hau konpontzeko eman beharreko urratsa.
















- 