Batzuek badakite !

Ixabel Etxeberria

Argitaratua: 2009-09-25 13:24:14

Gaita egunak iragan dira entzule eta ikusle guztien plazerrarendako. Eguraldi gora-beheratsua baina froga handia euskal kulturak bizitzeko nahikeria duela eta proposamen gozoak badituela geroari begira, lan eginez, karrikaz alaituz eta eremu berriak ezagutaraziz. Horrela, Nafarroako kortean entzuten ziren doinuak ere aurkeztuak izan ziren !

Horrez gain, Donibane Lohitzunen joan den larunbat arratsaldean bi mila jende elkartu ziren Jon Anzaren desagerketa salatzeko. Jon desagertu zen unean Barne ministroa zen herriko hautetsi baten herria. Gaur Justizia ministroa da, baina besteek hedatutako zurrumurruak errepikatzea baizik beste lanik hartu ez duena. Alegia deusik ez dakiela. Alegia ezintasunean dagoela. Nola ulertu maila horretako tokiko hautetsiak besterik ez duela eginen abertzaletasunaren aurkako borrokan bete betean sartua dela ondorioztatu gabe ?

Asteleheneko, manifestaldiaren denboran itsatsitako autokolanta guztiak kenduak izan ziren. Garbitasuna kezkarengatik, edo simpleki Jonen aurpegia ezabatu nahi dutelako. Ba al da mespretsu handiagorik, politikarengatik, gatazka batengatik desagertutako militante baten aldarrikapena ukatzea ?

Joan den astean filma bat erakutsi ziguten frantses telebistan, Bousquet jaunaren bizia kontatuz. Bousquet prefeta izan zen bigarren gerlan, Vichy-ko gobernuaren prefeta. Gerla bukatu eta, honek egindako lana epaitu zuten eta ez zitzaion deus leporatu Bousquet-ri eta bere bizia egiten jarraitu zuen. Ondoren, Mitterand presidentearen laguntza eta babesa izan zuen.

Denek bazekiten Bousquet-k antolatzen zituela juduen atxiloketak heriotz kanpamentuetara joaten ziren trenen betetzeko. Noiz behinka, bakar batzuk salbatzen zituen bere buruaren zuritzeko, aitzaki gisa sekulan kontuak eskatzen bazizkioten. Ez da horretaz, egin duenaz, zazpi mila haur aipatzen dira, sekulan damutu, ez du sekulan horretaz zigorrik jaso. Frantses estatuaren babesa izan du, administrazioaren babesa, teknokraten babesa, alegia errepresio mailan funzionarioek betetzen duten lana ad vitam eternam zuzena dela alegia.

Ikusmolde honek berdin jarraitzen du eta jende mota bat babestu behar bada legea aldatuko da, beste batzuk aldiz kriminalizatu nahi badira lege berriak sotuko dira. Hau gaur egun egiten da inolako trabarik gabe. Denborarekin Bousque-k egin zuena onartezina ematen du, nahiko hipokrita gertatzen da ikusiz gaur egungo aktualitatea..

Estatu Batuetako CIAk militanteak bahitu eta beste herri batzuetara eraman zituztela plazaratu zen. Alta Estatu Batuetako zerbitzu sekretuak oso azkarrak dira, baina ezin izan zuten gorde. Estatu frantseseko lurretan lau euskaldun, denak militante politikoak, lau militante desagertu dira eta ez da geroztik deus jakin. Ikaragarria da frantses estatuak maila horretan duen indarra, indar maltzurra, iluna, batere eredugarria. Batzuek badakite, Bousquet-en historia ez da kasualitatea, frantses estatuaren ibilmoldearen emaitza baizik, gaur egun bezala.


Komentarioak

Komentarioa idatzi