Asimilazio lanek jarraitzen dute
Ixabel Etxeberria
Lau gazte libratu dituzte eta pozten gara. Presondegitik abertzale bat ateratzen ikusten dugularik horrela da epaitegiek justiziarik ez dutela egiten baitakigu. Justizia ez zaio interesatzen frantes estatuari, imposaketa baizik, nahiz eta neurtuz joaten den. Ematen duen urrats bakoitza neurriz egina da oldartzerik ez eragiteko gisan, injustizia sobera agerian ez uzteko.
Laborantza ganbararen kasua adierazle izan da, ahal bezain urrun eraman dute gaia, uhain gehiegi sortu baino lehen zuhurtzia aski izan du estatuak auziaren gelditzeko. Sekulako indarra xahutu du Laborantza ganbarak bere buruaren defenditzeko. Bitartean indar hori bere garapenean ez zuen jartzen.
Momentuko estatuari ez zaio besterik interesatzen, denbora irabaztea baino. Beste uneak etorriko dira berriz ere erasoaren bultzatzeko, kontuen miaketa baten bitartez adibidez. Sekulako tresnak ditu estatuak gure indarrak sasi baliatzeko, gure garapenerako erabil ez ditzagun. Asimilazio helburua bizirik darrai.
Ia-ia urte bat preso. Bizi guztirako aztarna. Injustizia ikaragarria. Nola ez lotu abertzale eta presondegiratze? Hau dugu ukatuko! Antolatzeko, biltzeko independentziaren alde lan egiteko askatasuna aldarrikatzen dugu, Europar mendebaldean, gure herrian oinarrizko eskubide politikoak sustatzen baititugu.
Indepentziaren alde borroka politikoa eramatea legezkoa baita. Hau du Marie Darrieusseq-ek azpimarratu Liberation aldizkarian. Ez da gertakari arrunta frantses idazle batek euskaldunen alde egitea. Ez da gauza makala independentistei beren ideiei defenditzeko eskubidea ezagutzea frantses egunkari batean. Noski, egia da idazleak Espainako epaitegiek Euskaldunon Egunkariako arduradunak epaitegiek errugabetzea goaitatu duela, baina ausardia eskertzekoa da, askok eta askok ez baitute egiten, alderantziz, frantses prentsan errexki independentziaren aldeko borroka terrorismoari lotzen baita Espainako prentsa interesatua, propagandistikoa errepikatuz. Asimilazioaren kontra lan egin behar da.
Une berezia dugu eta UMPk hauteskunde katearen aurrean mugitzen hasi behar duela ulertu du. Izan ere, ikusi baitute zentristek abertzaleekin urrats batzuk ematen zituzketeela, Bateraren kontsultak kontutan hartu behar diren emaitzak ekarri baititu. Hari horretatik helduz baliteke beste antolaketa politiko batzuk sortzea, UMPk ezin du bazterrean gelditu. Mugitzen hasia da.
Tokiko politikoek izigarrizko abilezia dute publikoaren nahasteko aurrean dauzkaten problematikak ainitzak baitira, eta UMPk agintean egon nahi duenez jarrera desberdinak hartzen ditu, zernahi gerta ere, hauteskundeetan garaile ateratzeko gisan. AHTren kasua nahiko adierazgarri agertzen zaigu, Max Brisson eta Daniel Poulou AHTren alde agertzen dira baina MAMek eta Michel Hiriartek dagoen bidearen erabilpena aipatzen dute.
Bakoitzak lurraldearen kudeaketaren aurrean jarrera desberdina plazaratzen du nahiz eta alderdi berekoak izan. Euskararen gaian Brissonek dio ahaleginak egin behar direla euskararen defenditzeko. MAMek ez du inoiz horrelako jarrerarik erakutsi.
Brissonek euskararen aldeko jarrera erakusten du, abertzaleen bozak lagungarri izan baitaitezke postu batzuen lortzeko. Agintariek arrabots handia egiten dute euskal kulturaren inguruan baina praktikan emaitza eskasak gelditzen dira. Euskal kostaldeko Herri Elkargoan kultur eremuan dugun antolaketan euskal kulturarekiko ezagutza eza nabarmen gelditzen da.
Izan ere, gure dirua kudeatzen dutelarik, kultur arduradun den hautetsia ez da euskalduna eta euskal kultura ez du ezagutzen. Bestalde sail horretaz arduratzen den teknikaria ere ez da euskalduna. Euskal kulturaren bultzatzeko gaitasunaz zalantzak izateko aukera handia bada. Euskal kultura ez baita bigarren mailakoa eta horretaz gaurko hautetsiak ez dira jabetzen, ez jabetu nahi ere.
Euskaldunak lehen mailako herritarrak gara, alegia besteak bezalakoak, plaza publikoan gure kulturaren aldeko bultzada eta indartzea aldarrikatzen dugu, behar diren medio eta diruarekin. Gure diruarekin ari dira gure asimilazioa azkartzen.
Estatuak ordezkari lehialak ditu, ardurak galtzen lagundu behar ditugu asimilazioaren gelditzeko.
















