Balia dezagun aukera!
Ixabel Etxeberria
Ematen du gobernuan den hemengo herritarrek hautatutako hautetsiak ez duela inoiz bukatuko demokraziaz duen ikuspuntu negargarria plazaratzen. Internetenn ikus daitekeen bideoan jakiten dugu nola Saintes-ko suprefeta Bruno Guigues kanporatu duen prentsa plazaratutako artikulu batengatik. Honek Israelgo Gobernuaren politika salatzen zuen erranez eskolatik ateratzen ziren neska txikiak hiltzeko sniperrak igortzen zituen gobernu bakarra zela. Bakarra non erlijioarengatik torturatzea gelditzen den xabat delarik. "Proche-Orient, la guerre des mots" idatzia du suprefetak eta bertan Palestinaren egoera aztertzen du eta Israelen politika sionista erakusten du. Ez da orduko Barne Ministroaren gustukoa izan eta honek berehala erreakzionatu zuen zigorra erabakiz.
Horrez gain, Tunisiako gertakari larrien une honetan, Pariseko diputatu guztien aurrean, gaur egun Kanpoko Arazoetako ministro den ziburutarrak Tunisiako gobernuari frantses gobernuaren laguntza proposatu dio, jadanik hamarnako hil daudelarik, Tunisiako poliziak manifestaldien kontra tiroz ari delarik! Manifestarien kontra tiroz erantzun du hango Gobernuak. Frantziak autoritarismoari, diktadore bati eskaini dio laguntza, frantses diputatuen aurrean! Proposamen ofiziala, testua irakurri baitu, alegia aitzinetik prestatua zuela.
Gaur, lehen frantsesa hila gertatu da Tunisian gertatutako manifestaldietan, Compiegneko unibertsitatean irakasle, familiaren ikustera joana zen. Liburutegi batetik ateratzen omen zen, lurrean, hiltzen ari erakusten dute irudietan. Zer erranen du ministroak? Manifestariak hiltzeko « munduan zehar ezagututako gaitasuna » eskainiko dio oraindik andereak Tunisiako presidenteari?
Lerratze ikaragarria, frantses estatuaren lerratze ofiziala, asumitua, autoritarismora garamatzan lerratzea, hurbildik hunkitzen gaituena, guregana ere heldu baita.
« Le chène » deitzen da ministroaren sostengu elkartea, eta horren presidentea gure artean bizi da, ezin da pentsatu horrek eraginik ez duela hemengo politikan!
Gertakari larri horiek, zentsura ofiziala eta hiltzaileei babesa, oroitarazi behar digu Ipar Euskal Herriko hautetsi gehienak politika horri lotuak daudela eta honek ez duela inondik ere konponbiderik ekartzen, honek ez digu inondik ere erantzunik ekarriko egiten ditugun aldarrikapenei.
Azken bi atxiloketek nazka ematen dute, hau ez da politika noski, baina gazte bat atxilotzea, bizi arrunta egiten duelarik, eta nazkagarriagoa haren neska laguna torturatzaileen esku eramana ikustea! Iluntasun latz batez inguratzen gaitu. Baitakigu biek ez dutela inongo deliturik egin, une bati erantzun mediatikoa baizik ez dela!
Gure eskutik etorriko da aldaketa, gure kemenetik, aitzineko garaietan izan den baino azkarragoa izan behar dena, eman diren azken urratsek ate bat baizik ez baitute idekitzen, aukera da, huts egin behar ez duguna, beste gero bat nahi baitugu, ez baitiegu gure haurren eramateko errextasunik eskaini nahi.
Ahal dugun guztia egin behar dugu, denek, gauden tokian, proiektu abertzaleak bultzatzeko, zubiak sortzeko. Autodeterminazioa dugu helburu, herritarrek entzun behar dute gure aldarrikapena, hau manera askotan deklinatu daiteke jendarteko eremu guztietan, baina aldarria bera da, etxea behar dugu gela askorekin, denek, ikuspuntu desberdinek garatzeko tokia ukan dezaten.
Komentarioak
Edurne Hiriart
2011-01-22
Aukera balia dezagun eta irabaz dezagun behin betikoz.
Xalbat
2011-01-22
balia ditzagun aukera guziak denak den denak batera segur naiz irabaz dezakegu.
Gora gu ta gutarrak!
















- 